Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea

Uda sasoian ere, Osakidetzan euskaraz

Legegintzaldi hasieratik EH Bilduk esku artean du Osakidetza euskalduntzeko ekarpena egitearen erronka. Jakitun gara, ordea, ez dela legegintzaldi batean lortuko den helburua, are gutxiago, gaur egun dugun errealitatea kontuan izaten badugu.

Osasun sistema gure herriaren euskalduntzean eta euskararen normalizazio prozesuan funtsezko zutabea da, ez baitugu ahaztu behar osasun sistemak presentzia eta pisu nabarmena duela sistema publikoak ematen duen babes sozialean. Esanguratsua eta garrantzitsua da ere osasun zerbitzu publikoa euskalduntzeak euskarari emango liokeen prestigioa, besteak beste, Osakidetza baita EAEko enpresa publiko handiena. Azken hori datuekin ikusi daiteke argiago: martxoko zenbakien arabera, 35.589 nomina daude (datuotan Nafarroa sartuz gero, beste 8.400 langile gaineratu beharko lirateke). Eta euskalduntze hori, nola ez, erabiltzaileei emandako arreta ardatz hartuta egin behar da, euren eta langileen hizkuntza eskubideak defendatu eta errespetatzeko helburuarekin. Euskalduntzearen urratsa ezinbestekoa da, izan ere, tristea bada ere, egoera erreala da XXI mendean: euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara, baita administrazio publikoaren aurrean ere.

Sarri erabiltzailea ataka batean jarri nahi izan da, sektore atzerakoienen aldetik: zer nahiago duzu, mediku ona ala euskalduna? Jada, zorionez, Jaularitzak berak ere gainditu du eztabaida hutsal hori, eta barneratu du hizkuntza eta kalitatea banaezinak direla. Alegia, ematen dena kalitatezko zerbitzua izango da, baldin eta hizkuntza eskubideak errespetatzen baditu.

Hala, osasun zerbitzuan hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko garaian, badago ahaztu ezin dezakegun eremu bat: uda sasoian egiten diren ordezkapenak. Eta gaur egun, salatu beharreko egoera baten aurrean kokatzen gara arlo horretan: udako ordezkapenak egiterako orduan ez dira betetzen eta errespetatzen ordezkatu beharreko lanpostuaren baldintza edo betekizunak, euskarazko zerbitzuak diren horietan, bereziki.

Aipaturiko egoera udako opor garaian larriagoa izaten da. Tamalez, aurten ere, egoera berdinean jarraituko dugula ematen du. Osakidetzak eta Osasun sailak urte osoa izan dute arazoari irtenbidea emateko, izan ere, iazko udan hainbat herritarrek egoera salatu egin zuten. Soziolinguistikoki euskaldunak diren guneetan eta lehentasunezko unitateetan (medikuntza orokorra, erizaintza orokorra, pediatria, larrialdiak, zerbitzu administratiboak), makina bat arazo sortu ziren mediku zein pediatra euskaldunak ez zirelako profesional euskaldunez ordezkatu.
 
Aurreko urteko udako ordezkapenetan izandako arazoei buruz gure taldeak hainbat ekimen egin ditu Gasteizko legebiltzarrean. Aldiz, Osasun Sailak emandako erantzunetan agerian geratu izan da Osakidetzan kontratazio irregularrak egiten direla: ESI ugarik, lanpostu zehatzei lotu gabeko behin behineko kontratazioa erabiltzen dute sistematikoki, ordezkapen kontratuak erabili ordez; edota kontratazioa egiterako orduan, ez da kontutan hartzen Hizkuntza Eskakizunaren derrigortasun data.

Era berean, aitortu beharra dago EH Bilduk Osasun Sailari Gasteizko ganberan eginiko azken galderan Jaurlaritzak hitza eman zigula, egoera konpontzeko urratsak emango zituela adieraziz. Ahal den neurrian, ordezkapenetan euskara zerbitzuak bermatuko direla, eta bide batez, orain arte ahalbidetu dituen kontratazio irregularrak bertan behera utziko dituela esan zuen. Aitzitik, sailaren hitzari zilegitasuna ematea kosta egiten zaigu, Osakidetzan promesa asko ezer ezean geratu baitira urte hauetan guztietan. Gure taldeak espero du, salaketek, ekimenek eta eragileek egindako lanak uzta ematea uda honetan. Jakin badakigu mahai gaineratu dugun arazo hau eremu txiki bat baino ez dela, Osakidetza euskalduntzearen erronkan, eta baldintzatua dagoela Osakidetza euskalduntzeko bere integraltasunean hartu beharko liratekeen sakoneko neurriekin. Zain geratzeaz gainera, lanean jarraituko dugu, euskalduntzearen eta normalizazioaren puzzlea osatuz, piezatxoak mahai gaineratzen, orain arte egin dugun bezala.

Buscar