Biltzarre-Euskal Sena
Teresa del Valle: euskal emakumea ezagutzeko aukera galdua?

Zergatik herriak, emakumezkoek zein gizonezkoek, emakumearen matriarkatuaren mitoa transmititu dute? Teresak dio matriarkatuaren mitoa gizonezkoek sortutako konstruktu bat dela baina gure uste apalean genero biek transmititu dute.

07/11/2018

Eusko Ikaskuntzak saria eman dio irakasle honi bizitzan zehar egindako ikerketengatik. Bere lan ezagunena "Mujer vasca, imagen y realidad" liburua izan da eta berak dioenez, lan horren bidez euskal matriarkatuaren «mitoa» desegiten hasi ziren. Ondoren, esparru askotan, gero eta sarriagotan lelo bera entzuten ari gara, baina lan edo ikerketa gehiagorik gabe. Une honetan matriarkatua defendatzea txarto ikusita egotera heldu da eta Leire Saituak dioen bezala, «euskal matriarkatua klandestinitatera pasatu behar izan da».

Euskal Sena taldearen ustean, Teresa del Vallek eta berak sortu duen matriarkalismoaren aurkako iritzi mugimenduak ez omen diete ondorengo galderei behar bezala erantzun eta, ondorioz, euskal emakumea eta gizartea ezagutzeko baliteke azken hiru hamarkadetan aurrerapauso adierazgarririk eman ez izana:

1. Venusak. Zergatik arkeologiak topatutako ehunka eskulturatxok emakumezkoak irudikatzen dituzte eta ez gizonezkoak? Venus deitzen dituzten baina agian Mari deitu beharko genituzkeen eskultura horiek Euskal Herritik Siberiaraino aurkitu dira, eta paleolito zein neolito garaikoak dira. Hau da 300.000 K.a.-tik 20.000 K.a-ra bitartean ditugun gizakien errepresentazioetan emakumea da nagusi. Garai hartan ez zen gizonezkoa irudikatzen gizarte patriarkaletan gertatzen den bezala non espazio publikoak gizonezko eskulturez eta egitura falikoez betetzen diren. Zergatik Teresa del Vallek Ortiz-Oses kritikatzen du paleolito garaian matriarkatua nagusi izan zitekeela defendatzeagatik, garai horren mundu ikuskeratik ditugun irudi horiek horixe irudikatzen badigute?

2. Mitologia. Zergatik euskal mitologian pertsonaia nagusia emakumezkoa da (Mari), Europako leku gehienetan ez bezala? Mitologia mundu ikuskeraren osagai garrantzitsuenetako bat da eta gure kasuan Mariren nagusitasuna argi dago, emakume zein gizonezkoek belaunaldiz belaunaldi transmititutako legenden bidez. Zergatik?

3. Transmisioa. Zergatik herriak, emakumezkoek zein gizonezkoek, emakumearen matriarkatuaren mitoa transmititu dute? Teresak dio matriarkatuaren mitoa gizonezkoek sortutako konstruktu bat dela baina gure uste apalean genero biek transmititu dute.

4. Sortzaileen erailketak. Zergatik Inkisizioak Europako gainerako lekuetan baino nabarmen gogorrago, gure herrian, Iparraldean zein Hegoaldean, izugarrizko bortizkeria izan zuen emakumeen kontra eta ehunka emakume akatu zituen sor-ginen etiketapean?

5. Foruak. Hemengo legedian, orain dela 500 urte, emakumeek juridikoki eskubide berberak zituzten baina inguruko herrialdeetan ez (ezta txarto deitutako «frantses iraultza» horretan). Anne Marie Lagardek ederki erakutsi digu euskera egiten zen lekuetan berdintasuna edo generoen arteko parekidetasuna nagusi zela garai hartan. Zergatik?

6. Baserrietan ikusi duguna. Zergatik gure amamak eta amak burujabeagoak izan dira eta erabaki garrantzitsu asko eta asko haiek hartu dituzte, etxeetako kontrol ekonomikoa barne, gure inguruko herrialdeetan ikusten ez dugun moduan?

