Martxel Toledo Garmendia

¡Viva Rusia! Eta zerbait gehiago ere bai!

Nire uste apalean, Espainiaren porrotak, momentuko euforiak sor ditzakeen poza kenduta, ez duelako Euskal Herriko selekzioaren etorkizuna ezertan aldatzen.

Errusian jokatzen ari den munduko txapelketan Espainiako futbol selekzioak anfitrioiaren aurka galdu eta kaleratua izan ondoren, ¡Viva Rusia! eta era guztietako esaldiak gailendu dira gurean, batik bat sare sozialetan. Badirudi, nolabait, etsaiaren porrotak gure gorputzean sortu duen pozak eragin handia izan duela, hori da behintzat ikusitakoaren ondoren nik ateratzen dudan ondorioa, alegia, porrotak, gurean «la roja»-rekiko dagoen amorrua askatzeko eta haserrea irudikatzeko balio izan duela.

Txapelketa honen harira, egun batzuk baino ez idatzi nuela hausnarketarako tartea ere izan behar zuela gurean gertatzen ari zena. Eta zentzu horretan doa hau ere, zeren, nire uste apalean, Espainiaren porrotak, momentuko euforiak sor ditzakeen poza kenduta, ez duelako Euskal Herriko selekzioaren etorkizuna ezertan aldatzen. Eta benetan, hori da borrokatu behar duguna, alegia, inoren aurka joan baino, egoera behingoz aldatzea eta gurearen ofizialtasuna irabaztea, horrela beste guztien parean lehiatu ahal izateko.   

Azken emaitza jakin bezain pronto eta jasotako txio batzuen harira,  Espainiak galdu arren ez nago pozik, penaz baizik ikusita gurean egunetik egunera «la roja»-k jarraitzaile sutsu gehiago dituela eta hori, guztiok galtzaile garenaren seinale baino ez delako idatzi nuen  twitterren. Eta horretan jarraitzen dut, alegia, besteen porrotaz gozatu baino gurearen egoeraz kezkatu beharko genukeelako.

Eta horretarako, uste dut ez dela nahikoa, soilik ¡Viva Rusia! eta antzekoak sare sozialetan oihukatzea eta plazaratzea, beste zerbait gehiago eta emankorragoa egin beharko genuelako, etorkizunean, «la roja»-k egiten duenari begira sufritzen egon beharrean geurea animatu ahal izateko. Baino horretarako, gurean, guztiok txipa aldatu beharrean gaude. Eta lehen azterketarako ez da asko falta, 2020an jokatuko delako Eurokopa eta Bilbo izango delako Espainiaren xede nagusia, horrek gurean suposa dezakeen guztiarekin, besteak beste, beraiekiko zaletasuna handitzea eta ondorioz, jarraitzaileen gorakada ere nabarmen handitzea.  

Horregatik, jarraitzen dut pentsatzen merezi duela borrokatzea, ezin garela eskuak gurutzatu  soilik Espainia edota Frantziaren porrotaren zain gelditu. Eta bide hori egitea, guztiori dagokigu, ez soilik kirolzale, elkarte eta federazioei, baita Instituzioei ere, besteak beste, selekzioak herriarenak direlako.

Gogora ekarri baino ez Eurokopako xede bat Bilbo izango zela jakin zenean, besteak beste, EAEko lehendakariak Iñigo Urkuluk esandakoa, bertan euskal selekzioa ikustea espero zuela edo eta Bizkaiko Foru Aldundiko Jose Luis Bilbao diputatu nagusi ohiak adierazitakoa, San Mamesen Eurokopa bai baina euskal selekzioa anfitrioi gisa jokatzen badu, bestela ez. Dagoeneko lehenengoa ziurtatuta dago, alegia, Eurokopako fase bat San Mamesen jokatuko dela eta sailkatuz gero Espainia bertan izango dela. Bigarrena, alegia, euskal selekzioak parte hartzearena, egunetik egunera zailago ikusten dudan erronka baino ez da.

Hala ere, ea adierazpenetik harago, hitzetatik ekintzetara pasatuta, euskal selekzioaren partehartzea defenditzeko gaitasuna eta ahalmena dugun eta San Mames futbol zelaian, ofizialki Espainiarekin batera gure selekzioa ere ikusteko aukera izaten dugun. Hori izan beharko lukeelako, koherenteak izanik gure selekzioarekiko, guztiok gure buruari jarri beharko genioken erronkatako bat.

Beraz, hurrengoan, ¡Viva Rusia! oihukatu ordez gora Euskal Herria ahoskatzeko aukera dugun, besteak beste, hori, benetan irabazten ari garenaren seinale izango litzakeelako. Eta jakina, behingoz irabaztera atera behar dugu, galtzen diren partiduak, soilik, lehiatzen ez direnak direlako. 

Buscar