Egoi Aldalur
Donostiako Udaltzaina, LAB sindikatuaren izenean

Udaltzaingoan formula zaharrak, hanka sartze berdinak!

Azken urteotan salatu izan dugun moduan, EAJren erabaki politiko larriek Udaltzaingoaren gainbehera larria ekarri dute. Alde batetik, Arkauti Polizia Akademiako deialdi bateratuarekiko morrontzak plaza ateratzen duten udaltzain finkoen ihesa ekartzen du. Eta, bestetik, lan poltsa propioak eduki beharrean, Arkautik bidaltzen dituen akademiako udaltzain berriez osaturiko zerrendak onartzen ditu, kopuruz nahikoak ez direnean eta, gainera, berri gehienek lanpostuaren bete beharreko oinarrizko baldintzak betetzen ez dituztenean. Horrek guztiak sortzen duen desastrea ikusi dugu azkenengo urteotan. Arkautiko Polizia Akademia ez da udalerri guztien beharrak asetzeko gai eta, gainera, bidaltzen dituen udaltzain gehienek ez dakite euskaraz, ez beren lanean aritzeko, ez eta herritarrekin euskaraz aritzeko ere.

Gai hau hamaika bider salatu ondoren, Langileen Batzordean landu genuen eta aho batez 2026. urterako lan poltsa propio bat egiteko eskatu genion Udalari, baina alferrik izan da.

Azken urteotako bilakaera okerra ikusita, Donostiako Udaleko Gobernu taldea eta Udaltzaingoaren zuzendaritza arazoaren larritasunaren arduradun egiten ditugu, egoera nolakoa den jakinik ez dutelako berau konpontzeko irtenbiderik jarri. Berriro formula zahar berdinarekin lan egiteko hautua egin dute: Arkautik lan poltsa bat antolatu du eta Donostiako Udala lan poltsa horrek emango ez duenaren zain geratu da, hau da, gertukoak diren eta euskara badakiten udaltzain kopuru nahikorik gabe.

Honek guztiak dakar, besteak beste, bertan lanean dauden udaltzainen lan karga handitzea eta diru publikoa xahutzea, lana bideratzeko aparteko orduen beharra handituz, Udaltzaingoaren funtzionamendua bermatzeko.

Erabaki politikoa hartuta dago eta badirudi Udaltzaingoaren gainbehera ez zaizuela axola, behar duen plantilla handitzeari uko eginez eta formula zaharrak erabiliz jarraitzen baituzue.

Hori bai, segurtasunaren izenean, Egia auzoan Ertzaintzarekin batera komisaria berri dotore bat konpartituko beharko dugu, lotsagabeak!

Buscar