Aitor Montes Lasarte

Zer da emakume bat?

Gauzak sailkatzeko grina daukagu gizakiok. Hizkuntzak sailkatzen ditugu, adibidez: erromanikoak, eslabiarrak... Izaki bizidunak ere sailkatzen ditugu eta, horren arabera, izendatu: lehendabizi generoa, gero espeziea. Cannabis sativa landarea, adibidez, eta hori kontsumitzen duen Homo Sapiens artaburua. Gizakia. Hau ere banatzen dugu nazio, hizkuntza, erlijio, klase edo sexuaren arabera: batetik emakumeak, bestetik gizonak, kode binarioan, 1, 0, 1, 0. Azkenaldian halere, bolo-bolo dabil sexu-bereizketaren artifizialtasuna, berez naturala ez dena eta gizarteak zazpigarren egunean sorturikoa, egilea siestan zegoela baliatuz. Eta geure buruari galdetzen diogu: zer da emakumea? Izan ere, gizona nor den argi baitago, baina emakumea? Niri ere, medikua izateagatik akaso, galdetu izan didate, aurrez aurre bota: zer da emakume bat? Galdera ona zalantzarik gabe eta ondo planteatuta, «zer» eta ez «nor» edo «zein». Horrenbestez, mediku bezala erantzungo dut, egunero ikusten baititut horrelakoak kontsultategian. Ez dut denborarik galduko XX edo XY kromosomen gai korapilatsuan, ezta Klinefelterren sindromea azaltzen ere. Eguneroko kontsultaren errealitatea deskribatzera mugatuko naiz.

Emakume asko daude, jendearen erdia edo izateraino. Hainbeste, ezen sailkapen binarioaz gain nolabaiteko gradazio edo mailakatze bat egin daitekeen. Horietako asko ikustekoak dira: ama dira edo izango dira, umeak erditu eta zaintzen dituzten horietakoak. Amatasun baja miserablea ematen diegu, edo lanaldiaren murrizketa eskatzera behartu, soldata murrizketarekin batera. Ahal duenak eszedentzia bat eska dezake. Dirua ala denbora eta, azkenean, ez bata ez bestea. Soldata osoa eskaini geniezaizkiekeen, urte batez, hiru urtez. Edo lanera joaten utzi, guk euren seme-alabak zaintzen ditugun bitartean, baina ezta hori ere. Gurea gizarte binarioa da; batzuek badezakete eta beste guztiek ez. Emakume hauek ez daukate astirik, dirurik, olioa eta arrautza legez lehena zein den jakin gabe. Lehendabizi, oilarra. Gehien baloratzen dena eta gutxien daukaguna kentzen diegu emakume hauei, gizarteak aurrera egin dezan: denbora.

Badira emakume asko ia ikusezinak direnak, etorkinak batez ere, arrazializatuak. Ostalaritzan lan egiten dute, garbiketan, edo gure gurasoak zaintzen. Euren zapalkuntzari esker mantentzen dugu arreta soziosanitarioa eta oinarrizko zerbitzuak. Eskerrak! Euren lan baldintzak eta soldatak duinak izango balira, garestia izango litzateke gure zaintza. Zergak igo beharko lirateke, edo gure poltsikotik ordaindu, aldez edo moldez, gure aisialdirako gaitasuna zeharo mugatuz. Gaur egungo osasun sistema ez da jasangarria emakume hauen zapalkuntzarik gabe.

Badira beste batzuk guztiz ikusezinak direnak. Zaharrak, nagusiak, adinduak, atsoak. Hauek itsusiak dira, ezin dira jada amak izan eta, gainera, ez dute etxetik kanpo lanik egiten. Hauei ez zaie gizonei ematen zaien osasun arreta eskaintzen. Ez zaie jaramonik egiten eta, horrenbestez, euren osasuna eta bizitza-kalitatea askoz txarragoak dira. Argi eta garbi esan dezaket, medikua bainaiz.

Badira beste batzuk aurrean dauzkagunak, agerian, baina guztiz estalita daudenak kalera irteten direnean. Hauek ikusten ditugu baina ezer ikusiko ez bagenu bezala jokatzen dugu, gogoa estalirik. Euren ardura dela argudia dezakegu, eurek onarturiko estalketa. Zapi koloretsuek margozturiko elkarbizitza, emakumeen balioaren neurriko zapiak, isildutako aho batez adostuta.

Zapalduak, astirik ez daukatenak, mendekoak, ikusezinak... Zapalkuntzak egiten ditu emakume, ez aluak. Eta milaka dira, milioiak, jendearen erdia.

Prostata da gakoa, ordea, zapalkuntzatik ihes egiteko. Giltza, zubia. Bada emakumeen multzoan gutxiengo bat, infinitesimala kopuruz baina maila gorenekoa eskalan. Hauek prostata daukaten andreak dira. Gizonak bezala, ez daude horren zapalduak: astia daukate, ez dituzte umeak edo nagusiak zaintzen. Gainera, hedabideetan lehen aipaturiko emakumeek ez daukaten presentzia bermatzen zaie, ez baitute emakumeen zapalkuntza kolokan jartzen. Adin batetik aurrera PSA igoko zaie, prostataren antigeno espezifikoa alegia. Medikuarengana joateko astia izango dute eta garaiz topatuko diegu prostatako minbizia, beste emakumeei ez bezala.

Badaukat paziente bat gizona dena, edo horrela ikusten du bere burua behintzat, beharbada horrela hezi dutelako. Lan gutxiago egitera behartuta, nolabait. Ikusgarria izatera, adina edozein izanda ere. Bere kasuan PSA bizkor igotzen ari da, behar lukeen baino hamar aldiz bizkorrago. Urologoa eta biok bat gatoz, behin erresonantzia (gizonei batik bat egiten zaien proba diagnostikoa) ikusi eta gero; larrua jotzeagatik ziurrenik. Diomedesek zaurituriko horrek tente jarri dio giltza eta zubia den prostata eta, horrekin batera, PSA madarikatua. Atera kontuak, Pandoraren kutxaren mitoa egitate bilakatuta. Errua emakumeena da.

Zer da emakume bat? Zapaltzen dugun hori.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar