Josu Juaristi
GAUR8

Uste baino hurbilago, Suitza eta Europar Batasuna

Sophie Kasser 25 urteko suitzarra da eta Erasmus hiru milioi ikasletara iritsi zenean, iazko uztailean, ospetsu egin zen, berarekin iritsi zelako ikasleen mugikortasunerako europar programa zifra borobil horretara. Hauxe esan zuen orduan Lausanako gazteak: «I wanted to get out of my small world and try something new».

Alegia, bere mundu txikitik atera eta zerbait berria ezagutu nahi zuela. Ohartuko zineten, segituan, suitzarrak ere Erasmusen dabiltzala. Normala. Suitzak eta Europar Batasunak lotura handiak dituzte ia esparru guztietan eta harremanak naturalak dira, eta arautuak daude bien arteko akordio ugariren bitartez. Eta ez Bruselarekin bakarrik, inguruko estatu kideekin ere era guztietako hitzarmenak dituzte. Suitza txikia ur komunitarioez inguratuta dagoen uhartea da, baina horrek ez du esan nahi isolatuta dagoenik, Erasmuseko albisteak islatzen duenez. Ez da Europar Batasuneko kidea, baina Europako bihotzean dago eta, dituen berezitasunak dituela, esparru horren parte da, integratuta dago hor. Onerako zein txarrerako. Eta, azken egunotan, alderik polemikoena ezagutu dugu, nahiz eta, aldi berean, alderik onenetako bati lotua etorri, demokrazia zuzenari.

Suitzarrak eskuin muturrak proposatutako eta bultzatutako ekimen herritar bati buruz bozkatzera zeuden deituak eta emaitzak Europar Batasuna aztoratu du. Beti ere lan beharren arabera, baina atzerriko langileen sarrerari kuotak ezartzea erabaki du Suitzak, baita Europar Batasuneko herritarrak badira ere.«Lehenengo, bertako langileak; gero, behar baldin baditugu, dagoeneko gurean bizi diren atzerritarrak eta, azkenean, kanpotik etor daitezkeenak»; hori da leloa. Horrekin batera, immigranteen senideen berrelkartzearen aurkako neurriak eta antzeko beste batzuk ere onartu dituzte erreferendumean.

Europako Batzordea eta hainbat gobernu kide asaldatu egin dira eta ondorioak iragarri dituzte, kontsultaren emaitzak Europar Batasuneko pertsonen eta langileen joan-etorri librearen printzipioa bortxatzen omen duelako.

Baina, hain Europar Batasunaren aurkakoa al da Suitzak hautestontzietan erabaki duena? Ezetz esango nuke. Zoritxarrez. Suitza beti izan da laborategi antzeko bat, miniaturazko Europar Batasunaren antzeko zerbait eta, sarritan, joera komunak islatu izan dituzte biek. Emigrazioaren aurkakoa (kanpokoa zein barrukoa; galdetu bestela Europako erdialdeko estatu kide askori) ez da berria. Suitzak beti hartu izan du parte EBk dituen immigrazio irizpideetan, beti ere «Europako mugak zaintzeko helburuarekin». Atea ixteko xede horrekin eta immigrazioari buruzko informazioa partekatzeko, 2012an, esate baterako, 220.000 euro eman zizkion Europako Batzordeak Suitzako Gobernuari.

Suitzak orain erabaki duena, finean, atea pixka bat gehiago ixtea da, komeni zaionean. Kuotak. Baina ez gaitezen engaina, horixe bera da Europar Batasuneko estatu kide gehienek aspalditik egiten dutena: atea itxi. Nobedadea, jakina –eta horregatik haserretu dira «europarrak» suitzarrekin–, EBko herritarrak Afrikatik datozen immigranteekin parekatu dituztela da, nolabait esateko. Europar Batasuneko batzuek Errumaniakoekin edo Bulgariakoekin egiten zuten antzera, bestalde. Esan behar da, dena dela, ñabardura dezente dituela erreferendumean erabakitakoak eta guztia indarrean sartzea kosta egingo zaiela. Baina, beste ezertarako ez bada ere, europar batzuk konturatuko dira orain, agian (agian, bakarrik), zer sentituko duen Afrikako, Amerikako, Asiako edo Europako ekialdeko immigrante batek atea ixten zaionean. Bistan da EBko herritar bat ez dutela atxilotze kanpamenduan sartuko, gero kanporatzeko, baina egoeraren karikatura izan daitekeena errealitate latza da afrikarrentzat, asiarrentzat... Suitzarrek erabaki dutenarekin, zoritxarrez, ados daude Europar Batasuneko gobernu (eta herritar) asko, funtsean, eta hori da kezkagarriena, sentimendu eta pentsamolde hori bultzatzen ari direla. Europa txiki egiten, alegia. Horren aurka borroka egin behar du ezkerrak, eskuina gailen ez dadin, ateak itxi ez ditzaten, Ceutako sarraskia errepika ez dezaten; belaunaldi berriek merezi duten gizarte berria eraiki dezagun, hobea, justizia sozialean oinarritutakoa, solidarioa, berdinagoa

Buscar