Zer gertatzen ari da (Gipuzkoako) EHNEn?
Horra aspaldian nekazaritza munduan dabilen galdera eta momentuz erantzun bateraturik ez duena gehienon gaitasun falta eta gutxi batzuen interes ezagatik. Horrela, Idatzi honekin, sektoreak orohar nozitzen duen eta sindikalgintza bera kutsatu duen etsipen giroari jarki eta eztabaida eraikitzailea sustatu nahiko nuke inoiz baino beharrezkoago dugun nekazaritza sindikalgintza biziberritzeko.
Gipuzkoako EHNE 1976an sortu zuten nekazariek helburu zehatz batekin: «Gipuzkoako nekazarien eskubideak, interesak eta nahiak aurrera ateratzea». Zalantzarik ez, oparoa izan da EHNE ren ibilbidea. Nekazarion klase kontzientzia piztu, elkarte eta kooperatibak sortzen lagundu, jendartean erreferentzialtasuna lortu, baserria alderdi politiko jakinen atzaparretatik askatzen saiatu eta nola ez Euskal Herri zein mundu mailako nekazarion arteko elkatasun loturak gitea izan dira besteak beste gure erakundearen lorpenak.
Zoritxarrez gauzak aldatu egin dira. Sektorearen gainbeherarekin batera arazoak pilatzen joan zaizkigu Euskal Herri mailako sindikalgintzan zein Herrialdekoan. Errekonbertsio basatiari aurre egin ezinik, ikuspegi kolektiboaren gainetik norbanakokeria nagusitu da. Haserretik hasarrera eta barne kohesioa auzoan. Istorio honen azkeneko atala Gipuzkoako EHNEk pairatzen duen blokeo egoera da. Hainbat gairen inguruan desadostasunak sortu ondoren, zuzendaritza bitan zatitu da. Zentzugabeko zatiketa-beldur eta jarrera beroak berariaz hauspotuz, sektore jakin batzuek eztabaida sanoari uko egin eta berau oztopatzen saiatu dira. Horrela, 11 kideko zuzendaritzatik, 7ren dimisioaren ondoren, eta quorum-ik izan ez arren, egun lau kargudunek bakarrik gobernatzen dute sindikatua Gipuzkoan. Egoera bideratzeko Gipuzkoako EHNEko Batzarrak ez-ohiko kongresua egitea agindu bazuen ere, ez da mandatua bete. Erakundearen egungo arduradunen eritziz ezin da kongresurik burutu gutxieneko adostasunak lortu arte.
Laburbilduz hona bi posizio edo proposamen nagusiak: Ildo ‘ofizialaren’ iritziz arazoak kideen arteko errespetu faltaren ondorio dira. Alegia, baserritar handiak baztertzeko, sektoretik kanpoko (?) elementuek kideen arteko talka artifizialak sortzeko gogoa dute, eztabaida antzuak aitzaki. Horrez gain, pertsona batzuen kudeaketa txarra eta egindako akatsek ekarri gaituzte egoera honetara. Ondorioz, ez dago sakoneko ararazorik eta hortaz, ez dute sakoneko aldaketarik beharrezko ikusten. Horrez gain, ekoizpen eredu guztiak zilegi direla uste dute. Beraz, errealitatea onartuz, nekazaritza produktibista eta beste eredu iraunkorragoen arteko elkarbizitza, ekologikoa kasu, posible dela diote. Sindikatuak ez du diskriminaziorik egin behar eta denak defenditu behar ditu maila berean. Barne Antolaketari dagokionez, Gipuzkoako EHNEren iraunkortasuna ez dute inola ere zalantzan jartzen. Sindikatua nekazaritzaren ardatz bertebratzailea izan behar du eta berritasun nagusia hauxe:Bailaretako EHNEko antolaketa tradizionala desegin eta sektoreak (Esnea, haragia,basoa,...) ordezkari banarekin izatea zuzendaritza osatuko dutenak.
