Alberto Santamaria Arraras
Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko bitarteko irakaslea

Tuterako HEOko euskara talde erdiak galbidera

Halaber, zer etorkizun espero dezakegu azkenean murrizketek aitzinera jarraituz gero? Hasteko, lehen erran bezala, Erriberan euskaraz ikasteko hizkuntza eskola publiko bakarra ia-ia deuseztatuko da.

Beste ortzegun arrunt bat baizik ez zirudien hark Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean. Eskolak normaltasunez bukaturik, etxeratzeko prest, Aleman mintegiko lankide preziatu batekin elkartu eta eguneroko kontu ñimiñoei buruz hizketan hasi nintzaion. Berak segituan seko moztu zidan:

–Aizak! Baina ez duk deus aipatuko gaurko berriaz?

–Zer berri, bada? Ez zekinat deus –erantzun nion harriturik.

Eta berak lehergailua egotzi zidan: «Hondamendia. Arantxak [eskolako zuzendariak] jakinarazi ziek mintegiburuei Hizkuntza Departamentuak sekulako murrizketak egin nahi dituela eskolan. Alemanean eta euskaran sei taldetatik heldu den urterako hiru kendu nahi ditiztek». Horiek bakarrik ez, frantsesean eta ingelesean ere murrizketak egonen omen dira: zortzitik bi lehenengoan eta 30etik lau bigarrenean, hurrenez hurren; eta Iruñeko HEOn zenbait murrizketa ere burutzekotan daude.

Egia esan, egun horretako gauean, lokartzekotan nengoelarik, oraino buruari bueltaka, murrizketen albistea sinistu ezinik nengoen. «Baina nolatan ausartu dira hain bidegabe jokatzera? Euskararen egoera Erriberan hain makala izanik, egun batetik bertzera talde erdiak kendu nahi dizkiote euskara erakusten duen hizkuntza eskola publiko bakarrari?», erraten nion neronen buruari behin eta berriz.

Izan ere, denok dakigu Erriberako euskaltzaleek zenbat zailtasuni aurre egin behar dieten euskaraz bizitzeko, edo saiatzeko behintzat. Oraingoa beste ostiko bat baizik ez da. Gure mintegian –alemanekoan bezala– talde erdiak desagerraraztea tamalgarriagoa da, maila bakoitzean talde bana dagoenez, burutu nahi denak, praktikan, mintegiaren sarraskitzea ekarriko baitu. Hainbat ikasleri galaraziko zaie, beraz, eskolan ikasten hasi edo jarraitzea, dagokien maila ezabatuko baita. Ezbairik gabe, hezkuntzan buruturiko zeinahi murrizketa beti hagitz deitoragarria da, baina euskararenak Erriberan, gainera, oso sinbolikoak dira.

Antza denez, murrizketen arrazoia ikasle kopuru ttipia da. Izan ere, aitortu beharra dago eskolan gustatuko litzaizkigukeenak baino ikasle gutiago ditugula. Azkeneko urteotan matrikula eskasa egon da eta, gainerako hizkuntzetan bezala, beheranzko joeran. Arrazoiak askotarikoak dira: Nafarroako zonifikazio linguistikoa eta euskararen kontrako mezuak buru egin behar izan diegun egiturazko zailtasunak dira, zalantzarik gabe; zer esanik ez covid-19aren izurriteak izan duen eragin negatiboa; eta, baita mintegiko irakasleria egonkorrik ezak ere. Baina, bolada txarraren aitzinean, Nafarroako berezko hizkuntzaren mintegia sostengatu eta babesa eman beharrean, apurka susper dadin, Nafarroako Gobernuak profitatzen du abagunea hondarreko ziztada hilgarria emateko. Orobat, oso ulergaitza zait murrizketak burutzeko aprobetxatu nahi duten unea, iazko ekaineko oposizioak direla-eta, heldu den urtean funtzionario bat egonen baita lehenbizikoz Tuterako mintegian. Hots, koiuntura ezin hobea zen mintegiaren egonkortasuna eta susperraldia ahalbidetzen hasteko. Hori bultzatu beharrean, ordea, 3 taldea kentzea erabaki dute.

Zoritxarrez, ez da hori bakarrik. Orain dela egun batzuk lagun min batek gogorarazi zidan egunotan egiten ari den Euskararen Bigarren Plan Estrategikoa, Nafarroako Gobernuaren lerro estrategikoak begiratzeko. Bada, aurretiko fasean adierazirik dago Nafarroako Gobernuak 2019-2023 legealdirako Euskararen 1. Plan Estrategikoari jarraipena emateko konpromisoa hartu zuela. Ikus dezagun, beraz, plan horretako zenbait jarraibide: «Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko zentro publikoek eskariari erantzuten diotela ziurtatzea; pixkanaka, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eskaintza eta toki kopurua handitzea eta egoera estrategikoa eta eskaria kontuan izanik, beste udalerri batzuetan ematea hizkuntza eskolan matrikulatzeko aukera». Ikusi bezala, murrizketak justifikaezinak dira eta tristeena da ohartzea nola Nafarroako Gobernuak bizkarra ematen dion Euskararen Plan Estrategikoari. Aitzitik, taldeak kendu beharrean, herri eskaria egonik, zergatik ez dute euskara lerro gehiago paratzen? Lizarran, adibidez, urte luzez dabiltza aldarrikatzen Iruñeko HEOk hor duen egoitzan C1 maila ez ezik, maila guztiak ikasten ahal izatea.

Halaber, zer etorkizun espero dezakegu azkenean murrizketek aitzinera jarraituz gero? Hasteko, lehen erran bezala, Erriberan euskaraz ikasteko hizkuntza eskola publiko bakarra ia-ia deuseztatuko da. Zorionez, hor jarraituko dute AEK-ko lagunek, Euskal Herriko azken lubakia euskalduntzen. Baina euskaraz ikasi eta aritzeko hain aukera guti dauden Erriberan nehor ez dago sobera, denok beharrezkoak baikara. Izan ere, HEO eta AEK beti bidaide onak izan gara eginkizun horretan. Agerikoa da gure arteko lankidetza urtean zehar, Tuterako karriketan euskara sustatu nahi duen mintzakide programa edo Korrika kulturalaren zenbait ekimen, kasu.

Horretaz aparte, erran ziguten moduan, heldu den urtean Tuteran eutsi nahi diete bakarrik egiaztatzen duten mailei –B1, B2.2 eta C1– eta gainerakoak –A1, A2 eta B2.1–, beraz, halabeharrez galduko dira. Horrek ulertarazten du HEO bakarrik titulazioetarako bideratuta dagoela eta euskara bakarrik tituluak lortzeko hizkuntza izan behar dela. Non geratzen da eskolak bete behar duen funtzio kulturala, hizkuntzekiko atxikimendua sustatze aldera, eta are garrantzitsuago, euskara Nafarroa osoan sustatzeko konpromisoa? Azkenean, gurea azterketa libreak egiteko mintegia baizik ez da izanen. Espero dut oker egotea, baina, maluruski, gero eta gehiago uste dut hori HEO guzien patua izanen dela.

Gauzak horrela, itxaropenez espero dut eragiteko ahalmena duen norbaitek lerro hauei erreparatzea eta nola edo hala Nafarroako Hezkuntza Departamentuari iritziz aldaraztea eta murrizketa lazgarriak gibelera joaraztea.

Buscar