7. Bortizkeria nabarmen gutxiago. Zergatik estatistika askotan hemengo emaitzak baxuagoak dira emakumeekiko bortizkeriari edo pederastiari dagokionez? Adibidez, espainiar Estatuan emakumeekiko bortizkeriaren indizea 10.000 biztanleko 1,4 emakumekoa den bitartean, hemen 0,7koa da izan dugu. Datu hau, ordea, azken urteotan okertzen ari da, denok dakigun arrazoiengatik. Pederastian kontu bera: EAEk estatuko indize txikiena du, 3,3 kasu judizial 100.000 biztanleko. Zergatik? Bortizkeria maila baxuago hau ondoko herriak ez inbaditzean ere ikusi da. Malato arbolak horixe irudikatzen zuen: armak gure herria defendatzeko bai baina ez hortik aurrera ondoko herriak menpean hartzeko.

8. Matriarkalismoari buruzko ikerketak. Ikerketa batzuek matriarkatua zalantzan jarri dute baina beste askotan, adibidez, Steve Taylorren "La Caída"-n edo Marija Gimbutasen lanetan guztiz kontrakoa ageri da. Haiek diote orain dela 6.000 urte arte, gizarteak oro har matriarkalak zirela eta arkeologian edo antropologian oinarritu dira. Adibidez, garai haietan aztarnategietan ez omen dago borroken aztarnarik. Diotenez, patriarkalismoa gero sortu zen eta apurka-apurka mundu osora zabaldu zen. Ildo honetan Andres Ortiz-Oses, Alfontso Mtez. Lizarduikoa, Josu Naberan eta beste batzuk ditugu. Carmen Basterretxeak, bestalde, hirugarren kontzeptu bat proposatu digu: «matrilinealismoa», irakurri beharreko bere "Euskal Herria, Kultura Matrilineala" liburuan. Beraz, euskal matriarkatua, edo Basterretxeak esandako matrilinealismoa edo Lagardek proposatutako parekidetasuna ezin izan da mendez mende galtzen joan aipatutako ikerleek proposatu duten modura?

 9. Euskera. Zergatik euskeran ez da beste hizkuntza askori darien patriarkalismorik ikusten? Teresak garrantzitsuena aztertu gabe utzi du bere lanean, hizkuntza alegia. Hizkuntza pentsaera eta jokaera da. Euskera sortu zenetik inklusiboa izan da, kanpoko hizkuntzen eraginez gauza desegokiak ikusi arren («gizona ilargira heldu zen», «gizakia» jarri beharrean). Gainera, inklusibotasuna maila guztietan ikusten da, kolektibitatea zaintzen duen hizkuntza delako: «gu» «ni» baino gehiagotan erabiltzea, «zuk eta biok» esatea, bion arteko harremana aurretik jartzeko… Aintzane eta Agurtza Lazkanok euskerak komunitatea trinkotzen laguntzen dutela diote. Beste batzuek diotenez (Zubiagak, Legardek…) euskera patriarkatuaren aurkako babesa izan da, mundu ikuskera berdinzaleagoa duelako.

Gure ustean, oraindik, galdera gehiegi erantzun gabe daude. Horregatik ez dugu esan nahi gaur egun gure herrian patriarkatua ez dagoenik baina «euskal matriarkatua mito bat dela esatea» gehiegi iruditzen zaigu.

Gainera, Teresa del Valleren lanak ez omen digu gure arbasoengandik berreskuratu dezakeguna berreskuratzen lagundu. Ondoko estatuen maila berean jartzen gaitu eta berdintasuna lortzeko lana 0tik hastea proposatzen digu. Are gehiago, baieztatzen du matriarkatuaren «mitoa» berdintasunaren aldeko lanaren aurka doala eta hori, benetan, ez dugu ulertzen.

Berdintasunaren gai hau burujabetasun politikoarekin alderatu dezakegu. Euskalnafar herritarrok estatu bat izan genuen, Nabarra, eta nahiz eta hori galdu, eduki genuela eta hobeto egon ginela jakiteak indarra ematen digu berorri berreskuratzeko. Ez al da horrela?

Kasu honetan berdin. Euskal matriarkatua edo generoen arteko parekidetasuna edo matrilinealismoa  egon izana, gure ustez, ez da emakumeen berdintasunaren aurkako kontu bat, kontrakoa baizik, aldekoa da, galdu genuena errazago berreskuratu ahal dugula ikustea. Ala ez?

Cartas
Laida Aizpuru | Donostiako Lauaizeta institutuko 3. mailako ikasleen izenean
13/11/2018
Israel Escalante Mesón | Miembro de la dirección de Ezker Anitza-IU en Bizkaia
13/11/2018
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
13/11/2018
Manu Ballesteros
12/11/2018
Últimos posts
Jonathan Martínez
12/11/2018
Jonathan Martínez
11/11/2018
Koldo Campos
10/11/2018
Koldo Campos
10/11/2018