Zuzendaritzatik kanpo gelditu garenok berriz, arazoak sakonak eta egiturazkoak direla diogu, estrukturalak, eta ez soilik pertsonalak. Sektoreak pairatutako errekonbertsio basatiak kolpatu du barne kohesioa nola ez, baina genonek ere akatsak egin ditugu. Nabarmenena diskurtso sindikal argirik ez izatea. ‘Denok gara baserritarrak’ esatearekin ez da nahikoa. Diskurtso orokorregia da ezinbestean eta konkrezio gutxikoa sobra ere. Egunerokotasunean kontraesanak azaltzeko baldintza ezinhobea. Arazo zehatzen aurrean erantzun zehatzak emateko garaian adostasunak huts egin du. Zerk mantendu du ordea itxurazko batasuna aurreko hamaika lurrikadetan? Zerk bultzatu ditu unean uneko konpromezuzko irtenbide txikietara? Politikaren polarizazioak. Orain, jada, mortairu hori ez da nahikoa etxearen pitzadurak ezkutatzeko.
Beraz, diskurtso argien garaia eta nere ustetan goldeari heltzeko aroa ere bada. Nekazaritza politikan lehentasunak jarri eta erabakiak hartu beharra dago. Denei berdin laguntzen dionak praktikan indartsuari egiten dio mesede ahularen kaltetan. Nekazari autonomo ugari eta baliabide naturalak zein ekoizpenezkoak banatzea baimentzen dituzten ereduak hobetsi behar dira, dudik gabe bide produktibistan sartu dena/dutena eta aldatzea nahi duenari lagunduz. Nekazaririk behar ez dituen ekoizpen ereduak ezin ditu nekazari sindikatu batek defendatu. Eta horiekin batera gehien sufritzen ari direnak lehenetsi (soldata atera ezinik, lurrik gabekoak, gazte-zahar eta emakumeak,...) . Hitz batean, ezkerreko nekazaritza politikak aldarrikatu eta martxan jartzeko unea da.
Antolaketari dagokionez, herrialdeko eredu sindikala agortuta dagoela deritzogu. Oinarri nahikorik gabe, herrialdeko sindikatua zimendurik gabeko egitura zaharkitua bihurtu da. 15 urtetik honuntzako pertsonen arteko arazo zikliko hauek ahuldade horren ondorio besterik ez dira. Gaur, Inoiz baino gehiago behar du euskal laborantzak tresna dinamizatzaile eta aldarrikatzaile eraginkorra. Aldaketa garaietan aldatu baharra dago. Beste nekazaritza ereduak posible direla frogatzeko eta eskeintza berriak egiteko,(elikadura subirautza, agroekologia,kontsumo taldeak,...) Garapen ereduaren inguruko eztabaida orokorrean, lurrarekin lan egiten dugunok ardura berezia dugu. Euskal jendarteak hala eskatzen ari zaigu, gainera.
Testuinguru berritzaile honetan barne antolaketari dagokionez gure proposamena honakoxea da: nekazari guztiak berdintzen gaituzten bailaretako antolketa horizontalak indartu tokian tokiko garaen ereduaren bidean. Eta gainontzeko herrialdetako laborarion sindikatuekin hausnarketa bat hastea ekarlanerako metodologia baten inguruan. Hain zatituta dagoen laborantza sektorean joera eta jarrera berriak sortu behar ditugu oreka berri baten bila. Benetako Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren edota denadelako berri baten bila. Probintzia eta azpisektoretako barreiatze eta sakabanatze fase batetik euskal nekazaien kolektiboa trinkotze fase batera igaro behar du ezinbestean.«Horra beraz egoeraren nere argazkia eta aurrera begirako proposamen zehatzak. Izenburuko galderari ematen diodan erantzuna eta beste argazki eta proposamenekin kontrastatu nahiko nukeena. Nekazari, deia egiten dizut beldurrak eta nagiak astindu eta parte hartzera eztabaida honetan, gardentasun, argitasun eta lasaitasun osoz. Ez da gutxi jokoan duguna.