Trump ulertzeko aurrekari historikoak
Muga zergen igoera orokortuekin Trump administrazioak dituen asmoak arakatzen saiatzen diren artikuluak ugaritu egin dira. Presidentearen estilo oldarkor, autoritario edo apetatsuan zentratutako interpretazioen aurrean, beste analisi batzuek estrategia sofistikatu batean kokatzen dituzte neurri horiek. Aurrekari historikoetan euskarri sendoa aurkitzen duten analisiak.
Donald Trumpen lehen agintaldian (2017-2020), aduana zergen politikak nagusiki Txinako inportazioen aurka jo zuen, salgaien lau zerrenda txanden gainean zergak igoz. Igoera horiek 360.000 milioi dolarreko bolumen komertziala zuten 6.000 produkturi baino gehiagori eragin zieten. Merkataritza gerra hori aldebiko akordio batekin amaitu zen 2020an: muga zergak erdira murriztearen truke, Txinak konpromisoa hartu zuen teknologiaren nahitaezko transferentziekin amaitzeko eta Estatu Batuetan erosketa gehiago egiteko. Europar Batasunarekiko muga zergen igoera neurrizkoagoa izan zen, kuota bat gainditzen zuten inportazioei soilik aplikatu beharrekoa. Merkataritza gerra hark ez zuen merkataritza defizita murriztea lortu, ekoizpen kostuak handitu zituen, eta eragin negatiboa izan zuen jardueran eta enpleguan.
Bere bigarren agintaldira sartu den egun berean, duela ia bi hilabete, beste arantzel eskalada bat hasi du. Oraingoz, muga zergak bi aldiz igo dizkie (%10 + %10) Txinatik inportatutako produktu guztiei; %25eko muga zergak ezarri dizkie Kanadako eta Mexikoko ia inportazio guztiei; eta %25eko muga zergak ezarri dizkie altzairuari, aluminioari eta deribatuei, mundu guztiari salbuespenik egin gabe. Horrez gain, askotariko mekanismoak martxan jarri dituzte, hala nola sail guztietan kanpo merkataritzari buruzko ikerketa orokorrak, edo egurrari, kobreari, Txinako ontzigintzari edo Txinako erdieroaleei buruzko ikerketa zehatzak. Ikerketa horiek muga zergen igoera justifikatzeko aurretiazko izapideak dira.
Badirudi AEBko gobernuak bigarren gerra komertzial disruptiboagoa eta erasokorragoa hasi nahi duela, irismen zabalagoa eta zerga tasa handiagoak dituena, ondorio metagarriekin, kuota sistemarik gabe eta salbuespen gutxiagorekin. Hain da horrela, ezen historiako gerra komertzial handienarekin konparatzen ari baitira: 1930ean Smoot-Hawley legeak eragindakoarekin. Hoover administrazioak nabarmen (%15-40) igo zituen 20.000 produktu baino gehiagoren gaineko muga zergak. Horrek nazioarteko herrialdeen aldetik errepresalien espiral bat eragin zuen, merkataritza globala estutuz, 1930 eta 1933 artean heren bat eta erdia artean, eta Depresio Handia larriagotuz. Lezio historikoa, sutan markatua, zera da: aldebakarreko politika protekzionistek eragin kaltegarriak izan ditzaketela, babestu nahi dituzten sektore berberei kalte eginez. Lezio hori sutan markatuta zegoen Bretton Woods-eko konferentzian, II. Mundu Gerraren osteko munduko ordena ekonomikoa eraiki zuena.
Trumpen administrazioa eta aholkulariak jakitun dira muga zergek, eurek bakarrik, ez dutela defizit komertziala murriztuko. Gainera, lehen agintaldian ez bezala, orain inflazioa eta interes tasetan gorakadak sor ditzakete, eta ondorioz inbertsioa eta kontsumoa murriztu, hazkunde ekonomikoari eta langabeziari eraginez. Horregatik guztiagatik, apustua arriskutsua da, baina badirudi hegemonia estatubatuarraren gainbeherari aurre egiteko beharrak bultzatzen dituela.
Analista ezberdinen arabera –Yanis Varoufakis, Greziako Finantza ministro ohia Syrizaren Gobernuan, edo Gillian Tett, “Financial Times” egunkariko kontseilu editorialeko lehendakaria–, gerra komertziala estrategia “sofistikatu” baten parte da, “sendotasunez eta funtsaz” eta “barne logika indartsu batekin” diseinatua izan dena. Biak, Stephen Miran-en, Trumpen Ekonomia Aholkularien Kontseiluko egungo presidentearen saiakera batean oinarritzen dira, eta bertan zehazten dira ildo nagusiak. Planaren azken helburua defizit komertziala eta zorpetze publikoa murriztea da, eta desindustrializazioa atzera buelta ematea. Horri begira, nazioarteko ordena ekonomiko berri bat ezarri nahi da, non dolar merkeago batek munduko erreserba moneta izaten jarraituko duen. Horrek AEBri pribilegioak ematen dizkio, hala nola bere zor publikoa interes tasa baxuagoekin finantzatzea, tamaina handiko armada mantentzea, munduko finantza sistemaren gaineko kontrola…
Dolarraren debaluazio batek mesede egiten die esportazioei eta garestitu egiten ditu inportazioak, eta horrek barne jarduera suspertzen du, industrializazioa, BPGa eta enplegua handituz. Baina inflazioa sortzearen eta ondoren interes tasak igotzearen kontura. Gainera, dolar ahul batek atzerriko inbertitzaileentzat Altxorraren bonuen erakargarritasuna murriztuko luke, eta horrek errendimenduak handiagoak eskatzea, azkenean zorpetze publikoaren kostua handituz. Printzipioz, dilema bateraezinak dirudite, ez bada beste bide bat aukeratzen. Alegia, herrialdeak konbentzitzea (edo behartzea) beren dibisen balioa nabarmen igo dezaten, epe luzerako dolar erreserbak likidatu gabe, hau da, beren merkataritza balantza eta ekoizpen jarduera hondatzea onar dezaten, baita metatzen dituzten AEBko zor publikoko bonuen balio erreala higatzea ere.
Ideia hori ez da berria. Izan ere, badu aurrekari historiko bat: 1985eko Plaza Hoteleko Akordioa. Garai hartan, Reaganen administrazioak lortu zuen (ez mehatxurik gabe) Mendebaldeko Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Japoniak dibisa merkatuetan esku hartzea, dolarra debaluatzeko (%51 yenarekiko eta %40 Alemaniako markoarekiko). Akordioa arrakastatsua izan zen, balantza komertzialaren doikuntzari dagokionez, baina ondorio kaltegarriak ere izan zituen, batez ere Japonian.
Pax Amerikarraren onura jasotzeko ordaindu beharreko tributuaren logika inperiala da berriz ere. Kontua da ez gaudela 1985ean, eta ez dirudi erraza nazioarteko aktore ahaltsuak (eta ez bakarrik Txina) AEBren interesen aurrean makurtzea. Garai interesgarriak dira, ziurgabetasun eta ezegonkortasun garaiak, ordea.