Rebeka Ubera
EH Bilduko legebiltzarkidea

Zer gertatzen ari da Osakidetzan? Norantz goaz?

Hauteskunde-kanpaina burutzen ari zen bitartean jarduneko gobernua eta berau sostengatzen duen alderdia ez ziren eskuak gurutzatuta egon. Pasa den legegintzaldiko aldebakarreko jokabidearekin, elkarrizketa, negoziazioa eta adostasuna baztertuta, osasun-sistema publikoa, unibertsala eta ekitatiboa ahultzen jarraitu dute.

Osakidetzaren antolakuntza-eredua guztiz zatikatu dute. Gauza bera egitera datozen azpi-erakundeak sortzen dituen eta enpresa pribatuari sistema publikoaren ateak parez pare irekitzen dizkion dekretu-proiektuari hasierako onarpena eman dio Jaurlaritzak, eta litekeena da legegintzaldi berria hasi aurretik Gobernu Kontseiluan behin-betiko onarpena ematea. Dekretu horrek kontrol publikoa ezinezko bilakatuko du, ez dagoelako legebiltzarrik edo gobernurik hori kontrolatzeko gai izango denik. Administrazio publikotik, hots, guztion interes eta eskubideak bermatzea ziurtatu behar dituen sistematik, sistema pribatuari bezeroak eta finantziazioa bermatuko dizkion araudiaz ari gara. Horrek interes partikularrak indartuko ditu, alegia, herritarren interesa bestelako interesen menpe kokatuko du eta, are okerrago, herritarrak mailakatuko ditu. Dekretuak desberdintasun sozialak areagotuko ditu eta, ondorioz, herritarren osasuna norberaren egoera sozio-ekonomikoaren menpe jarriko du.

Guk oso argi daukagu osasun sistema publikoak, hezkuntzarekin eta gizarte-politikekin batera, aberastasunaren birbanatzailea, gizartearen kohesionatzailea eta aukera-berdintasunaren bermatzailea izan behar duela. Osasuna ezin da egon bakoitzaren posizio ekonomikoaren arabera. Hori hala gerta ez dadin, Administrazioak sistema publikoaren bidez kalitatezko osasun zerbitzu integralak eskaini behar ditu, baina aipaturiko dekretua, ordea, kontrako norabidean doa.

Dekretuak Bidasoaldean eginiko esperientzia pilotu baten bidez 2010eko abenduan abian jarritako Erakunde Sanitario Integratuen eredua (ESI) kontsolidatzen du. 2014ko abenduan abian jarri ziren ESI guztiak, ordura arteko ibilbidearen inolako ebaluaziorik egin gabe. Eredu horren bidez, Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren eredu publiko–pribatua (EAEn dagoen bakarra) Erkidego osora zabaldu eta egonkortzen da, urrats kualitatiboa emanez Osakidetzaren egituraren pribatizazioan.

Printzipioz, eskualdea oinarri duen erakunde sanitario integratuen eredua, guztiz publikoa bada, gustuko dugu hainbat arrazoi direla eta, baliagarria izan baitaiteke osasun politikak herritarrengana hurbiltzeko, lehen arreta indartzeko eta lehen arretaren eta espezialitateen koordinaziorako bitarteko bilakatzeko. Baina, zoritxarrez, kontrakoa ikusi izan dugu azkenaldian. Antolakuntza-eredu hori indarrean jartzerakoan probestu da plantilla murrizteko, lehen arreta ahultzen jarraitzeko eta eskualdeko ospitaleak husteko.

Hori guztia gutxi balitz, Kudeaketa Klinikorako Unitateak ofizializatzen dira, inolako eztabaidarik edo negoziaziorik gabe, ez Legebiltzarrean, ez eragileekin, ez eta Osakidetzako langileekin ere. Askok galdetuko diozue zuen buruari zer ote diren aipaturiko unitate horiek. Labur esanda, osasun profesionalen lana antolatzeko modu bat dira, kudeaketan parte hartzeko euren ahalmenean sakontzen duena eta hainbat erabaki hartzeko aukera ematen diena, ESIetako arduradunez gain. Baina, batez ere, profesionalen autonomiaren aldarrikapenean ezkutatuta, beste bikoizketa bat, beste zatiketa bat, egiten da praktikan. Izan ere, ESIaren menpe kokaturik dauden unitate horiei aukera ematen zaie ESIaren eremua gainditzeko eta gainerako ESIetako unitateekin zuzenean lan egiteko, kudeatzeko, kontratatzeko eta, okerrena, enpresa pribatuekin lan egiteko eta antolakuntza eta kudeaketa sistema osatzeko. Beraz, antolakuntza-sistema sinplifikatu beharrean, gehiago korapilatzen da, diru publikoaren kontrol publikoa lausotzeko, kontratazioen gardentasuna eragotziz, adibidez.

Eta horri guztiari gehitzen zaio ardura-organo unipertsonalen eta kolegiatuen izendapenak egiteko sistema. Izendapen horiek egiteko gaur egun dugun araudia oso agerian geratu zen Margüello auzian eta, horren ondorioz, 2010eko ekainean Legebiltzarrak sistema aldatzeko beharra adierazi zuen bertako Ikerketa Batzordean jasoriko gomendio eta ondorioetan, oso argi geratu zelako berriro ere ardura postuetan dauden profesionalen bateraezintasunak aztertu eta aldatzeko beharra. Izan ere, Osakidetzan interes orokorraren mesedetan arituko diren eta sistema publikoaren etorkizuna lideratuko duten arduradunak behar ditugu, herritar guztioi eskubidez dagokigun osasun arreta integrala jaso dezagun, osasuna norbanakoaren eta kolektiboaren ondarea delako, gizarte gisa dugun ondarea, eta ezin delako batzuen negozio bilakatu.

Buscar