Jon Basurko, Asier Lizaso eta Aitor Irure
TS Fundiciones-eko LABeko ordezkarien izenean

TS Fundiciones, duintasunaren borroka

«Badira lankide batzuk borrokak ez duela ezertarako balio diotenak... Ezertarako balio ez duena ezer ez egitea da. Azken emaitza bermatzerik ez daukagu, baina azkenera arte borrokatuko gara, bidegabekeriaren aurrean, gure familien bizitza hondatu nahi dutenen aurrean,  duintasunez bizitzeko eskubidearen alde!»

Lehen soldataren atzerapenarekin (pasa den urrian), azken hilabeteetan pentsatzen genuena baieztatu genuen; zerbait beldurgarria zetorkigula gainera. Hilabete gutxi batzuetan, gure bizitza laboralak kolpe ikaragarria hartu zuen. Kudeaketa txarra nabaria zen. Diru xahuketak, lan desbideraketak... TS Fundiciones hondoratu zuten. Urte askotan lana egin genuen lantegiak, batzuen interesengatik, ateak ixtera behartu zuten. Eta horrekin batera, 156 langile ezer gabe kalera!


Garbi geneukan bidegabekeria haren aurrean erantzun beharra zegoela. Eta nola erantzun! Laster etorri ziren ma- nifak, martxak, galtzontzillo protestak, hilkutxarekin eman genituen milaka itzuli, auto-karabanak, Donostiako parodiak, asanbleak, itxialdiak eta beste hainbat ekintza. Baita zenbait instituzio (Udalak, Aldundia,…), alderdi politiko, eragile sozial eta beste erakunde batzuekin eginiko elkarlanak eta elkartasun zubiak ere. Hauei esker lortu dugu gure borroka eredugarria izatea! Eta nola ez, TSko langileen duintasunarekin! Lehenengo momentutik zuten gauza bakarra, beren lanpostuak, defendatzeko prest izan gara. Eta horrela jarraituko dugu.


Ezin dugu ahaztu bereziki TSko LABeko sail sindikalak izandako eta daukagun pisua borroka honetan. Antolatuak, milaka mahai-inguruz jantziak, informatuak eta borrokarako grinaz beteak. Taldeak egindako lan hori izan ez balitz ez genukeen daukagun oihartzuna edukiko. Harro gaude taldeko kide izateaz. Guk erabakiak ez ditugu kide bakar baten eskuetan uzten. Guk erabakiak elkarrekin hartzen ditugu. Eta horregatik lortu ditugu gure helburuak. Sinetsi, benetan sinets dezagun, gizartean eragiten dugula, gutxi dirudien arren eragiten dugun horretatik, pixkanaka, asko izan gaitezkeela. Langileen eskubideekin eta lanpostuekin jolasten duten horiei aski dela adierazi behar diegu. Beste gizarte bat posible da!


Azken asteetako mobilizazioak ikaragarriak izan dira. Zumaiako manifestaziotik hasi eta Zestoako protestara arte, Arroako lantegiko itxialditik pasatuz. Ikaragarria, nola gutxi batzuek hartutako erabakiak ekarri duen elkartasun olatua. Hor ere motorra izan gara. Ez dakigu beste batzuek borrokaren zentzua galdu duten edo beste bide batzuk hartu dituzten. Kosta egiten da borrokan sinesten ez duena mugitzea. Eta gainera, haienak medailak, izerdia beste batzuena den bitartean. Ikusi genuen itxialdiko egunetan nortzuk zeuden beren izerdi tantak gurekin konpartitzen. Azpeitia, Zumaia, Orio eta Zestoako alkateak, ezker abertzaleko militanteak, Ernai, EH Bildu… Eta ordu pila haietan tinko egon ziren lagun guztiak. Info 7ko Maite ere ezin ahaztu!


Goiz-goizetik eskualdeko LABeko ordezkariak eduki genituen babesa ematen. Ertzaintza oldartu zenean ere hor jarri ziren aurrean. Hori da elkartasuna! Mila esker! Egun haietan bizitako elkartasun zubiak erai- kita jarraitu beharra dauka! Gure elkartasuna beti edukiko duzue zuen lantokiko arazoei aurre egiteko ere. Hau ez baita TSren arazoa bakarrik, Urola Kosta, Gipuzkoa eta Euskal Herriarena ere bada. Eta batez ere, egoera hau aldaketa beharrean dagoen gizartearen arazoa da eta guk aldatzeko indarra eta gogoa dugu.


Itxialdiko egun haietan azken aldiz sartu ginen gure lantokira. Oraindik bertako langile gara. Gogorra izan zen hainbat urtean lan egin dugun lantokira gehiago itzuliko ez garela pentsatzea. Zer egingo dut orain? Nondik aterako dut hipoteka eta nire familia aurrera ateratzeko dirua? Zer langabezia sari daukat? Burua galderaz gainezka genuen... Azken aldiz erabaki genuen bakoitza bere lanpostuan kateatzea. Bideragarria zen enpresa hondoratu zuten eta gu itxaropenari kateatu ginen. Gogor!


Badira lankide batzuk borrokak ez duela ezertarako balio diotenak... Ezertarako balio ez duena ezer ez egitea da. Azken emaitza bermatzerik ez daukagu, baina azkenera arte borrokatuko gara, bidegabekeriaren aurrean, gure familien bizitza hondatu nahi dutenen aurrean,  duintasunez bizitzeko eskubidearen alde! Borrokak aurrera jarraitzen du eta ez du etenik. Borroka elkartasuna da. Eta emango du bere fruitua.

Buscar