Josu Iraeta
Idazlea

Zuentzat, demokrata zaretenentzat

Demokratak izaten sakondu beharrean gaudela, askotan entzuten dugun mezua izan arren, badirudi ez dugula aurrera pausorik ematen bide horretatik. Alderantziz, beti maisu, beti zuzen eta eredugarri zaretenei esker, agian lortuko dugu, baina auskalo.

Diotenez, duela bi mila urte, nire izenkide zahar batek zioen; «ni naiz egia» eta dirudienez orain ere agertzen zaizkio jarraitzaileak. Nola ulertu bestela, Urkullu jaunaren haserrea, Ertzaintzak hil egiten duela entzun duenean. Lehendakari jauna, zu eta zurekin daudenak zarete, argitu beharrean, zergatik,  Sabin Etxetik abiatu eta Ajuria Enean sartzeko, Madriletik pasa beharra dagoen. Ez bazterrak nahasi aurrekontuen inguruan daramakizun bidea estali nahian, etika eta bizikidetza leloaren babesean.

Behar bada, horregatik Kataluniako sumendian  ke usaina nabaritzen hasiak direla eta, EAEko lurraldean gauza bera gertatu ez dadin, Sabin Etxeko pentsalariek  tartea zabaltzen ari dira. Nola?  Moncloako gobernuari  -gaur ere- beste bideak jorratu daitezkeela erakutsiz.

Madrildik babestu litekeen egitasmo politikoan dago gakoa, hau da, EAJk betidanik jorratu duen bide berbera. Orain egonkortasuna, etika eta bizikidetza dira helburua estaltzen duten hitz magikoak, baina Ajuria Eneko gobernu ezberdinek zerbait erakutsi badute zera da; Pancorbotik behera begiratzen dutela.  

Ukaezina da azken hauteskundeetako emaitzak zerikusi nabarmena dutela gaurko egoeran, baina nire ustez, sakoneko arrazoi eta interesak ez dira hainbeste aldatzen. Gainera, gertatu litekeen zerbait izanik, nik ez nuke sukalde osoa berrituko, are gehiago, sukaldari eta karta berbera mantenduko nituzke. Egia da zuzeneko eragina izaten  dutela, batez ere –orain bezala– Madrilen gobernu aldaketa dagoenean, baina hori, «dagoenetik gehien» eskuratzeko borroka hutsa da, ez besterik.

Aurrera begira, euskal herritarrok beste arazoak ditugu, eta ditugun arazoak ez dira hauteskundeetan konpondu eta ez dira horrela konponduko. Egia, hori da eskaintzen diguten tresna bakarra, baina ez da egokia, eta ez da aski. Beraiek aurre baldintzatutako tresnak dira, eta horregatik gaude gauden bezala.

Nire ustez, gutxiengo baten interesen metaketa, da eta izanda, orain arte Euskal Herria eta Estatu espainiarraren arteko gatazka politikoa bideratu duena. Eta gatazka politikoa gainditzeko bide bakarra hau da: «Euskal Herriak izan behar du hitza». Euskal gizartea da bere arazoak konpon ditzakeena, bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena izan behar duena.

Horregatik, nire ustez, abertzale eta abertzale ez diren, baina bere burua demokratatzat jotzen duen guztien zeregin nagusia, hitz hori espresatu eta errespetatua izan dadin borrokatzea, eta Euskal Herriak bere etorkizuna libreki hautatu ahal izateko gutxienezko baldintzak eta bermeak lortzea da.

Euskal Herriko gizarteak hitza izan dezan, egungo xantaia, hipoteka, muga politiko eta oztopoak urratu behar dira. Euskal gizartearen hitza «inork» ordezka ez dezan. Beraz, dagokion guztian bertatik bertara parte hartu eta erabaki dezan.

Orain arte agertutakoak suposatzen du, Estatu espainiarrak Euskal Herriaren subiranotasunari jarri dizkion muga eta oztopo antidemokratiko guztiak baliogabetzea. Eta hori behar dugula izan helburu, ez bakarrik abertzaleok, baita demokrata guztiok. Euskal Herriaren eraikuntzaren oinarri izan behar duen zinezko prozesu demokratikoa garatzeko, gutxienezko baldintzak lortuz.

Hori lortzen dugunean, egoera berri horretan soilik, izango du euskal gizarte osoak, bere iritzia eman eta dagokion erabakitzeko ahalmena bideratzeko aukera. Eta ez betiko maltzurkeria erabiliz, Urkullu jaunak bukaezinak ditun hauteskunde kanpainaren bitartez.

Bide honetan sakonduz, Euskal Herriaren erabateko ezagutza, eta horrek eskatzen duen muga juridiko-politikoen baliogabetzea da. Estatu espainiarrarekin hitz egin eta hitzartu beharrekoa, eta ez besterik.

Horretarako gobernu espainiarrak berea egin beharko du 1793.06.21eko Konstituzio  frantziarrak 28.artikuluak  dioena:
«Herri batek, bere Konstituzioa aldatzeko daukan eskubidea beti da ukaezina. Belaunaldi batek ezin du etorkizuna bere esanetara lotu betirako».

Ez dagokio Estatu espainiarrari, Euskal Herriaren barne-antolaketaz, bi estatuen menpe dauden euskal herrien arteko harreman izaeraz; euskararen beharrezko garapenaren baldintzez erabakitzea, besteak beste.

Euskal hiritarron artean erabaki beharrekoak, gure herriaren antolaketari eta etorkizunari dagozkion zereginak dira. Horretarako, alderdi politikoez gain, euskal gizarte osoaren parte hartzea ezinbestekoa da lehendakari jauna.

Duela gutxi, PSOEren baitan ikusi dugun borroka itsusiaren  barne, hainbat buruzagi entzun ondoren, autodeterminazioa zertan datzan ez dakitela dirudi.

Autodeterminazioa eskubidea da, ez posizio politiko bat. Herri gisa dagokigun eskubide demokratikoa da, eta ez besterik.

Eskubide hori noiz, nola eta zertarako garatzen den euskal hiritarren artean erabaki beharrekoa izanik, eskubidearen onarpena ziurtatu behar da. Euskal Herriak bere etorkizuna, askatasun osoz erabakitzeko ezinbestekoa baita.

Eta kontuan hartu beharrekoa, Euskal Herriaren ezagutzak, egungo lurralde banaketaren ezarpena baliogabetzea eskatzen duela. Lurralde batasuna onartuz, eta instituzio-mugak baliogabetuz. Gero Euskal Herria nola antolatzen dan, euskal hiritarren esku behar du izan.

Hasitako lerroari helduz, salatu nahi dut EAJren jarrera, ez baita onargarria.

Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko saioa hurbiltzen doan neurrian, norberaren tokia babestu nahian, dialektika gogortzea ez da harritzekoa, hori onartzen dut. Onartzen ez dudana da hau; ozenki independentzia aldarrikatu arren, behin eta berriro, aurka dauden bidelagunak aukeratzea, independentzia lortzeko. Hori ez dut onartzen. Ziur nago gure aita ere, nahiz Asturiaseko mendietan frankistak atxilotutako gudaria izan, gaur nirekin ados dagoela.

Buscar