Laikotasuna-Colectivo por la Laicidad
Zerga aitorpena eta Eliza katolikoa

Berriro diot, diru hori denon artean bete dugun kutxatik irteten da. Nahi ala ez denok gara Eliza katolikoaren sustatzaile.

25/04/2019

Hasia da zerga aitorpena egiteko epea eta, urtero bezala, hemen ditugu sekula ordaintzen ez dutenak, hots, Eliza katolikoa, denon artean betetzen dugun kutxatik zerbait lortu nahian. Mezuaren leloa, «hainbesterengatik» (Xtantos), eta estetika ez da urtetan aldatu: jende gaztea adinduekin, gaztetxoekin, elbarrituekin lanean guztiz irribarretsu; badirudi Estatuak baztertu dituenak direla Eliza katolikoaren lan eta gastu nagusia.

Eliza katolikoak ez ditu bere diruaren joan-etorriak argitaratzen; beraz, sinets genezake hala dela. Baina beste erakundeek beren kontuak argitaratzen dituzte eta, horrela, badakigu beti aurretik botatzen duten Caritasen gastuetatik Elizak apenas %2 ordaintzen dituela; beraz, Caritasi lagundu nahi diozuenek, ez markatu elizaren laukitxoa. Ministerioek ere kontuak argitaratzen dituzte; horien artean, Kulturakoak, aipatuz zenbat diru joaten den eliza, katedral, seo, kolejiata, ermita eta abar berritu, txukundu eta mantentzen, nahiz eta gero Elizak sarrera kobratu sartzeagatik. Adibide bat jartzearren: Kordobako meskita Elizaren izenean jartzea (immatrikulatzea) 30 euro kostatu zitzaion eta 2016an 18 miloi euro eskuratu zituen bisitek «emandako» limosnatxoekin; limosnatxo deitzen diote, sarrerak salduko balituzte, BEZa ordaindu beharko luketelako. Hori bai, limosnarik ematen ez bada, ezin da sartu; era berean, Defentsak esaten digu zenbat diru joaten den apaiz militarrak ordaintzen; Osasunekoek, eritegi publikoetakoek, hain zuzen Aragoin horrekin arazoak dituzte; Ministerioak Elizak berak baino gehiago ordaintzen duela eta nahiago dute bertan segi herri txikietara joan baino; Hezkuntza Ministerioak ordaintzen die soldata erlijio irakasleei; beraz, zer egiten du Elizak jasotzen dituen 250 milioi (hori da Elizak esaten duena) eurorekin?

Esaten zaigu ere «ez zaigula ezer kostatzen», eta egia da. Elizaren laukitxoa markatzen duenak ez du bestela ordainduko lukeena baino sos bat gehiago eman beharko edo gutxiago kobratuko, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den lez. Hemen batzuek erabakitzen dute denon diruarekin zer egin, katolikoek ez baitute bestelako kutxa bat betetzen eta bertatik dirua ateratzen. Denon artean bete dugun kutxatik ateratzen da. Gutxi gorabehera honela kalkulatzen da: lehenengo markatutako laukitxoak kontatzen dira eta gero laukitxoa markatu dutenek ordaindu duten dirua kalkulatzen da eta horren %0,7 Elizari ematen zaio. Baina, berriro diot, diru hori denon artean bete dugun kutxatik irteten da. Nahi ala ez denok gara Eliza katolikoaren sustatzaile.

Zer gertatzen da beste laukitxoarekin? Ba askotan Elizari lotuta dauden elkarteetara bideratzen dela, Caritas (Estatutik Elizatik baino hamar aldiz gehiago jasotzen du) edo Manos Unidas-era. Gerta daiteke erakunde horietako batzuk, zuzenbide kanonikoaren araberakoak izanik, emakumeak diskriminatzea edo konstituzioaren oinarrien kontrako zerbait lantzea.

Egia da asko daudela laguntzaren beharrean, baina baita ere milaka boluntario ari direla besteen bizimodua hobetze aldera lan egiten eta eskertzekoa da, baina egoera larrietan daudenen laguntza Estatuko aurrekontuetan prestatuta egon behar da. Gizarte helburuak hain garrantzitsuak direlarik Parlamentuari eta Estatu-politikari dagokio horiek definitzea, finantzatzea eta kudeatzea. Justizia soziala da zor zaiguna eta horretarako 250 milioi horiek erabiltzea askoz ere zuzenagoa iruditzen zaigu.

Honegatik guztiagatik Laikotasuna-ko kideok inolako laukitxorik ez markatzeko eskatzen dizuegu; are gehiago, Batzar Nagusiei exijitzen diegu datorren urtetik aurrera laukitxoak zerga aitorpenaren eskuorrietatik kentzeko.

Artículos
Maddalen Iriarte
15/09/2019
Iñaki Egaña
14/09/2019
Jesús María Aragón Samanes
14/09/2019
Olga Saratxaga Bouzas
13/09/2019
Cartas
David Freire y Leire Uria
11/09/2019
Juan Luis Mugertza Unanue
11/09/2019
Kattalin Ezkerra | Plazara Dantzara ekimenaren izenean
10/09/2019
Javier Orcajada del Castillo
09/09/2019
Últimos posts
Martin Garitano
13/09/2019
Martin Garitano
12/09/2019
Martin Garitano
10/09/2019