Irune Gutierrez

Zarauzko Ebro Etxea

Eraikina desagertuz gero, artxibo batzuetara mugatuko zen Zarauzko historiaren zati hori. Garai horretako oso eraikin gutxi daude zutik Zarautzen, ondarearen kontzientziarik eta lege babesik ez zegoenean sarraskia egin baitzen.

Urriaren 29ko plenoan udalbatzarrak Ebro Etxea Zarauzko Ondare Historiko eta Arkitektonikoen katalogotik ateratzeko lehen pausoa eman zuen. Babes maila erdiko ondare kulturala izateko proposatuta dago Eusko Jaurlaritzarengatik, baina Udalak berriz, 1995. urtetik duen babesa kendu nahi dio. Zertarako?

Afinitate politikoak eta espekulazioak alde batera utzita, ukaezina da urte askotan zehar gure herriko eraikin kulturalen mantentzearen kudeaketa ez dela egokia izan. Izan ere, urte askotan zehar, eraikin Polikulturala delakoa egitera bideratu ziren esfortzu eta baliabideak, herriak dagoeneko zituen eraikin kulturalen mantentze lanak alde batera utziz. Ebro Etxearen egoera kudeaketa horren adibide argia da.

Orain, Udalak Ebro Etxeak duen egoera txarrarekin ez duela balio arkitektoniko nahikoa babestua izaten jarraitzeko argudiatzen du, beraiek kontratatu duten arkitektoak egindako txostenean oinarrituz. Hori dela eta, «eskuak lotuta ez izateko» babesa kentzea proposatzen du. Baina, zer esan nahi du eskuak lotuta ez izateko? Izan ere, eraikin babestuak horretarako dira babestuak, momentuan dagoen gobernuak nahi duena egin ahal ez izateko.

Gainera, Udalak eraikinaren inguruan «zalantzak» dituela dio eta ahalik eta informazio gehien jasotzea komeni dela, baina aldi berean, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Ondasun sailak hilabeteko epean ez badute txostenik bidaltzen, prozesuak aurrera jarraitu ahal izatea proposatzen du. Zergatik dago hainbesteko presa?

Bestalde,  Udalak kontratatu duen arkitektoaren txostenaz gain, herriko arkitektoak beste txosten bat aurkeztu du, guztiz kontrakoa. Honek, balio arkitektonikoaz gain balio historikoa kontuan ere hartu beharko litzatekeela dio. Gainera, dituen kalteak mantenimendu faltarengatik direla dio, adin honetako eraikinetan izaten diren kalte normalak direla, ez dutela neurriz kanpoko inbertsioak eskatzen eta eraikinak behar dituen konpontze lanak erabat bateragarriak direla gaur egun duen babesarekin. Iritzi berdinekoak dira Donostiko Ancora erakundeko arkitektoak ere eta sare sozialetan aldarrikatu dute Ebro Etxearen babesa mantentzearen garrantzia. Beraz, ez al litzateke hobeto aztertu beharko eraikinaren balioa horrelako erabaki bat hartu aurretik?

Ebro Etxea gure herriaren historiaren zati bat da. Eraikin desberdin bat da, garai bat adierazten duena. Azucarera del Ebro enpresak eraiki zuen 1940. urtean langileek beren haurrak udalekutara hona ekartzeko. Zarauzko turismo mota aldatu zuen eta Zarauzko historiaren aldaketa suposatu zuen.

Eraikina desagertuz gero, artxibo batzuetara mugatuko zen Zarauzko historiaren zati hori. Garai horretako oso eraikin gutxi daude zutik Zarautzen, ondarearen kontzientziarik eta lege babesik ez zegoenean sarraskia egin baitzen. Dagoen horretatik ahalik eta gehien manten dezagun herriaren historia eta arkitektura babesteko. Gainera, balio historiko eta arkitektonikoaren garrantziaz gain, Ebro Etxea Zarauztarrona da, guztiona da eta aukera ugari eskaini ditzake eraberritze lanak eginda.

Horregatik, Ebro Etxearen babesa mantentzeko sinadura bilketa jarri dugu martxan. http://chng.it/8G6LPVPPQn

Buscar