«The Time of My Life»
Gustatzen zait telebistarekin lokartzea. Lehen ez nuen egiten, baina plazer horretaz disfrutatzen ikasi dut. Tamalez, loa amaren familiaren aldera atera zait, nolascotarra, alegia, eta horrek, ezinbestean, loarina esan nahi du.
Askotan, hamaika aldiz ikusi dudan filma jarrita ere ez naiz lokartzen, eta, horregatik, ahalik eta film edo telesail ergelenak bilatzen saiatzen naiz, tentsio handirik gabekoak. Aurreko batean “Dirty Dancing” ez-ikustera etzan nintzen. Hutsegitea izan zen: aurreko gaua ia loezean eman nuen arren, ezin izan nuen begirik bildu.
Egia esan, bere garaian ikusi nuenean izugarri gustatu zitzaidan. Badaude era ezberdinean bizitzera bultzatzen zaituzten filmak: Indiana Jones batek justizia zartakoka banatzeko gogoa ematen dizu eta “Fight Club” ikustean muturreko on batzuen egarri sentitzen zara. Honek dantzarako gogoa eman zidan. Oraindik gurasoen etxean dagoen binilo zoragarria erosi genuen eta egunkari honetako zuzendari seriosa eta biok “The Time of My Life” abestiko saltoa egiteari ekin genion Ciudad Deportiva Amaya igeritokiko uretan. Nagusiagoa izaki, anaiak Johnny Castlerena egiten zuen eta neuk Babyrena. Sekulan ez genuen lortu uretatik 40 zentimetro altxatzea, eta segur asko numerotxoak igeritokiko bikoterik xelebreena bihurtu gintuen arren, oroitzapen ederra da niretzat (egunkariaren harpidetza kanpainaren baitan zuzendariarekin afaria eskaintzen badute, beharbada egon liteke “afaria eta salto” eskaintza XXXL harpidetza batean: «Sostengatu zure komunikabidea eta zure komunikabideak sostengatuko zaitu»).
Bon, txorakeriak utzita: bigarrengoz ere, “Dirty Dancing” film oso ona iruditu zait. Aurreko arrazoiengatik eta urteek desestalitako beste batzuengatik. Legez kanpoko abortua protagonista duen filma Reaganen bigarren agintaldiaren amaieran estreinatu zen eta ausarta iruditu zait. Ausarta eta terriblea, giroa zenbat lohitu den azaleratzen duelako, Hollywooden eta hemen. Euskal Herriko edota Espainiako fanatikoen gainetik, filmak, beste hainbestek bezala, erakusten du ez daudela aborturik gabeko herrialdeak edo garaiak. Emakumezkoen erabakimena eta osasuna babesten eta bultzatzen dituzten estatuak daude eta guztion morala eta osasuna biolentatzen dituzten estatuak.
“Dirty dancing+feminismo” bilaketa egin nuen Googlen eta Coral Herrera idazle eta lagunaren artikuluarekin egin nuen topo. Zoritxarrez, esan beharra daukat ez nagoela batere ados egiten duen analisiarekin. Bi film ezberdin ikusi ditugula lirudike. Niri eredugarria egiten zait Johnnyren eta Pennyren (abortatu nahi duen dantzariaren) arteko laguntasun ederra. Gustatzen zait filma “eta betiko maitatu ziren” formulatik urruntzea eta kontakizunaren bitartez amaiera zabal bat uztea non, nik, Baby ez dut ergel ikusten: good sixtiesak atzean utzita, bad sixtieseko aktibista gisa imajinatzen dut. Atsegin dut filmean hasieratik Babyk erakusten duen Johnnyrenganako sexu irrika bizia, beldurrik gabe aseko duena. Gustatzen zait Babyk munduan den-dena zitzaion aitaren klase-aurreiritzien kontra egiteko duen modua: «Sentitzen dut huts egin izana, baina zuk ere huts egin didazu». Eta, amaitzeko, gustatzen zait Johnnyren azken speecha: berak dantzatzen irakatsi dio, baina emakume hori izan da hari bizitzen irakatsi diona. Eta Johnnyk Babyri buruz hitz egiteko erabiltzen duen hitza: partner, compañera.
Esan bezala, tristea iruditzen zait hain film zaharra hemen eta gaur hain iraultzaile izatea. Baina, tira, optimista naiz eta beharbada abortuaren inguruko eskuinaren eraso etengabe eta krudel honek balioko du ezkerraren saldo erraldoi eta amorfo hau pixka bat astindu eta, bide batez, antolatzeko. Izan ere, Euskal Herrian, beste hainbeste lekutan bezala, asko mugitu izan gara, baina oso gutxitan dantzatu dugu. Mugimenduan ez daukagulako sarri definituta bataren eta bestearen espazioa. Guretzat ere badu irakaspenik “Dirty Dancing”-ek, Johnnyk Babyri ematen diona: «Hau nire eremua da eta hori zurea. Ni ez naiz zurean sartzen, zu ez zara nirean sartzen... eta orain, dantza dezagun txa-txa-txa».