Itsaso Lekuona
Askapenako kidea

Venezuela, iraultzan eutsiz

Egunotan garaipen berri batekin esnatu gara Venezuelara begira gaudenak. Izan ere, alde batetik, oligarkiak eta inperialismoak prozesu iraultzailearen gaineko erreferendum gisan planteatu zituelako udal hauteskundeak eta bestetik, beheranzko joera irauli eta Chavismoak oposizioarekiko distantzia handitzea lortu duelako.

Hauteskundeon gaineko irakurketa hutsetik aldendu eta egungo egoeraren gaineko irakurketa sakonagoa egin beharrean gaude ordea. Honela beraz, nabari da sektore enpresarialek gerra ekonomiko bati ekin diotela azken hilabetetan, besteak beste prozesu iraultzailea ezegonkortzeko helburu argia bidelagun dutela. Honen aurrean gobernuak baina, hainbat neurri plazaratu ditu, prozesuan sakontzeko xedez.

Honela, azaroaren 19an Venezuelako Asanblada Nazionalak Nicolás Maduro presidenteari ahalmen bereziak emateko legea onartu zuen, eta egun horretatik aurrera, herritarrek pairatzen dituzten eraso ekonomikoei aurre egiteko neurriak ezartzen hasi da gobernu bolivartarra. Iruzurraren kontrako neurriak hain zuzen ere.

Aski ezaguna da Venezuelak inflazioarekin duen arazoa, iaz %20 eta duela bi urte %27koa . Aurtengo lehen hamar hilabeteetan %45 baina gehiagoko igoera izan baitute salneurriek.

Gobernuak aspaldi daki inflazioaren indize altu hau ez dela naturala, Venezuelan kontsumo-ondasunen gabezia kontrolatzen duten zenbait botere taldek nahita eragindakoa dela, espekulazioaren eta gaien pilaketaren bidez. Izan ere, oposizioari eta AEBei lotutako enpresak dira gai hauek kontrolatzen dituzten taldeak. Kontsumo-gaien pilaketak bi ondorio nagusi eragiten ditu. Alde batetik gaien salneurrien igoera eta salerosle espekulatzaileen etekin ekonomikoen handitze neurrigabea. Eta bestetik, gaien gabezia induzitu hau presidentearen aurka erraz erabili daitekeen arma bihurtzen dela, oposizioak maiz erabiltzen duena eta gaur arte gobernua kolokan jartzeko baliabidea.

Erasoek bere horretan jarraitzen duten arren iraultzaren bidean aurrera darraite. Hamaika akats egin badira ere, izan ere ezin aipa gabe utzi euskal iheslaria den Asier Guridirekin gertatua, nahiz eta egunotan zorionez kalean eta bere gertukoenekin egon, gobernuaren eta herri langilearen arteko batasuna gero eta koordinatuagoa da. Hau gertatzearen funtsezko arrazoiak, sistema komunalaren oinarriak pixkanaka finkatu izana eta «kaleko gobernua» deritzona izan dira. Elkarrekintza bateratutako ahalegin honek, herritarren beharrak eta arazoak gertutik identifikatu eta berehalako soluzioak aurkitzea ahalbidetzen du. Ez da ahaztu behar, kaleko gobernu honetan, presidenteaz gain, ministerioak, gobernazioak, alkatetzak, herri eragileak eta alderdi politikoak batera ari direla lanean, Venezuelako txoko guztietako errealitatean murgilduz eta benetako demokrazia parte-hartzailea bultzatuz.

Hala ere, Venezuelak etengabe jasan behar izaten ditu hedabide pribatuen irainak. Karibeko herrialde honetan inon baino argiago ikus daiteke komunikabide hauek inperialismoaren morroi eta erasorako tresna direla. Gerra ekonomiko honetan, Venezuelako eskuinak eta hedabide pribatuek, ustelkeria zein espekulatzaileak defendatzen dituzte modu irekian, merkatarien biktimizazioa sustatuz eta hornidura gabezia, desordena publikoa, anarkia, indarkeri edota inposaketa bezalako hitzak behin eta berriz errepikatuz.

Ekonomi eta komunikazio boikot mekanismo hauek ez dira berriak hala ere, Venezuelan bertan 2002-2003ko kolpe ekonomikoan eta petrolio etenaldian erabili ziren, eta bere garaian Salvador Allenderen gobernuaren aurka edota Kubaren aurka AEBk erabiltzen duen blokeo ekonomikoaren estrategiekin zerikusi handia daukate. Eraso hauek, sistema kapitalistaren botere hegemonikoa arriskuan jartzen hasten den edozein lekutan jartzen dira martxan inperialismoaren bide guztiak erabiliz.

Baina gaur egungo Venezuela ez da joan den mendekoa. Iraultza urteetan indarrean jarri diren legeek Gobernuak barne mailan mekanismo berri gehiago izatea bermatu baitute, eraso hauen aurkako erantzuna azkartuz. Horretaz gain, gobernu bolivartarra estatuen arteko elkartasun internazionalistan oinarritutako sarea osatzen joan da Alba erakundearen bidez. XXI. mende hasiera honetan askoz errazagoa da Venezuelarentzat bere herriaren horniketa ziurtatzea, injerentzia inperialista inposatzen saiatzen den oztopoen gainetik salto eginez eta berez zaila den proiektu sozialistaren garapena erraztuz.

Buscar