Maika Armendariz
Esteribarko Haurreskolako hezitzailea eta ELAko ordezkaria

Zer da 0-3 plataforma?

Plataforma hau Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko profesionalok osatzen dugu. 2001ean biltzen hasi ginen, 0-3 urteko zikloa hezkuntza etapa bihur zedin aldarrikatzeko

Parlamentu aurreko elkarretaratzean pankarta baten atzean «Soldaten igoera, ratioen jaitsiera» oihukatuz ikusten gaituztenek agian ez dute 0-3 plataforma ezagutuko.

Bada, plataforma hau Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko profesionalok osatzen dugu. 2001ean biltzen hasi ginen, aldarrikatzeko 0-3 urteko zikloa hezkuntza etapa bihur zedin. Eta, azken helburu horrekin, gure sektore prekarizatu eta feminizatuko lan baldintzak hobetzea bilatu nahi dugu. Izan ere, badirudi gure lanak ez duela garrantzirik, horrela dirudi Nafarroako Gobernuaren eta udal administrazioen trataera ikusirik.

Hori horrela izanik ere, ukaezina da 0-3 urteko lehen etapak pertsona baten bizitzan duen garrantzia. Garai honetan izaten baita gizakion garapen handiena maila fisiko, kognitibo, sozial eta afektiboan. Hori dela eta, adin honetako haurrek kalitatezko hezkuntza bermatuta izan behar dute. Beren ongizate fisiko eta emozionalaren oinarria den giro lasai eta errespetuzkoa eman dadin.

Gobernuak aldaketaren bat izango ote zuen zain egon ondoren –horixe zen nagusi, «aldaketarena»–, eta ez zenez ezer gauzatu –nahiz eta bere programa akordioan jaso–, plataforma berriro elkartu zen, inoiz baino indar handiagoz eta borrokatzeko gogoz.

0-3 plataformak aldarrikapenen dekalogo bat du; baina, oraingoz, ziklo horren kalitatea hobetzeko funtsezkotzat eta premiazkotzat jotzen ditugun bi ardatzetan jarriko dugu arreta.

Lehenik eta behin, 28/2007 Foru Dekretua aldatzea, bertan ezartzen baitira hezitzaile bakoitzeko haurren ratioak, hau da, Haurren Arretarako Europako Sareak gomendatzen duenaren bikoitza. Hemen, 0-1 urteko 8 haur ditugu hezitzaile bakoitzeko, eta Europan, 4. 12, 1-2 urtekoak; Europan, 6; eta 16, 2-3 urtekoak, eta Europan, 8.

Ratio horien edo erdiak izatearen arteko aldea izugarria da. Alde batetik, haurrak osoki gara daitezen, pertsona heldu batek lagunduta —eskolan duen erreferentzia irudia da hori—, beren indibidualtasunei aurre egin, beren beharrak entzun, emozioak errespetatu… Eta, bestetik, osasun fisiko eta emozionalerako, baita hezitzailearen osasunerako ere.

Gainera, gure bigarren erreibindikazioa da zikloko profesionalen soldaten igoera; izan ere, gure ustez, 1.100 euro –bi aparteko paga hainbanatuak– ez da gure ardurarekin bat datorren soldata. Kasu gehienetan ez dugu antzinatasunik kobratzen, ezta KPIa ere, 2012az geroztik. Eta ez dezagun hitz egin garbitzaileez eta jantokiko laguntzaileez, horiek ere erantzukizun handia baitute, LGSra ozta-ozta iristen den soldata horrengatik.

Argi dago bokazioa, etengabeko prestakuntza eta gure lanerako ilusioa ez direla aski. Gurasoekin bizi ez bazara, edo bikotekiderik baduzu, ezin duzu hipoteka edo alokairurik ordaindu, eta duintasunez bizi.

Beraz, gure sektoreak bizi duen ezegonkortasuna dela eta, kalera atera eta gure egoera agerian uztea erabaki dugu.

Bada garaia gure gobernuek 0-3 zikloan inbertitzeko, etorkizuneko gizartearen kalitatean inbertitzeko.

Hurrengo aurrekontuak eztabaidatzen ari diren agintariei dei egiten diegu diruzko partida garrantzitsu bat erabil dezaten ziklo hau duintzeko eta hobetzeko; bestela, aurrean izango gaituztelako.

Eskerrik asko laguntzen diguten familiei, sindikatuei eta eskola komunitateko gainerako kideei; eta profesional guztiak animatzen ditugu kalera ateratzera, gizarteari gure egoera erakustera.

Eutsi goiari, lankideok!!

Buscar