Josu Iraeta
Idazlea

Tortura (amaitzear ala ez?)

Estatu espainiarreko iritzi publikoan torturaren inguruan dagoen ukazioa du hizpide egileak eta hori alda dadin euskal instituzioen esku hartzea eta konpromisoa nahitaezkoak direla azpimarratzen du, gainerakoa herritarrak babesgabe uzteaz gain, «zinismoaren» adierazle ere badelako.

Publikoki tortura aipatzen denean, konturatzen gara noraino barneratzen duen gizarteak gai honi buruz «sistemak» berak abian jartzen duen iritzia. Horretarako erabiltzen ditu esperientzia handiko ministro zein sailburu, epaile eta «aditu» sorta, denak hedabide organikoen laguntzaz, noski. Eta esan beharra dago, lortzen dute bere helburua. Demokrazia espainiarrean ez dago torturarik, ez da torturatzen. Hori da emaitza. Arrazoia axiomatikoa da, eta ikara emateko modukoa: «Espainian ez dago torturarik, ezin direlako frogatu». To demokrazia.

Demokrazia xelebre honetan gauza harrigarri asko ikusi arren, bai Madrilen, baita Iruñean eta Gasteizen ere, asko ditugu oraindik ikusteko.

Francoren denboran ere ez zegoen tortura eta hilketak frogatzerik. Orduan ez, baina orain bai, «betiko» demokrata batzuk –ez denak– deitoratzen hasi berriak dira, Francoren aginteko sarraskia. Baina beste asko ez. Atzera begiratuz demokrazia arriskuan jartzen dutela leporatuz.

Ez gara gu bakarrak horrelako arazoetan murgildurik bizi garenak. «Irabazleen» arraza politiko unibertsala da eta beraien hastapen ideologikoak horrelako emaitzak dauzka. Hitlerren garaiko kontzentrazio eremuetan ere, gas kamerak, esterilizazioak eta abar zirela ez zegoen frogatzerik. Komisio «neutral» bat ibili zen Alemanian ikerketa egiten, suediar batek zuzenduta. Ez zuen ezer aurkitu. Horregatik, Goebbelsek lasai arraio zioen Hirugarren Reich-a kaltetzeko kalumniak zirela akusazio haiek.

Baina halako batean, (1945. urtean) armada sobietarrak, ez omen ziren eta frogatzerik ez zeuden errealitate haiek, ez zeudenak, aurkitu zituzten. Eta jakina, orduan bai, bazeuden.

Antzeko zerbait gertatuko da urte gutxi barru, hemen, Euskal Herrian. Orduan jakingo dugu gaur ezinezkoa dena; zergatik gure herri txiki honetan, hainbeste eta hainbeste ETAkoak garen, eta Espainian, aldiz, GALekoak, bat bakarra ere ez.

Felipe Gonzalezen PSOEk ez zuen jakin GALeko kideengandik aldentzen, eta orain gauza bera gertatzen hari zaio Rajoy jaunari torturarekin. Ezkutuko biolentziatik aldendu beharrean, sortzen duen baliabide politikoari heltzen dio PPk. Jakina da, tranpa egiten ohituta daude.

Galdera garbia da, agian Goebbels jaunak, Hitler eta Francok bezala, ez zekien ezer? Gauza bera gertatu da Felipe Gonzalez, Mariano Rajoy eta beste presidente guztiekin; inork ez daki ezer.

Hamarkada batzuk geroago, telebistaren aurrean eseri eta denok “Holocaust” ikusi genuen. Frogatzerik ez zegoena. Inbestigazioak ikusi ez zuena. Hirugarren Reich-a kaltetzeko asmatu zen kalumnia, alegia.

Estatu espainiarrean, sobietar armada «oraindik» sartu ez denez, beste bide batzuk jorratu beharko ditugu, sistemak hain ongi babesten duen izurria deuseztatzeko. Baina bitartean, demokrazia espainiarrak bereari eutsiko dio, tortura, sistemaren ezkutuko zaindari madarikatua, elikatzen. Hauek dira, besteak beste, frankismoaren haustura baztertu izanaren ondorioak.

Ustez denok dakigu, duguna erreformatzen dugunean, hura mantentzeko asmoekin egiten dugula. Horregatik demokrazia espainiarrean –frankismoaren antzera– torturatuari torturak frogatzea ezintzen dion legea alderdi politiko «demokratikoen» bedeinkazio guztiekin emandakoa da. Nire ustez, torturarik ez balego ere, berez, eta besterik gabe, giza eskubideen deuseztatze nazkagarri bezain ankerra. Estatu demokratikoen edo faxistan, berdin da.

Ez da hiritarra –tarteka botoa eskatzen zaion hori– torturari ateak itxi behar dizkiona eta torturarik egon ez dadin saiatu behar duena. Estatuaren lana da hori. Espetxeak eta tortura baitira demokraziaren «termometroa». Legearen jiteak legegilearen eitea erakusten duen bezala, agerian uzten du Estatuaren benetako natura.

Demokraziaren oinarria giza eskubideak eta elkarrizketa baldin badira, ordea, legeak elkarrizketatik eta giza eskubideetatik at uzten dute –hamar egun luzez– presoa, torturatua. Beraz, demokraziatik kanpora, Estatutik kanpora.

Hamar egunez pertsona ez dena, ez da pertsona. Pertsona hamar egunez «gizagabetu» lezakeen Estatua ez da gizatasunaren Estatua. Beraz, zein demokrazia edo zein estatu da presoek, torturatuek eta haren sufrikarioekin bat egiten dutenek terrorismoaren erasotik defenditu behar omen dutena? Zertarako defenditu defenditzen ez gaituen demokrazia?

Espetxean, kanpokoen solidaritatea da hezur hautsiak eta haragi mailatuak poliki-poliki sendatzen dituena. Baina beste aldetik, beti garden, justu eta «baketsu» agertzen den zinismo hori da presoaren gau hotzetan ezintasunezko negarra eragiten duena. Amorrazio eta etsipenaren iturri mikatza. Arima txikitzen duena. Eta azkenik, biolentzia sortzaile. Bai jauna, biolentzia sortzaile.

Bizitza espetxean luzea da. Torturatua, azkenean, torturatu zutenak berak baino gehiago –bere ezintasunean–, lagundu behar lioketen baina gutxietsi egiten dutenak gorrotatzera iritsiko da. «Betiko demokratak» eta betiko demokraten demokrazia.

Alderdi politiko eta hitzarmenen demokrazia. Hauteskunde eta Legebiltzarraren demokrazia. Hainbeste urtez, boterearen gailurrean zigorgabetasun osoz, demokrazia usteltzen dabiltzan demokratak.

Atzoko torturatuaren kontura, gaur auhenka eginez, berak martiri irudietan agertzea lortu dutenak. Bere torturaren frogak eskatuz datozkionak, frogarik egotea berek egotzi eta gero.

Nik orain arte esandakoak ukaezinak badira ere, gaur egun, eta egiari zor, beste zerbaiten aurrean egon gintezke. Duela egun gutxi jakinarazi digutenez, poliziak «bere kabuz» lortutako aitorpenak baliogabetuko dituzte. Bale, eman dezagun hitza beteko dutela, baina atxilotuen bakartzeari buruz ez dute aipamenik egin. Beraz, mota ezberdineko torturaren derrigorrezko babesa mantentzen dute; atxilotuen bakartzea.

Espainiar demokraziak bi ezaugarri nagusi ditu: bata xelebrekeria, eta fidagarritasunik eza bestea. Hauek ezagutuz, nork sinetsi? Nik ez.

Buscar