Gurutz Garmendia Osinalde
Auzolan ekimena

Zazpi Euskal herriak bat egin dezagun

Krisi garaietan omen gaude eta badirudi denok ere zalantzaz josita gabiltzala. Eta zorioneko krisiak hainbat eragin dauzka eguneroko bizimoduan. Ez da erraza gero aipatutako eraginen zerrenda egitea eta badirudi benetan ere gauzak okerrera doazela. Bainan zenbat krisi daude? Ezagutzen dugu ekonomikoa eta pairatu ere bai. Hor dago energetikoa, hortxe gaiñean baita ere politikaren krisia eta politikoen ustelkeria.

Eta zerrenda luzatu heinean, orriak eta orriak bete daitezke era guztietako krisiak aipatuaz. Luze luzea bai zerrenda, gezurreteroen sudurren hainakoa eta benetan ere ez ote da horixe bera hitzik egokiena gertatzen denaren berri emateko? Krisia deitzen dioten kaka guzti hau gezur handi bat besterik ez izatea? Zalantzak eta egonezina nagusi bazter denetan eta ondorioz galdera transzendentalak bi pestako egunkarietan. Nondik gatoz eta nora goaz. Eta Platon eta Deskartes. Eta greziar eta erromatar mitologia bazter denetatik, egiptokoa ez baldin bada.

Eta benetan ere erortzear edo behintzat oso kolokan aurkitzen da pairatzen dugun sistema kapitalista globalizatzaile liberal berri eta zergatik ez, faxista ere bai. Baina zer etorriko da erorketa horren ostean? Ez da erraza jakitea. Jakizak hi. Hau hasi besterik ez omen den egin. Hamaika ikusteko jaioak gaittuk. Eta horregatik dator hein handi batean geure jatorrien berri izateko gogo gero eta biziagoa. Eta ez da gero iñorri ere ezer kentzeagatik, baina euskaldunok nondik gatozen eta nora goazeneko galdera, era eraginkorrenean irudikatzeko gaitasuna izan dugu arbolen eredua jarraituaz. Harreman oso berezia daukagu euskaldunok arbolekin eta izenak ere partekatu egiten dittugu eurekin. Haiek bezala izerdia jariatzen dugu, begiak dauzkagu, ipurdia... eta oso bereziki sustraiak eta jatorriak dauzkagu, enborra eta gaur eguna eta adarrak eta etorkizuna. Iñongo plan estrategikorik aipatu ere egiten ez zenean, gure arbasoek eredu horrekin bat egiten zuten lan eta ondorioz erabakiak ere horrela hartu eta antolatu. Aurreneko nondik gatozen jakin behar, gero non gauden ondo aztertu eta horren arabera geure etorkizuna irudikatu ahal izan. Hauxe beraz arbola eredua.

Eta egiak egi, itzela da euskal kulturako jakinduria. Europa zaharra deitzen zen kultura zabal eta aberats hartako ondorengo zuzena eta sustraiak mendeetako denboran oiñarritzen dittuena. Badirudi Euskara bera ere hizkuntza soila baino zerbait gehiago izan zela jatorriz behintzat eta oso zabaldua egon zela Europako mendebaldean gutxienez. Oso bestelako ereduak ezagutu izan dittugu euskaldunak eta badirudi benetan ere herri batzarrek, auzolanek eta herri ondasunek gizartea antolatzerako orduan garrantzia itzela izan zutela. Eredu erabat berdinzaleak landu eta bizi izan zituzten eta euskaldun guztiak libre omen giñen izate hutsez antxiñako usadioen arabera. Geure buruagaz harro egoteko argudioak dauzkagu beraz jatorriei dagokionaz, sustraiez alegia. Baina zer esan enborraz? Gure gaur egunaz alegia? Hortxe galdera zitala gero. Zer eratako gizarte nazkantetan bizi gaittun gero? Denok zakiagu non eta nola bizi gaittuken. Eta honek ez dik itxura onik.

Baina okerrak oker, alde onik ere bada eta adibidez AHT deitzen den mamorro zikiña martxan jartzeko sosik ez omen dago eta bestalde, Euskal herriko zenbait herri ere badirudi matxinatzen hasiak direla. Bada bai etorkizuneko adarretatik, kimu berriak ernetzen ari den santsurik ere, illuntasunean ikusten diren argi izpiak bezalaxe. Hor dauzkagu Donostiako gazteen Aske gunea, Gasteizko atxiloketak eta oso bereziki Ondarruko zubia.

Sustrai sendoetatik bakarrik sortu zitekeen kimu berria. Arrantzale sufrituen herria. Gaur egunaren azterketa zorrotza egin eta jatorrietaz harro agertzen den herria. Batzarrak, auzolana eta herri ondasunak ezagutu eta berriro berreskuratzea erabaki duen jende multzoa. Euskaldunen betiko berdintasun eta askatasun ereduak sutsu eta irmo babestu dittuen herria eta horixe beragatik hainbat aldiz zanpatua izan dena, baiña kimuak hortxe daude. Itturri zaharretik datorren ur berria bezalaxe datoz, arbola zaharreko kimu berriak eta ardurak hartzeko ordua iritxi da. Preso eta iheslari guztiak etxeratzeko ordua iritxi da eta atxiloketa faxistak behin betikoz gelditzekoa. Behin ere ez garelako aske izango, gutako auzotarren bat preso dagoen bitartean. Urtza eta beste guztiak etxean eta libre nahi dittugu oraintxe bertan.

Buscar