José María Cabo
Filosofoa

Zertarako filosofia?

Wert-en legea onartu zenez geroztik dagoeneko hamar urte pasa dira eta, antza denez, Bigarren Hezkuntzako filosofia ikasgaiekiko lege horretako sorturiko ondorio larriak konpontzen hasi dira. Werten azken helburua –filosofiaren presentzia murrizten- “Historia de España” ikasgaiaren sustapena zen, “katalandarrak”, eta apika baita euskaldunak ere, “espainializatzeko”. Lege hori abian jarri zenean, Bigarren Hezkuntzan filosofiari zegokion ordu-zama zazpi ordu finko zetzan. Legea onartu ondoren ordu-zama ehuneko hirurogei murriztu zen. Handik aurrera filosofiaren barnean ikasten ziren edukiak hain murriztuta zeuden, ezen auzi horiek testigantzak besterik ez zirela esan bailiteke. Bien bitartean, hamar urte horretan, José Ignacio Wert, LOMCE lege munstro hori hemen utzi ondoren, panorama politikotik desagertu zen. Zentzugabeko lege horren aldean Celaá ministroak proposatutako lege berriak filosofiarentzat ez ditu benetako konponbiderik ekarritako. Azken finean, filosofiaren arazoek ez daukate zerikusirik hezkuntzarekin, edo hezkuntza sistema jakin batean ematen den jakintza esparru honetako edukiekin.

Egia esanda, filosofia ezin liteke mugatu, hezkuntzaren barnean, bai Bigarren Hezkuntzan, bai Unibertsitatean, eskaintzen diren ikasketa desberdinetan. Hezkuntzatik haratago kokatuta baitago. Izan ere, filosofiaren arazoak, gaur egungo Mendebaldeko gizarteetan, baina baita toki horretako lehenago gizarteetan ere, filosofiak berak komunitatearen aldean duen konpromisuarekin neurtzen dira.

Werten legea kritikatu zenean erabili ziren beste argudio batzuen artean honako hauek adieraz ditzakegu: filosofia pentsamendu kritikoa nahitaezko diziplina bat besterik ez denez, ikasgai hori kendu ondoren, gure ikasleok gaitasun hori ez garatzeko arriskuan daude; filosofiak, berari dagozkion edukiez aparte, eta pentsamenduaren pentsamendua denez, ildo batean, pentsatzen ikasten laguntzen digu. Bai lehenengo argudio, eta baita bigarrena ere, zentzu honetan eta era sinplean azalduta, oker daude, edo akastunak dira beste ñabardura batzuk ez badira kontuan hartzen.

Arrazoitzen ikasteaz entzuntakoan, behin baino gehiagotan beste gauza bat egitea ez dela beharrezkoa sinesten hasten gara. Azken buruan, Martin Heideggerrek, alde batetik, filosofia filosofatzea besterik ez dela esan zigun; Wittgenstein-en arabera, bestaldetik, filosofia ez da teoria, jarduera mota bat baizik. Bi pentsalari hauek Kantek bere Arrazoi hutsaren Kritika famatuan esandakoari jarraitu zioten, filosofo ilustratuak azaldu zuenean ez zela filosofia estudiatzen, baizik filosofatzen ikasten zela. Hala eta guztiz ere, aipatutako egileek egindakoa kontuan hartuta, ideia hau biluzik eta beste azalpenik gabe ametitzen badugu, ezin liteke benetan filosofatu edo filosofia esanguratsua egin. Filosofatu baino lehen filosofoek egindakoa estudiatu behar dugula ematen du. Honela, inork ez dauka posibilitaterik, hutsetik abiatuta –Jainkoak ezerezetik abiatuta (ex nihilo) unibertsoa sortu zuen bezalaxe-, jarduera filosofiakoa egiteko, edo inor ez da gauza, oinarrizko ezagutzarik gabe, filosofiaren prozedura fidagarriren bati jarraitzen, egiaren bilatzen saiatzeko. David Humek, filosofo enpiristak, metafisikari buruz hitz egiten zuenean, filosofiaren esparru jakin honetako liburu guztiak erre behar zirela esaten zuen. Horrek ez du esan nahi, metafisikaren ikerketen aurka zegoenik. Guztiz kontrakoa. Euren aburuz, metafisikari dagozkion auzietan murgiltzea komenigarria da, zeren eta ariketa filosofiko horien bidez –kontu metafisikoen inguruko hausnarketetan sartzen, hain zuzen- egiatan ikertu eta sakondu behar diren arazoetan beharrezko prestakuntzarekin hurbilduko baikara. Hau da, filosofatzeko entrenamendua eginda badago, hausnartzen ahaleginak posibleak dira; eta horretarako ezinbestean ikasi behar dira lehenago eta gaurko pentsalariek egin dituzten ekarpenak. Beraz, bakar-bakarrik ezinbesteko prestakuntza filosofikoa egin ondoren, filosofia filosofatzea da.

