Udarako hainbat irakurketa gomendio eta abesti bat
Uda kurtsoan zehar pilatu zaizkigun liburuak irakurtzeko aroa izaten da, besteak beste. Gure kasuan lana ez da asko jaisten eta, gainera, jende gutxiagoren artean atera behar dugu aurrera. Nolanahi ere, lan handia ematen duten zenbaitek oporrak hartzeak erritmoa lasaitzen du.
gun batzuetan berririk apenas duten egunkariak argitaratzen dira. Orrialdeak betetzeko burua astintzeko ataka horretan, urte osoko erreportaje eta kronikarik ederrenetakoak garai honetan argitaratzen ditugula esaten ausartuko nintzateke. Hona udararako lehendabiziko gomendioa: irakurri periodikoan normalean irakurriko ez zenituzkeen artikuluak.
Orokorrean, garai honetan jaiegun gehiago izaten dira eta gauzak lasaiago hartzen direla esan daiteke. Hortik ateratzen da, ateratzekotan, irakurtzeko astia. Eta, orokorrean, erritmoa horixe denez, gauza lasaiagoak irakurtzeko joera dagoela esango nuke. Egunkarietan udarako liburuen zerrendak tradizio bihurtu dira eta argi dago lista horietan literatura irakurterraza nagusi dela. Halere, pertsonal mailan, era batean edo bestean burua astintzen lagunduko didaten idazlanak nahiago ditut.
Hitz gakoa: deskonposizioa
Hari horretatik tiraka, gomendio batzuk egitera ausartuko naiz. Duela gutxi arte, une honetako hitz gakoa «hegemonia» zela esango nukeen. Adibidez, Samir Aminen “Beyond US Hegemony” liburua aipatu dut noizbait, benetan interesgarria iruditu zitzaidan irakurgaia. Azkenaldian, ordea, egoera politikoa hobekien deskribatzen duen hitza «deskonposizioa» dela pentsatzen hasi naiz. Zenbait liburu aldi berean irakurtzeko bolada izan dut azkenaldian eta, kasualitate hutsez, oso ikuspuntu desberdinetatik deskonposizioaren gaia lantzen duten bi tartekatu ditut. Bata, Emmanuel Carrèreren “Limónov”, errusiar disidente baten biografia nobelatua da, idazlan bikaina. Besteak, David de Ugarteren “Trilogía de las redes” delakoak, orain arte ezagutu dugun mundua nola aldatzen ari den aztertzen du; ciberpunk pentsakera eta anarkismoa oinarri hartuta, teknologiaren eta sistema ekonomikoaren garapenari buruzko iradokizunak egiten ditu. Erabat ados ez egon arren, oso interesgarria.
Biek aipatzen dute behin eta berriz bloke sobietarraren erorketa, deskonposizioa. 2008tik krisi hau sistemikoa dela esaten gabiltza, baina kontua areago doala uste dut: botere egitura tradizionalak gainbehera doaz eta ez da alternatibarik aurreikusten. Oraingoz aparatuek eusten diote, baina barrutik ustelduta daudela dirudi.
Kantu bakarreko play-list-a: Salsa badago
Uda honetan irakurtzeko asmoa dudan liburuetako bat Mikel Antzaren “Atzerri” da. “Ospitalekoak” irakurri nuen eta Antza, euskararen aldetik eta, agian, baita literaturaren ikuspuntutik ere, euskal idazle gehienen gainetik dabilela uste dut. Nolanahi ere, liburuaz gain, Antzak Zarauzko Tiktara musika-taldearentzat idatzi duen letra aipatu nahi dut, oharkabean pasa da-eta. Tiktarakoek salsa eta runba jotzen dute eta beren “Sorrera” diskoan “Entzun” izeneko abestia jotzen dute (tiktara.bandcamp.com/track/entzun). Honela dio: «Azala mudatu/ gandorra makaldu/ lehen ziraun orain iraun/ orain goaz mantsoago/ lehen baino ziurrago/ Galpar urdin bihotzera/ lehengoa gera eta ez gera/ Indarrak ahuldu/ distira ilundu/ lehen ziraun orain iraun/ eguzkiaren beroan/ pentsatzen dugu geroan/ gehiago dugu atzean/ etorkizuna gainbehera/ Entzun, bada entzun/ gazte guri entzun/ lehen ziraun orain iraun/ iraganaren igarle/ eskarmentuz aholkuemaile/ erorikoen jakintzaz jantzia da gure hitza/ Entzun, entzun, guri entzun (errepika)/ Azala mudatu/ gandorra makaldu/ orain goaz mantsoago/ lehen baino ziurrago/ aurrera, aurrera elefanteen antzera/ tiktara, tikara, erlojuak bezala/ Entzun, entzun, guri entzun (errepika)». Bai, salsa badago.
Mandela, Kureishi, Adón, Franzen, Browne… lana pilatu zait. Eskerrak, azkenean, uda heldu den.