Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Zer moduz zaude? Ondo!

«Arduradun sentitzen naiz Arkaitzen heriotzagatik. Abertzale, euskaltzale, ezkertiar edota demokraziazale zaren horri  diotsut garbi: gehiago egin behar nuen espetxe-politika hiltzaile honen aurka. Eta ozen diotsut ere urtean behin manifestaldi erraldoia izan denera joanda ere, ez ditugula kartzeletako erregimena eta kartzeleroak errotik aldatuko. Beraz, honela jarraituz gero, heriotzak eta betiko gaixotasunak ziurtatuta dauzkagu.»

Hau da euskal preso politiko guztien erantzuna, bisitara joaten zaienei zuzendua. Arropa txukunena soinean, eta irribarre zabal batez agertzen denean «lokutoriora», lehen agurren segidan: ongi nago, egon lasai!


Han oporrak pasatzen egongo balitz bezala, urruti, kanpoan, ikasketak egiten edo.


Minutuak ziztu bizian doaz! Etxekoaz galdezka: haurrak ikastolan pozik? Nitaz galdetzen al dute? Amona ondo al dago? Neba-arrebak? Sendatu al zen honelako...? Lanik aurkitu al zuen? Eta... agur esateko ordua heltzen da: kontuz ibili, elurra iragarri dute igaro behar duzuen mendatean eta. Gaizki ikusten baduzue bidea, hobe herriren batean gaua pasatzea. Kontu izan... eta deituko dizuet bihar bertan etxera, behar bezala heldu zareten jakiteko. Aditu al duzue? Agur maittia zaindu zaitez, agur bihotza, agur... Musuak kristaletik. Eta bihotzak kristalezkoak balira bezala hautsita, birrinduta.


Hala eta guztiz, barruko errealitatera itzuleran indarberrituta sentitzen da presoa, egia da. Maite dituen aurpegiak ikusi ditu, sentitu ere bai, nahiz ezin izan duen haien azala ikutu, elkar besarkatu eta musuen beroa bereganatu, baina bai haien maitasuna, haien poza begietan ikusi, «ondo» esan dienean. Dena «normal» doa esango dio bere buruari ez-normaltasun honetan. Eta aurrera egingo dio kartzelako egoera lardats eta jasanezinari, lagunak ondoan baditu... bai eta ez baditu ere. Ondotxo dakielako zergatik dagoen kartzelan, eta kartzela barruan beste kartzela batean, eta etxekoengandik urrun baino urrunago...  Euskal Herria gogo-bihotzean daukalako.

Garbi dauka, zigor erantsia eta mendeku zitala izango duela gainean euskal preso politiko militantea delako. Etsaiek, etsaiak izaki, ezin dutelako jasan Euskal Herriko gehiengoa euskal preso politikoek bizi duten egoeraren aurka dagoela.


Honek erakusten digu jende askoren hausnarketa gertatzen ari dela Espainiako zein Frantziako kartzeletako erregimenari buruz, eta oso poliki bada ere, egoera honen aurkako indarrak metatzen doazela.


Baina, izugarri gogorra egiten zait, pentsatze hutsak ere min ematen dit, horretarako euskal militanteen heriotzak behar ditugula kartzela barruan, konturatzeko norainoko krudelkeria erabiltzen ari diren euskal preso politikoen eta beren familien aurka.


Sinestezina, horrenbeste urtetan begi bistan zegoena: jipoi ikaragarriak; amaigabeko mehatxuak; kartzeleroen prepotentzia gero eta handiagoa; kartzela aldaketak maiztasun handiz Euskal Herritik urrutien dauden kartzeletara; familiekiko jarrera bortitzak; hau da, eskuak libre, euskal preso politikoekin nahi dutena egiteko. Sinestezina bai, honek guztiak ostrukaren ibilbidea egitera bultzatu gaituela, ez dugula ikusi nahi izan gero eta euskal preso politiko gehiagoren heriotza edota bueltarik gabeko gaixotasuna zekarkiela, alegia.


Arduradun sentitzen naiz Arkaitzen heriotzagatik. Abertzale, euskaltzale, ezkertiar edota demokraziazale zaren horri  diotsut garbi: gehiago egin behar nuen espetxe-politika hiltzaile honen aurka. Eta ozen diotsut ere urtean behin manifestaldi erraldoia izan denera joanda ere, ez ditugula kartzeletako erregimena eta kartzeleroak errotik aldatuko. Beraz, honela jarraituz gero, heriotzak eta betiko gaixotasunak ziurtatuta dauzkagu.


Konpromiso sendoagoa behar dugu, benetan euskal preso politikoak etxeratzea badagoela sinesten badugu.


Ondotxo dakit, sakabanaketaren diseinatzaile eta arduradun politikoak zein izan ziren: EAJ-PSOE-PPko zuzendaritza, eta denen gainetik EAJko buruzagi ohi Arzalluz, eta alderdi bereko Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Ardanza.


Egia esan behar badut, azkenengo hogei urteotan EAJren jarrera ikusi ondoren, zer esanik ez PSOE eta PPrena, ezer gutxi espero dut hauengandik espetxe-politika bere hondotik aldatu ahal izateko, eta zerbait mugitu izan direnean, etekin politikoa bereganatzeko izan da, orain arte bederen.


Beraz, majo presionatu beharko dugu inguru guztia, pertsona bezala, bakoitzak berea egin eta duena eman dezan euskal preso politikoak etxean izan ditzagun.


Hogeita hamar urte inguru bete dituzten hainbat euskal preso etxeratu berri direnean,  bete behar zuten «kondena» baino bost, sei eta zazpi urte gehiago eginda, pozak bildu gintuen, blaitu hobeto esanda. Bazirudien segidan zetozela gainontzeko bostehundik gorakoak. Baina, errealitate gordina Madrildik datorkigu beti: berrogei inguru diren gazteenganako epaiketa bukatu berri denean, gehienak espetxeratzeko asmoa dutela, alegia.


Gazteak dira Arkaitz bezala; pertsona konprometituak bere Herriarekin, Arkaitz bezala; Euskal Herria maite dute eta irribarrea dute ezpainetan, Arkaitzek bezala; beraz, guztiz arriskutsuak dira...


Ez diot neure buruari buelta gehiago eman nahi Joxe Arregiren hilketaren hogeita hamabigarren urteurrena oraintxe betetzen denean. Ordutik hona zubi azpitik ur asko pasatu da, inoiz ez, baina, ur bera, baina ubidea bai. Noiz hasita zenbat euskal preso politiko pasatu diren/garen polizia, guardia zibil, ertzainen komisarietatik eta espetxe berberetik... Ordutik hona ur bera ez bada, iturburu bera izan du, eta ubidea ere bai, itsasora heltzeraino.


Halaxe goaz, itxaropenik galdu gabe Askatasunaren itsaso zabalera heldu arte. Oraingoan, euskal preso politiko guztiekin eskutik helduta.

Buscar