Martxel Toledo Garmendia
Euskal selekzioa BAI

Zer ari da gertatzen? Eta zergatik ote?

Aste honetan bete dira zazpi hilabete, ia 20 urte euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen hainbat eta hainbat ekimen ezberdin antolatzen aritu ondoren, gure jarduera etetea erabaki genuela adierazteko, euskal hedabideetara bidalitako agiria publikoa egin zela.

Bi aste lehenago,  martxoaren 7an hain zuzen, Bilbon egindako azken ekitaldi batean, Lokarrik ere, hainbeste urte bakearen alde ezberdinen artean lana egin ondoren bere desagerpenaren berri eman zuen. Eta orain gutxi berriz, urriaren 14an hain zuzen, hamabost urte nazio eraikuntzan aritu ondoren, Bai Euskal Herriari izan da mezu baten bitartez bere amaiera adierazi duena.

Argudiotara joanda gure kasuan genion ESAITen desagerpenak ez zuela ofizialtasunaren dinamikaren desagerpena suposatzen; alderantziz, esparruan lanean ari diren elementu guztien arteko sinbiosi eta elkarlana lortzearen xedearekin hartutako erabakia izan zela. Eta baldintza berriak probestuz, dei egiten geniola jendarte zein eragile desberdinei, ofizialtasunaren aldeko dinamikan indarrak batu eta Euskal Herria eskenatoki berri batera eramango duen mugimendu bat eraikitzera.

Lokarrik berriz hau zihoen: «Elkarrizketa, adostasuna eta aniztasunari errespetua amets bat besterik ez dira izan. Orain aukera ezin hobea dugu gure historiako aro beldurgarri honekin bukatzeko eta etorkizunean berriz ez gertatzeko».

Bai Euskal Herriari eragileak ere egin du bere hausnarketa 15. urteurrenaren bueltan kokatzen gara, naziotasun eskubidearen inguruko hausnarketa borobilduta badugu ere aurrera egiteko giharrik ez dugula ohartu gara. Eragiteko gaitasuna erabat mugatuta dugula konturatu gara eta horrek eragile gisa ditugun helburuak betetzeko gaitasun eza adierazten duenez, gure jarduerari amaiera emateko unea iritsi dela deliberatu dugu. Amaitzeko, euskal herritarrei herri mugimenduan antolatzeko deia luzatzen diegu. Estatuek abian duten asimilazio estrategiari aurre egitea ezinezko izango baita, nazio eraikuntza helburu duen herri mugimendurik gabe.

Beraz, bere nabardurekin bada ere, hiru eragileok bakoitzak bere eremuaren etorkizunari begira, aurrera egin behar dela esanez amaitzen dugu, besteak beste, gure buruei hasieran jarritako helburu nagusienak, oraindik lortu gabe daudelako eta lor daitezkeela sinesten jarraitzen dugulako. Horregatik, denbora pasa heinean, pertsonalki argiago ikusten dut, batik bat geure eremuan, gertatutakoaren ondoren sortutako egoera honek ez diola inongo mesederik egiten euskal herriko selekzioaren aldarrikapeni, besteak beste, eguneroko aldarrikapen dinamikan hutsunea baino ez dutelako ikusten. Eta pentsatzen dut ez direla hutsuneak sortzeko garaiak, aldarrikapenaren bidetik herri honi eremu eta arlo ezberdinetan dagozkion eskubideak defenditzekoak baizik.

Arestian aipatu bezala, 2015 urtean zehar, tamalez, Euskal Herrian, gutxienez, bakoitza bere eremuan erreferente izan diren aipatu hiru eragile  desagertu dira eta seguruenik, beste batzuk ere, publikoki horren berri ez badute eman ere, bide berdina hartzeko hilzorian egongo dira, jakina baita gehienon egoera ez delako suziriak edo «katxafeiroak» botatzekoa. Hala ere, zorionez oraindik gelditzen dira beste batzuk, arazo pilo bati aurre eginez bada ere, bere eremuan lanean egunero jo ta su jarraitzen dutenak. Eta jakina, horiei gure babes eta laguntza guztia eman beharko genioke, bai herritarren aldetik zein erakunde politiko eta instituzioetatik, herri honen nazio eraikuntzan beharrezkoak izaten jarraitzen dutelako. Edo ez da egia azken 40 urte hauetan kasu gehienetan musu truk gainera Euskal Herrian herri mugimendu eta eragile ezberdinek egin duten lana gure herriarentzat izugarria eta bide batez garrantzitsua izan dela?  Horregatik, inori errua bota gabe, izatekotan, bakoitzak bere inguruan bilatu behar duelako, galdera da, orain bat batean batzuk desagertzeko eta beste batzuk hilzorian egoteko, zer ari da gertatzen?, zer dela ote? Militantziaren krisia? Babesa eta laguntza falta? Edo biak.

Azken bizpahiru urte hauetan, Katalunia aldera begira jarrita bizi gara, Estatu libre bat izateko abian duten prozesua dagoeneko bide onetik doalako eta guretzat, beraiek egiten ari direna eredu izateaz gain, bizitzen ari diren egoera ahalik eta azkarren bizi nahi dugulako. Eta zentzu horretan, nola ez aipatu independentzia lortzeko saiakera horretan, Katalan Herrialdeko herritarrek egunerokoan lortu duten protagonismoa, beraiek hasieratik motorra izanik, orain prozesuaren benetako gidariak ere bihurtu direlako.

Horregatik, uste dut, Euskal Herrian ere, herritarrek osatutako mugimendu eta eragileen beharrean jarraitzen dugula eta horregatik deritzot, guztioi baino batik bat, euskal instituzio eta beraiek kudeatzen duten erakunde politikoei dagokiela horrelako herri mugimenduei babesa emanez beraien iharduera sustatzea. Espainiako sasi-demokrazia aplikatuz, Estatua berak ilegalizazioaren bidetik jokoz kanpo uztea salagarria bada, gure erruz babesaren faltagatik desagertzeak ere, gutxienez, zer pentsarazi eman beharko liguke.

Horregatik eta orain gure inguruan elkarlanerako fronte zabal baten beharra ikusten denean, herri mugimenduaren eta militantziaren inguruan gertatzen ari denak, gutxienez, hausnarketa xume bat merezi du pentsatzen dut. Etorkizunerako inbertsio baino ez delako. Ea ba, horretarako gai garen.

Eta bide batez, nire elkartasuna eta babesa, egun hauetan Madrilen egiten ari den epaiketa politikoan inputatuta dauden Askapeneko lagunentzat.

Buscar