Rober GUTIERREZ
Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Zer egin euskararen egoera hobetzeko?

Herritarrok, zerbitzuen erabiltzaile eta bezero ere bagaren aldetik, enpresei  hizkuntza eskubideekiko erantzukizuna exijitu behar diegu, eta gure esku dago Behatokia bezalako tresnak baliatzea, gure eskubideak urratzen direla uste badugu.

Behatokiak "Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2022an" txostena aurkeztu berri du. Herritarrok helarazten dizkiogun bizipenetan oinarrituta, hizkuntza eskubideei buruzko argazkia eskaintzen digu urtero eta, bere bitartez, agerian geratzen ari da euskaraz eroso bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaigula egunerokoan. Dokumentatuta geratu da, beste behin ere, euskaraz aritzeko zailtasunak daudela, ahoz zein idatziz, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere. Txostena atalka antolatuta dago eta, adibide ugariren bitartez, zenbait arlotako irakurketa orokor bat egiten da.
 
Eremu sozioekonomikoaren aldagai esanguratsuenei dagokienez, nabarmendu beharra dago Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako araudietan ez dela hizkuntzaren aipamenik edo gutxieneko betebeharrik jasotzen, ez paisaiari, ezta arretari dagokionez ere. EAEn, lege betebeharrak dituzten interes orokorreko zerbitzuetan, ordea, arau-hauste ugari egon ohi da, txostenean jaso den bezala. Energia hornitzaileek eta merkaturatzaileek, telekomunikazio enpresek, finantza eta aseguru etxeek, garraio enpresek edo-eta produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko jendeari irekita dauden establezimendu handiek maiz urratzen dituzte herritarron hizkuntza eskubideak. Eta horrek, gainera, ez du lege aldetiko ondoriorik izaten. Bestelako ondorioak izan ditzake, adibidez, herritarrek enpresa horiez daukaten irudian eta, noski, euskararen erabilgarritasunari buruzko pertzepzioetan.

Profesionalen zerbitzuetan, ostalaritzan eta bestelako negozio askotan euskararen presentzia eta arreta alboratzen dira, baina atzerriko hizkuntzetan eskaintza nabarmena izaten da. Halaber, oso gutxi izaten dira bezeroekiko informazioa, fakturak, tiketak, etab. euskaraz dituztenak. Merkataritza guneetan eta kate handien kasuan, adibidez, legeak hala behartzen duen kasuetan aurrerapauso batzuk izan diren arren, karteletan adibidez, orokorrean, bezeroei arreta emateko egiten diren kontratazioetan edota zerbitzu telematiko zein bestelako informazioetan euskarak ez du aitortza egokirik eta, arestian esan bezala, EAEn lege betebeharrak dituztenetako askok ere ez dituzte aintzat hartzen edo ez dira betebehar horietatik harago ausartzen.

Aurrera begira, zer egin dezakegu egoera hobetzeko? Askotan azpimarratu dugun bezala, bakoitzak bere eginkizunak ditu. Hasteko, administrazioek euskara eroso eta lasai erabili nahi duen herritarra erdigunean jarri behar dute, dagoen araudi apurra hobetzea eta aplikatzea bermatu behar dute, eta araudia ez betetzeak ondorioak izan beharko lituzke, beste edozein araudi betetzen ez dugunean gertatu ohi den bezala; bestela, berdin segituko dugu hogei urte barru ere. Bigarrenik, enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek erantzukizunez jokatu behar dute, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte erantzukizunaren parte baita. Hirugarrenik, sindikatuak interpelatu behar dira, hitzarmenetan egoera hobetzeko neurriak proposa eta aplika ditzaten. Herritarrok, zerbitzuen erabiltzaile eta bezero ere bagaren aldetik, enpresei  hizkuntza eskubideekiko erantzukizuna exijitu behar diegu, eta azkenik, gure esku dago Behatokia bezalako tresnak baliatzea, gure eskubideak urratzen direla uste badugu, egoera hobetzeari eta eragiteari begira.

Buscar