Fito Rodríguez
Idazlea

Sugegorriak pozik

Horrela deitu ohi diete pertsona trafikatzaileei eta horrela daude, gustura, Europar Legebiltzarraren ordezkariek Turkiarekin asilo eskubidea dela-eta adostutako ardatzak ezagutu ondoren.

Jacques Rancierek zioen bezala («Who is the Subject of the Rights of Man?», South Altantic Quarterly, cit., pp. 307-309), giza eskubideak «baliorik gabe geratzen direlarik, errukituek euren jantziekin egiten duten gauza bera egin ohi da: txiroei ematen zaizkie. Orduan, baliogabe diruditen eskubideak atzerrira igortzen dira botika eta jantziekin batera, ez botika, ez jantzi, ez eta eskubiderik ere ez dutenentzat». Baina, halere, eskubide horiek ez dira, berez, husten, aitzitik, gizakion berdintasuna oinarritzen duten neurrian politiko bihurtzen dira eta, ondorioz, egungo gizartea birdefinitzeko baliagarriak suertatzen dira. Horrela, globalizazioak eta etorkinen arazo berriak, estatuen zilegitasun krisialdiak eta merkatuen arautze ezak daukaten esanahi berriez hausnartzeko beta ematen digute, horretaz gogoeta egin beharra dagoelako.

Hasteko, bizitzen ari garen egoeran badirudi eskubide zibil eta politikoak, herritartasuna kasu, gainerako beste giza edota gizarte eskubideak baino eraginkorragoak direla, hau da, gizabanakoek ezin dutela bermatu beren bizi kalitatea estatu propiorik gabe. Bestalde, berez 1948an Nazio Batuen Erakundea osatzen zuen gehiengoak onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, eskubideen arteko zatiezintasuna non geratzen da? Alegia, estaturik ez daukanak ez al du inolako eskubiderik?

Izan ere, gure gizarte ultraliberalean giza eskubideen aldeko ustezko defentsa hiru suposamendu nagusitan oinarritzen da: lehenik, historikoki baldintzatutako ezaugarri kontingenteak funtsezko bihurtu ohi dituen fundamentalismoaren aurka agertu behar izatea; bigarrenik, oinarri-oinarrizko hautatzeko askatasun eskubidearen alde azaltzea; eta azkenik, giza eskubideak aintzat hartuz «boterearen gehiegikeriari» aurre egitea.

Azken garaiotan, ordea, aipatu boterearen gehiegikeria fundamentalista bezain merkantilista izaten ari da ustez Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren defentsan ibili behar lukeen EBren jarrera. Berez, giza eskubideetatik at dagoen jokabidea darama, legez kanpokoak legez kanpo kanporatzen, eta okerrago dena, giza duintasunaren gainetik merkatu legearen baitan pertsonak trukatzen, hain zuzen ere.

Zabaldu ohi denaren aurka, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren oinarria ez baita aurkitzen herri mendebaldarren historian, ekialdean baizik. Alta, Giza Eskubideen iturburuaren bila baldin bagenbiltza, gaurko Siria, Iran eta Irakera jo beharko genuke, esklabotzaren lehen abolizioa estatu horien arteko lurraldean gertatu zelako. Izan ere, orain dela 2.500 urte, Ziro Handia Persiako lehen erregeak Babiloniako esklaboak aske utzi zituen. Bere agintaritzapean, nork bere gustuko erlijioa hautatu ahal zuen eta, arraza-bereizkeria baztertu egin zuen. Eskubide horiek eta beste askok osatzen duten legatua akadieraz eta idazketa kuneiformez iritsi da guganaino.

Gizaki guztion errotiko berdintasunak eta erlijio askatasunak ekarri zuten egungo giza eskubideen aldarrikapena Europara, egun Europak berak baztertu nahi dituen lurraldeetako biztanleak, hain justu ere.

Garai batean inguru hori bereganatzeko erlijioaren inposaketa erabili zuen Europak gurutzadak justifikatzeko eta, orain dela gutxi arte, giza eskubideen defentsa aitzakia gisa erabili ohi du azken esku-hartzeak nahiz inbasioak zuritzeko. Haien ondorioak mendebaldera iristen hasi direlarik, aldiz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin ahantzi omen dira horretaz guztiaz eta asilo eskubidea ez da aipatu ere egiten, ‘errefuxiatu’ hitza desagerrarazten da eta pertsonen trukea indarrean jartzen dute.
 
Aipatu testuaren 13. atala gogoratu beharra al dago?: «Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa. Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberetik ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa».

Eta, bereziki, hurrenez hurren, 14.ak nahiz 15.ak diotenaz oroitzen al gara? «Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea».

«Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere».

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala hitz hutsal bihurtu ditu EBren jokaerak. Berpiztu egin baitute erromatarren Ius Gentium izenekoa; alegia, erromatar herritartasunaz haragoko legea bi motatako gizakien izaera legeztatuz: gizartearena eta jendartearena.

Hemendik aurrera politika ez da izango, beraz, gizartearen osagarria, alderantziz baizik; eskubide politikorik ez daukanak ez ditu gainerako eskubideak izango, nazioarteko azken hitzarmenaren arabera.
 
Bost axola orain arteko Giza Eskubideen aitzakiari muzin egitea, baita azken urteetako itunen funtsa bertan behera geratzen bada ere: 1648ko Westfaliakoa erlijio askatasuna bermatzeko, 1815eko Vienako Kongresua esklabotza debekatzeko, 1864ko Genevako Ituna gerra baldintzak jartzeko, 1899ko Hagako Konbentzioak nazioarteko gatazka legediak ezartzeko… EBren eta Turkiaren arteko hitzarmenak desarautuko ditu mendebaldarren ideologia nagusiarena, Giza Eskubideen ustezko defentsarena, alegia. Estatu espainiarraren kasuan, gainera, funtziotan dagoen Gobernuak bertako Gorteetara eraman beharko luke hitzarmenaren onespena Exekutiboak bakarrik ezin baitu baiespena bideratu…

Eta, Giza Eskubideen izenean, oraindik jarraituko dute galdetzen zergatik nahi dugun estatu bat?

Buscar