Amaia Lopez
Ernai-ko kidea

Xubanen kasua dela eta

Dagoeneko 3 urte pasa dira Xuban gazte gasteiztarra hil zorian utzi zuela Ertzaintzaren pilotakada batek. Ibilbide luzeko beste pasarte errepresibo honi, beste asko luzatuko zitzaizkion, elkartasun kontzentrazioa zapuztea edota Cabacasen hilketa bera kasu.

Izan ere, jakin berri dugu Arabako Auzitegiak Xubanek jasotako zauriak pilotokada batek eragin izana errefuxatu duela. Inpunitatea eraisteko ibilbide luze honetan familia zein greba egun horretan Xubanekin batera parte hartu genuen gazteak behin eta berriz irainduak izan garela diogu, Aresen ahotik hasita eta auzitegiaren sententziarekin amaituz.

Esan beharrik ez dago inpotentziaz eta amorruz bizi dugula instituzio ezberdinen elkar konplizitatea. Hala, argi dugu justizia egiaren gainean eraikiko dugula, eta zalantza izpirik ez dugu poliziak Xuban hiltzen saiatu zela.

Egunean bertan, goizeko piketeetan entzun ahal izan genituen mehatxuek hala adierazten dute, bai eta egun osoan indar polizialek adierazitako jarrera bortitza ere. Ezin ahaztu, Xuban lurrean konbulsioekin zegoen bitartean adierazitako basakeria, paparrean zeraman pegatina ahoan sartuz.

Gure iritzia beraz argia da. Ez gara hitz egiten ari gehiegikeri polizial puntual batetaz, baizik eta inpunitatean eta izaera errepresibo lazgarrian oinarritzen den eredu polizial batetaz. Gauzak horrela, egun gutxitara jazotako Cabacasen heriotza edota aldez aurretik Martxoaren 3an emandako eserialdian eragindako zauritu andanak hala erakusten du. Gaurkoan gainera, PNV piloten erabileraren alde lerrokatu izanak atzera pausu nabarmena suposatzen du.

Hala edo nola, Egia eta Justizia Martxoaren 29 hartan kalera ateratzera eraman gintuen borroken gainean eraikiko dugu. Xuban egun horretan zauritua izatera eraman zuten arrazoiak berean jarraitzen duten bitartean, gazteok borrokan jarraitzeko hautua berretsi behar dugu.

Bide luze honetan ordea, hartu daitezela beharrezkoak diren neurriak indarrean dagoen eredu juridiko-polizial errepresiboa deuseztatzeko.

Buscar