Unionistak eta esklabutzaileak
Gero eta garbiago geratzen ari da, alde batean, Ingalaterra-Eskoziak eta, bestean, Espainia-Katalauniak egoera soziopolitiko diferenteak dituztela. ‘Unionista’ delako kontzeptuak batekoek eta bestekoek amankomunean dituzten aldeak argitzen ditu, baino diferentziak, hain nabarmenak izanik, ez ditu argitzen, gaur egun behintzat; auzkalo etorkizunean gertaerak norantz joango diren.
Eskozia eta Katalauniaren artean dagoen diferentzi garrantzitsuena zera da: Ingalaterrak Eskoziari bere independentziari buruz erabakitzeko burujabetza aitortzen dion bitaretan, Espainiak, aldiz, ez dio Katalauniari burujabetza hori errekonozitzen. Espainiaren jarrera-portaeren arabera, Katalauniaren independentzia Espainiak erabaki behar du. Katalauniak ez du bere buruaren jabe izan behar, aldiz, Espainiaren mende dago eta egon behar du. Ingalaterra-Eskozia erlazioa baino Espainia-Katalauniarena askoz okerragoa da. Beraz, ‘unionista’ kontzeptua Eskoziaren egoerarentzat egokia da; baino Katalauniako egoera deskribatzeko kontzeptu hori ez da aski.
Subjektu bat beste baten mende hartua eta bere buruaren jabetzarik ez duela adierazteko, nik ezagutzen dudan kontzeptu bakarra ‘esklabua’-rena da. Edozein hiztegi edo entziklopedian begira ezazu eta esklabuari buruz ematen duten definizioa bi edukin horietan datzala ikusiko duzu: batetik, subjektua beste baten menpe hartua dagoela eta, bigarrenik, subjektu hori ez dela bere buruaren jabe.
Baino badago egin beharreko beste oharra. Alegia, subjektuak, bai soziologikoki bai juridikoki,
banakoak eta kolektiboak izan daitezkela. Espainia kontzeptu kolektiboa da. Nazio eta estatu guztiak komunitate kolektiboak dira. Eta hortxe dago koxka: ematen diren definizioetan subjektu banakakoei bakarrik aplikatzen zaiela esklabu kontzeptua. 1967ko Nazio Batuen ebazpenak, ordea, herriei -subjektu kolektiboak direnak- autodeterminazio eskubidea errekonozitzen die, baino Espainiak ez. Orduan, menpekeria eta burujabetzaeza biltzen dituen kontzeptu bakarra esklabuarena baldin bada, zergatik ez zaie kontzeptu hori hainbat eta hainbat herriei aplikatzen? Inperialistei (esklabutzaleei) konbeni ez zaielako noski.
Badago gogoan hartu behar den beste gauza ere. Herri bat askatasun bidean abiatzen denean, komunikazioak edo propagandak garrantzi handia hartzen du. Horretarako, iritarrei, dituzten aukerak, erraz eta nabarmen jarri behar zaizkie begi aurrean. Bi hitzetan hobe. Independentzia ala...zer ?
Espainian independentistei aurre egiteko sortu diren unionistak, unionistak izatez gain, esklabutzaileak ere badira, ez baitdute Katalauniaren autodeterminazioa edo burujabetza onartzen.
Independentziaren bestaldean ‘unionismo’ kontzeptua erabiltzea -inperialismo Versus unionismo alegia- inperialismoaren mesederako bakarrik da. Dituzten aukerak hitz soil horien bidez plazaratzeak menpekeria izkutatu, inperialismoa mozorrotu eta errealitatea faltsutu egiten ditu. Orain oraingoz behintzat. Espainiak aitortu nahi ez duena da, Katalauniaren naziotasuna eta burujabetza ukatzean, unionistak baino gehiago esklabutzaleak bihurtzen direla.
Eta gauza bera esan dezakegu Espainia-Euskalerri arteko erlazioei buruz; oraingoz behintzat. Gure burua behar bezala defendatuko badugu, hitzen edukinak ondo neurtuta plazaratu behar ditugu. Eta alderdi politikoek herri esklabutzaren salaketa egiteko zailtasunak baldin balituzte, mugimendu sozialek egin beharko dute lan hori.
Dena dela, agian, zantzurik txarrena zera izan daiteke: Espainiak Katalauniarekiko duen erlazio mota hau aldatu nahi ez izatea. PPk ez du herri-esklabutza status hau aldatu nahi. PSOEk, berriz, Espainiako nazioen konfederazio librerik ez du eskeintzen; funtsean, oraingo statusaren jarraipena izango litzateken federalismoa baizik. Eta hara non, duela ordu batzuk, Espainiako TVan entzun dudanez, Rajoik eta Rubalkabak, Katalauniaren soberanismoaren aurka ekitearren, bat egin omen dute.
Gauzak horrela, inor gutxi harrituko da Otegi jaunak esan berri duenarekin (GARA, 2013/12/18): «Acertada perspectiva de la ciudadanía catalana al percibir que no hay opciones de un cambio en el Estado y decidir avanzar unilateralmente a la independencia».