Bien bitartean, lehenengo baieztapenean aurki litekeen akats larriena hurrengoan datza: gehiengoen ustez, pentsamendu kritikoa izan behar omen da filosofia; hala ere, gaur egungo ideia horren iturburu batzuk arakatzen ditugunean, nolabait kezkatzen hasten gara; Wertek Bigarren Hezkuntzan filosofia murriztu zuenean, behin eta berriro eskuineko eta ezker moderatuko hedabideetan pentsamendu kritikoa ezaren eta orokorrean pentsamenduaren krisiaren ondorio larriak aurreratzen omen ziren; Ilustrazioaren pentsamendu kritikoan oinarritzen ziren haien argudioak, eta berarekin batera idea oker batean, zeinaren arabera, kritika soilik gauza baten sustraien bilatzean baitatza. Argudio horren arabera, filosofiari dagokion benetako eginkizuna egia bilatzea denez, filosofiak berak gauzen sustraietara bideratu beharko lituzkeen bere urratsak. Hori dela eta, ikasleok, sustrai horiek aurkitzen ahaleginean, azken buruan, egiaren bidean izango dira. Kantek uste zuenaz haraindi, erroitzen bila beherantz joateak eta hor behean geratzeak ez du zentzurik. Haitzulo horretatik ateratzeko alderantzizko bidea egin behar da, hau da, behin arazo filosofiko baten sustraiak aurkitu ondoren, goranzko bidea egin, kritika bera era publikoan hedatzeko. Beste era batera esanda, kritika zentzu hertzi batean ulertuko balitz, filosofia bi aldetan ere erradikala izango litzateke: egia bada filosofia sustraietara bideratzen dela, eta baita ere berak, Iris Murdoch-ek esaten duen moduan, bizitzarekin zerikusia baitauka, oinarrizko kontu filosofikoak deskubri litezke, alde batetik, eta, bestaldetik, auzi filosofikoekin batera bizitzarekin zerikusirik dauzkaten arazoak mahai gainean jartzeko gaitasuna izango luke; eta, honelaxe, behin eta berriro bizitzaren arazo horien erro sakonak gutxiesten eta ezkutatzen dituzten boteredunak salatuko eta gogaituko lituzke. Aipaturiko kritikaren lehenengo esanahiari soil-soilik begiratzen badiogu, filosofia bera boterearen alde kokatzen dugu, nahiz eta ustezko filosofia hori erradikala izan. Filosofia benetan erradikala izan dadin, bera egiaren bila ibili eta boterearekiko deserosoa izan behar da.

Era laburrean esanda, konpromisua da filosofiari eskatu behar dioguna: egia aurkitzen ahaleginekiko konpromisua eta boteredunak ez direnekiko konpromisua. Ildo horretan, boteredunak ez diren biztanleekiko, hau da, zorigaiztokoekiko, baztertutako emakumeekiko, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeekiko, bazterketan eta pobrezian erortzeko arriskuan dauden langileekiko,  langabetuekiko, okupatutako eta estatu gabeko herrietako emakume eta gizonekiko eta Simone Weilek aipatutako talde ikusezinekiko konpromisua da benetako filosofia erradikalaren zeregina. Ez dago esan beharra, Ortega y Gasset, Heidegger, von Hayek, von Mises, Nozick, Rawls, Fukuyama, Savater eta beste hainbeste filosofoak –euren planteamendu filosofikoak boteredunen egoera sostengatzeko egiten dituzten heinean-, ez direla izango erreferenteak filosofia erradikala eta konpromisuan oinarritutako pentsamendua garatzeko. Beharrezko ariketa filosofiko eta intelektualak egiteko, egile horiek ikasi ere ikasi behar dira, metafisikarekin gertatzen den bezala, Hume filosofoaren usteari jarraiki. Baten bat filosofia erradikal eta kritiko batean murgildu nahi bada, filosofia hori gizartearekiko konpromisoa hartzen duelako, Marx, Gramsci, Rosa Luxemburg, Simone Weil, Sartre, de Beauvoir, Manuel Sacristán, Foucault, Chomsky, Toni Negri, Joxe Azurmendi eta beste hainbeste filosofo kritikoak erreferenteak dira, boterearentzat nahiko deserosoak direlako.

Peter Sloterdijk-ek azaltzen digun bezala, filosofiak esparru eroso batean egonda jarraitzen badu, “gazte, baztertutako, apaiza eta soziologoentzako aterpea” besterik ez da izango; hutsune horretatik ateratzeko –boterea kolokan jartzen eta boteredunak molestatzen-, benetan erradikala den jakintzaren esparru mota bihurtu beharko litzateke.

Buscar