Mila Dominguez
Euskadiko Garapenerako GKE Koordinakundea

Zein da zein?

Osasun zaintzarik eza, edateko urik eta saneamendurik eza, eskolara joateko aukerarik eza, gosea, gizon-emakumeen arteko desberdintasunak, langabezia… horiek guztiak giza-eskubideen urraketak dira eta beren sustraia da gaur eguneko garapen eredua (kapitalista eta patriarkala), pobrezia eta herrialde pobretuen eta gure ingurukoen arteko aberastasun banaketa bidegabea.

 

Garapen eredu hau ez da sostengarria ingurumenaren aldetik, planetako baliabideak mugatuak direlako eta gure kontsumoa, aldiz, ez: mundu guztia biziko balitz Euskadin bizi garen bezala, hiru planeta beharko genituzke munduko biztanle guztien beharrak asetzeko.Gainera, bidegabea da emakumeek ez dituztelako gizonen eskubide eta aukera berdinak eta, hainbat biolentzia mota direla medio, emakume asko gizonen mende daudelako emakume izate hutsagatik: garapen bidean dauden herrialdeetan emakumeek oinarrizko elikagaien %70 ekoizten dute, baina lurraren %1baino ez dute kontrolatzen. Inmorala da, gerra eta gatazken bidez giza eskubideen urraketa lotsagarriak justifikatzen direlako, horrek berekin dakarren gastu militarra ahaztu gabe: 2009an Espainiako gobernuak egunean 51 milioi euro eralgi zituen gastu militarretan. Beraz, funtsean, insolidarioa da, herrialde aberatsen eta pobretuen arteko aberastasun banaketa eta harreman bidegabeak sustatzen dituelako eta bigarren horien garapena eta aukerak balaztatzen dituelako: aberatsenen %10a munduko aberastasunaren %85aren jabe da. Horra hor garapen eredu honen arazo edo defizientzia batzuk.

Munduko aberastasunaren banaketari buruzko estatistika berri batek dio 40 herrialde aberatsenetako biztanleen ondarea 40 nazio pobreenena baino 198 aldiz handiagoa dela. 5 herrialde aberatsenetako pertsonako aberastasuna 5 herrialde pobreenetakoa baino 1.700 aldiz handiagoa da. Azken hamar urte hauetan jaitsi egin da herrialde aberatsen eta pobretuen arteko desberdintasun maila, baina jaitsiera hori gertatu bada izan da herrialde aberatsen aberastasun espekulatiboa murriztu egin delako, eta ez herrialde pobreek aurrera egin dutelako.

Nazioarteko elkartasunaren eta lankidetzaren arloan lan egiten dugun GKE garen aldetik, funtsezkoa iruditzen zaigu lehendik existitzen diren pobrezia egoerei aurre egitea –lankidetza proiektuen bidez-, baina baita ere hiritarren aurrean salatzea zeintzuk diren pobrezia eta desberdintasunak eragiten dituzten egiturak. Eraldaketa honetan ezinbestekoa da norbanako bakoitzaren erantzukizunaz jabetzea, garapen eredu berri bat lortzeko; garapen eredu bat, denontzako justuagoa, berdinagoa eta sostengarriagoa dena eta kapitalismotik eta patriarkatutik urrun dagoena.

Pobrezia eta herrialde aberastu eta pobretuen –eta baita ere gure ingurukoen- arteko desberdintasunak ez dira kasualitatez sortutako fenomenoak. Badira horiek eragin dituzten zenbait arrazoi eta ezinbestekoa da denak identifikatzea fenomeno horiei aurre egin eta desagerrarazi nahi baditugu eta justizia soziala lortu nahi badugu. Beraz, ez da nahikoa pobrezia eta desberdintasun egoerak salatzea, hau da, hatzarekin seinalatu behar ditugu eragileak eta izena jarri.

Horixe da, hain zuzen, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak abiarazitako ‘Zein da zein?’ kanpainaren abiaburua. Inoiz baino beharrezkoagoa da bizi dugun krisialdi honetan herritarren jakinean jartzea pobreziaren eta desberdintasunen benetako arrazoiak eta ulertaraztea badauzkagula aldatzeko alternatiba eta proposamenak. Uste dugu oso garrantzitsua dela hiritarrei tresnak eskaintzea aldaketa sustatzeko eta pobrezia eragiten duten egiturak hausteko (bai gure inguruan eta baita ere Hegoaldeko herrialdeetan) eta berdin garrantzitsua dela lankidetzako proiektuak garatzen jarraitzea, proiektu horien bidez egoera hauen ondorioak arintzeko.

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearentzat prozesu interesgarria izan da, Koordinakundeko erakunde kideen arteko hausnarketa eta eztabaida sakoneko prozesu bat, zeren mundu global, konplexu, aldakor, interkonektatu eta krisiak bortizki kolpatutako honetan, ez baita erraza hiritarrei azaltzea zeintzuk diren pobrezia eta desberdintasuna eragiten duten arrazoiak. Hala, gure erakundearentzat aberasgarria izan da izen-abizenak jartzea sistema bidegabe hau sostengatzen duten eragile horiei, sistema bat non gutxi batzuek metatzen baitute aberastasuna eta kapitala, beste batzuk pobrezian bizi diren bitartean. Esan bezala, guretzat aberasgarria izan da gizartea sentsibilizatzen eta pobrezia borrokatzen jarraitu ahal izateko -ere- gure ingurune hurbilenetik.

Harrokerian erori gabe, baina herrialde pobretuen garapenaren alde eginiko lanean dugun esperientzia baliatuz, hiritar guztiak animatu nahi ditugu www.iniciativaquienesquien.org web-gunean sartzera, Zein da zein? kanpaina ezagutu dezaten, lehenengo urratsa baita hain premiazkoa den norabide aldaketa hori lortzeko eta frogatzeko egia bihurtu dezakegula garapenerako GKEok hasieratik aldarrikatu izan duguna, hots, Beste mundu bat posible dela.

Buscar