Josu Iraeta
Idazlea

UPN: espainiar zaletasuna, nafarra baino

Egun eta zoritxarrez, nafar asko dira bere burua euskaldun sentitzen ez dutenak, hori egia da, eta jakin ere badakigu zergatik. Baina historia luzea da, eta askotan, okerrak zuzentzeko balio duena.

Udaberri dotorea bezain ederra aurrez-aurre dugunean. Zorionez, nafar guztien etorkizun baketsua bermatu nahian, asko, ikaragarri kostatako urratsak eman direnean. Nafar gizarte osoak –demokrazia nolakoa izan daitekeen ikusiz– hizkuntz ezberdinak garatzeko aukera eskuragarri dugunean, Jesús Aizpunen oinordekoak, bere betiko lelo anker, maltzur eta gezurtia plazaratu dute berriro. Bai, berriro.

Aspaldidanik, eta, «nola edo hala» aurreko lerroetan esertzen ohituta daudenak, sutan ditugu, oso haserre. Arrazoia; gaur egun, beraien eginkizun «apalak» eskaintzen dion oihartzun eskasarekin, ezin dirala bizi, ito egiten direla. Ez da aski, gehiago behar dute, eta horretarako, herriz herri «dantzan» jarriko dute, artalde berezi bezain lotsagarria.

Atzera begiratuz, jarri nahi gaituzte denoi. Nork ez du gogoratzen Miguel Sanz jaunari “Navarra no es negociable”, Nafarroa ez dago salgai, oihukatzen. Betiko lelo ankerrak dira korapiloa estutzen dutenak.

Nafarroaren berjabetasun politikoaren truk, beren feudo ekonomiko bezala eskuratu nahi dute “berriro” Nafarroa bera. Eta trukearen trukez, nolabaiteko autonomia fiskal eta administratibo hutsa izateraino hustu eta baliogabetu duzue, gobernamendu foral jatorrizkoa: 1841eko “Lege Hitzartu”-tik hasi eta gaur arte.

Nire ustez, horrelako sasi-politikaren emaitza kaltegarriena, Nafarroako “Foru Hobekuntzak” euskara ez aldarrikatzean datza. Botere Legegilearen erabaki ankerrak, nafar guztien aurrean agertzen duena da, herriaren hizkuntzaren historiari buruz ezjakintasun ikaragarria, eta ondare kulturalarekiko, lotsa eta gorrotoa.

Historiari jarraituz, ikus dezakegu, nola 1956ko azaroan, Francoren Diktaduraren urte latzenetan, Nafarroako Diputazioak Euskara Sustatzeko Saila sortu zuela, Vianako Printzea Instituzioan. Bertatik zioten; «euskara aztertu eta sustatzeko», baita «gure antzinako hizkuntza ohoratuaren biziraupena» bermatzeko, neurriak har ditzatela eskatu zieten erretoreei. Bada zerbait.

Hori aski ez, gainera euskaraz egiten zuten haurrei sariak ematen hasi ziren, baita 6.000 ale argitaratzen zituen hilabetekaria sortu ere.

Zer nolako garrantzia zuen garai ahietan jarrera honek euskararekiko, ematen digu jakiteak; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiak, Estatuko Administrazioak euskara baztertzeko zeraman politika berberari eusten zioten uneak zirela.

Beraz, UPNek tarteka erabiltzen duen mezu gezurti bezain faltsua; «Ojo, no admitimos injerencias de los vascos», gezurra bakarrik ez, bere ezjakintasun lotsagarria ere agertzen du.

Ezjakina izatea bada zerbait, baina gezurretan oinarritzea herriari luzatzen dioten mezu «salbatzailea», hori lotsagarria da.

Nik dakitenez, godoengandik hasita, euskaldun guztiak ziren baskoinak, eta baskoin guztien errege, Antso Handia. Eta nahiz Jesús Aizpunen oinordekoak, hil arte uka, Nafarroan sortu zen lehen aldiz (1878an) Sabino Aranarengandik baino lehenago, “Zazpiak Bat” lema ospetsua.

Historian zehar, Nafarroa Euskal Herria dela ukaezina da. Duela bi mila urteko Estrabonen Geografiatik abiatuta, «baskoi» deituak dira lurralde hauetako jendeak.

Hego Euskal Herriko beste lurraldeak, euskal hiztunak baziren ere, Bardul, Karistio eta Autrigoi deitzen zituzten. Beraz, Nafarrengandik dute «baskoi» izena.

Egun eta zoritxarrez, nafar asko dira bere burua euskaldun sentitzen ez dutenak, hori egia da, eta jakin ere badakigu zergatik. Baina historia luzea da, eta askotan, okerrak zuzentzeko balio duena.

Duela berrogei urte luze, Pio Barojaren ilobak –Julio Caro Barojak–, hitzaldi bat eman zuen Nafarroako apaiz talde handi bateri. Talde ederra osatu zuten bere aurrean, izan ere, aukeratutako gaiak hainbeste merezi zuen; «Euskal Herriaren jatorria».

D. Juliok bere hitzaldia amaitu ondoren, beste galdera askoren artean, honako hau luzatu zion Erriberako abade gazte batek:

D. Julio, Oliten jaioa naiz eta nafarra naizela esaten dudan zentzu osoan, aitor nezake «baskoia» ere naizela? Euskalduna alegia.

Hau Julio Caro Barojaren erantzuna: «Baskoien lurraldekoa zara, hori zalantzarik gabe aitor dezakezu, baina nafarra ote zaren, ez nago hain ziur».

D. Julioren erantzunak sekulako algara sortu zuen aretoan.

Lerro buruari helduz, esan beharra dago aspaldian «normalizazio eta inposaketa» hitzak, alor eta helburu ezberdinekin gure garunean sartu nahian dabiltzala. Itxuraz denetako balio duten hitzak dira, baina bazterrak nahasteko erabiltzen ari dira.

«Normalizazio» hitzak, bere baitan, bi esanaldi biltzen ditu:

a).- Hizkuntzaren «norma» finkatzen, arau gramatikalak, lexikoak, ortografikoak...

b).- Hizkuntza egoera «normalean» egotea, hau da; gizarte funtzio guztiak betetzea, alegia. Ingelesa, Frantsesa edo gaztelaniak, bere jatorrizko lurraldean egiten duten bezala.

«Normalizazio» hitz honen erabilera maltzur horrekin, UPNek agertu nahi ez dutena da; hizkuntzen finkapen eta hedapenak, konkistarekin batera, ekintza politikoaren barnean doazela. Hau da, beraiek inposatu nahi dutena onartzen den neurrian, dator «bere normalizazioa eta inposaketa». Eta ez besterik.

Hamarkadak mozorrotuta bizi arren, nabaria da, Franco eta Molaren oinordeko kuttunak zarete. Horregatik indarrez inposatu nahi duzue arrazoia. Zeure arrazoia indarrean datza. Beraz, ahulak, oso ahulak zarete.

Guzti honek ondorio latza baina argia dauka; Nafarroan Madrilek gobernatu dezan, zuek, UPNko jauntxoak, denetarako prest zaudete. Madrilek gobernatu eta zuek «agindu». Bahitu nahi duzue Nafarroa.

Buscar