Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatiba

Subiranotasuna globalizazio garaian

Herrialde bakoitzaren barnean erresistentziak subiranotasunaren alorrean ematen ari dira batez ere: zorraren inguruko eztabaida, euroarena, ongizatearen estatuaren defentsa... Ez da txarra, benetako lubakiak sortzeko gai baldin bagara.

Estatu kapitalista, estatu nazionala, estatu burgesa (hiru izen eta izaera bakarra); bakoitzak bere ñabardura guztiekin baina aldi berean sustrai komunekin, beti izan ditu gabezi nabarmenak demokraziaren ikuspuntutik, oligarkia dominatzaileen zerbitzurako sorturiko tramankulu konplexua baita. Horregatik beti izan ditu, Janos jainkoak bezala, bi aurpegi (makila edo azenarioa) indar harremanen arabera bata edo bestea nabarmentzen zirenak. Adibide bezala dugu Espainiako estatua diktatura garaikoa eta gaur egunekoa zenbait gauzetan desberdin eta bestean antzeko parezido.

Jakina da ere, globalizazio neoliberalak mugak jarri dizkiela estatu «nazionalen» ahalmenei (Greziari gertatu zaiona da adibiderik garbiena). Muga horiek nabarmendu egin dira krisi ekonomikoaren garaiotan; merkatua erregulatzeko orduan (bere zerbitzuan hala ere), inoiz baino behartu baitute merkatu librearen aginduak betetzera, horien zerbitzuko instituzioen erabakien arabera hain zuzen. Guzti horrek areagotu ditu bere gabezi demokratikoak, estatu modernoaren oinarritzat hartu izan direnak: hiritartasuna, burujabetza herrikoia eta abar.

Dena den, Estatu-nazionalak burujabetzari dagokionez jasan duen higadura nabarmena bada ere, oraindik, estatu-nazionala bere lurraldeko herritarren bizitza-baldintzetako ezaugarri garrantzitsuak determinatzen ditu. Klase borrokaren eta konfrontazio guztien, borroka politiko-sozialaren funtsezko espazioa izaten jarraitzen du. Horregatik edozein prozesu eraldatzailearen muinean egon behar den erabaki gunea da. Une mugatua, baina ezinbestekoa.

Beste kontua da, nola maneiatzen dugun marko nazional eta internazionalen elkarrekiko eragina, askapen nazionalaren eta sozialaren artekoa, eta demokrazia eta hiritarren mobilizazio eta auto-antolakuntzaren artekoa. Bistan da, arlo internazionalean izan duela ezkerrak atzerapen handiena, garai batean bere ezaugarria zen internazionalismoa egun kapital transnazionalaren erakunde eta exekutiboen eremu bihurtua. Hortik kontuak.

Burujabetza behar dugu nazio eta herritar gisa. Hor ez dago dudarik. Burujabetza, hau da, gizarteak baliabide politiko legegile nahikoak izan ditzan, aurrebaldintza bat da, bere ondarea administratu eta bere barne gatazkei aurre egiteko. Aurrebaldintza hau gaurkotasun osokoa da, noiz eta merkatuen tirania, kapitalismoaren sektore hegemonikoen zerbitzura dauden instituzioek gauzatua, langile mugimenduaren, feminismoaren, ekologismoaren eta demokraziaren aldeko mugimendu zibilen lorpen historikoak suntsitzen ari denean.

Horregatik, hain zuzen, herrialde bakoitzaren barnean erresistentziak subiranotasunaren alorrean ematen ari dira batez ere: zorraren inguruko eztabaida, euroarena, ongizatearen estatuaren defentsa... Ez da txarra, benetako lubakiak sortzeko gai baldin bagara. Tristea dena da borroka hori ez dagoela ezkerren eta mugimendu sozialen arteko elkartasun ekintza gehiagorekin lotuta, Europa mailako mobilizazio eta helburuetara bideratuz.

Alor horretan oso atzeratuak gaude. Aspaldi da kapitalismoak eta bere instituzio ekonomiko eta politikoek aurrea hartu digutela gerra deklaratuz. Tamaina eta neurri horretako erasoari sendotasunez erantzun ahal izateko, bere burua ezker subiranistatzat duten sektore guztiek izaera subertsiboa eta aniztuna, internazionalista, antikapitalista eta transbertsala izango duen Europa mailako fronte politiko-soziala elkarrekin eraikitzeko ahaleginak egiteko obligazioa dugu, izaera desberdineko mugimenduak elkartuz: ekologismoa, feminismoa, langile mugimendua, askapen nazionalekoak, oinarrizko askatasun demokratikoen defentsakoak.

Oximoron bat litzateke Euskal Herria «burujabea» aldarrikatzea, eta aldi berean (Espainia eta Grezia bezala) Troikaren menpeko Estatu izatearekin konformatzea, «gure» neoliberalek nahi duten bezala. Grezia bere bakardadean utzi izanaren kalteak denok ordainduko ditugu aldez edo moldez.

Horrek ez du esan nahi Estatu propioa dutenen (nahiz izan menpeko, Espainiakoa kasu) eta ez dutenen (Euskal Herria esate baterako) artean ez dagoenik sailkatze eta mailakatze desberdinak (langile gizonezko edo emakumezkoen artean bezala, biek hala biek esplotatuak baina ez maila berean). Estatuen jabe direnak, gutxienez dagozkien baliabideen jabe dira eta estatu gabekoek, hori ere ez. Estatuaren esker batzuk txarrenean ere, burujabetasun  eskasekoa izan arren nazioak izaten jarraitzen dute, gureak bezalako herriak gure hizkuntzaren antzo hutsaren hurrengoak.

Beraz, Euskal Herrirako subiranotasun orokorraren aldeko borroka, Europa guztian gauzatu behar den (espainiar eta frantziar Estatuen mendean dauden herri eta klase guztiak barne) neoliberalismoaren eta beren morroien aurkako frontean txertatu behar dugu, bakoitzak bere eskaera propioak ezarriz. Guretzako askapen nazionala eta soziala (beti ere, genero eta sostengarritsunarekin lotuak) txanpon bereko bi aurpegiak dira, ez gehiago ez gutxiago.

Ez dakit honako hau abesti izatera heltzen den, baina gutxienez borrokarako aldarria izan daiteke.

Buscar