Josu Juaristi
GAUR8

Zeri begira jarri beharko luke Europar Batasunak?

Datorren urteko hauteskundeen ondoren, Europar Batasuneko erakunde guztiek helburu nagusi bat eduki beharko lukete inoiz baino garbiago: gizarte hausturari aurre egitea. Adituek iragarri dutenez, ekonomiak ez du hobekuntza nabarmenik erakutsiko datorren urtean, eta, aurreikuspenik onenetan, poliki-poliki etorriko da bere onera (ez orain dela urte batzuk ezagutu genuen egoerara, «bere onera» hori ere desberdina izango baita).

Alegia, gaurko krisiaren eta erabaki politikoen ondorioak sufritzen jarraituko dugula eta horrek inpaktu zuzena izango duela oraindik ere gizartean. 28 estatu dira kide Europar Batasunean; egoerak oso ezberdinak dira estatuen artean eta klase sozialen artean (gero eta ezberdinagoak), eta kohesioa bultzatzea izan beharko litzateke agintari komunitario guztien eguneroko lana, baina ez estatuei begira, orain arte bezala, herritarrei begira baizik.

Itxura batean, Europar Batasuneko eta estatukide gehienetako agintariak makroekonomiaren, bankuen eta abarren osasun egoera zaintzen ari dira, baina ez gizartearen osasun egoera. Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak eta datorren urtean Europako Batzordea presiditzeko sozialdemokrata europarren hautagaiak, behin baino gehiagotan errepikatu du Batasunak herritarrak errekuperatu behar dituela, herritarrei begirako politikak eztabaidatu eta erabaki behar dituela etengabe. Baina hitz dotore horiek ez dute islarik eguneroko politika komunitarioan. Gauza asko egingo dituzte, jakina, baina, emaitzak ikusita, ezin esan azken urteotan ezer asko aurreratu denik arlo horretan.

Desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira eta datozen urteetako aurreikuspenak ez dira batere onak. Ez da guk esaten dugun zerbait bakarrik, horixe baita Europako Parlamentuak, Batzordeak eta Kontseiluak eskatu duten txosten baten ondoriorik nabarmenena.

Aurkeztu berri den txosten horrek garbi adierazten die Europako Batasuneko erakundeei zer ari den gertatzen eta zer ez duten egiten: epe erdira eta luzera izan dezakegun gizartea (izan ditzakegun gizarteak) zer punturaino egongo den zatitua, desberdintasunez josia, eta horrek zer-nolako ondorioak izango dituen proiektu osoan.

Bide txukun eta posible batek nondik nora joan beharko lukeen ere iradokitzen du txostenak, hiru esparru nagusitan: herritarretan inbertitu (ahulenak babestuz, jakina), hazkunde paradigma berri bat prestatu (fokua herritarrengan ipiniz eta, horrekin batera, negozio bideak edo aukerak ere sortuz eta elikatuz), eta sektore publikoa eta gobernu erakundeak mende berrira egokitu. Ez hurrengora, jakina, honetara, XXI. mendera, garbi baitago gaurko erronkei aurre egiteko prestatu gabe daudela gehienak, baita Europar Batasuneko egiturak eta erakundeak ere.

Datozen hamabost urteetako joerak

Joerak aurreikustea beti da beharrezko, batez ere gizarte osoarengan eragina duten alorretan. Erabaki txikienetan edota lokalenetan egin beharrekoa baldin bada, agertoki komunitarioan, hau da, guretzat agertoki globala den honetan, are beharrezkoagoa. Europako erakundeen artean bultzatutako txosten horrek bost gai nagusi aurreikusi ditu: klase ertain berri baten gorakada (Europan); adineko populazioaren handitzea; langabezia eta lan merkatu berria edo desberdina; immigrazioaren inpaktua; eta konektatutako gizarteek eta gizabanakoek aldaketa positiboak eragiteko eta sortzeko duten ahalmena. Zerrendak zentzua du, esparru gehiago egon baldin badaitezke ere, jakina (genero berdintasuna; hezkuntzaren eta lan merkatuaren lotura; batasun digitala; eredu sozial desberdinen arteko batasuna edo, behinik behin, hurbiltzea…). Baina leku gutxitan ageri da, iparraldeko estatu batzuetan kenduta agian, txosten horretan idatzitako horri (zati bati, bederen) aurre egiteko benetako borondatea. 2014ko hauteskundeen ondoren ez da, besterik gabe, gauzak beste era batera egiteko bidea irekiko, ez behintzat ez bada gaurtik presionatzen, aurreikusten, prestatzen.

Buscar