Zuoi
Jai egun hitza gaurkoz eta biharkoz sakratu izan ohi ditugu gure egutegiak antolatzeko orduan. Erritoak, ohiturak eta urtez urte dena delakoa ospatzeko egunak txertatu besterik ez ditugu egiten. Agendak, denboraren presioa, estresa. Jatorrian murgiltzen ez garelako akaso, apunte txiki batekin ernatu naiz, nahasita bainago Nafarroaren egun ofiziala den edo euskararen eguna den honetan zer ote den ospatzeko duguna.
Antzinatik eta ahoz ahoko transmisioak dira askotan gure buruetan gorde eta ohiturei jarraiki kontatu beharrekoak, gure historia marrazten duten horiek bai! Hortaz, gaur, Frantzisko Xabierren azken hitzak euskaraz izan zirenekoaren kondaira dakarkit gogora. Eta hortaz Abenduan 3an gure izanetik, omenaldirik xumeena zuoi, nafar euskaldunak!
Besta eguna beraz. Gaur goxo hartu dut lo, ia neguko ate parean gaude eta. Nahasi dira hotza eta ura. Ordenagailua piztu dut,egia esan, beldurrez, gaur gure kulturaren kontra zer izanen dugun galdezka. Akulturazio interesatuak dira hor atzealdean maneiatzen dituzuenak, D ereduaren kontrako sorgin ehizaz edo eta gure hizkuntzaren sustengatzeko baliabide miserableak eskainiz. Ezin gara euskaraz bizi zonifikazioaren legeak baldintzatzen gaituelako, gobernuaren interesik ez dagoelako, garena izaten utzi ez eta inposatzen zaigulako. Amorrua, belaunaldiz belaunaldi irabazitako eskubideak pixkanaka desagertzeko saiakerak ikustean. Haize orroek darraite.
Kafesnea kontrako eztarritik joan ez zaidanez, azukrearen goxotasuna sumatu dut. Gure eguna ospatu nahi dut, hutsean gelditzeak ez baitit ilusiorik egiten, bestela ez baitut gogoz hartzen. Eta biziberritu dut edukiz, bixigarriak sartu dizkiot tarteko. Etorri zaizkit gure lurrak gordetzen dituen Iruñeako eta Nafarroako erresumak gogora, erresistentziaren erakusleiho. Herri oso baten irudikapenaz haratago, bertakoa defendatzeko hainbat batailatako gerlariak agertu zaizkit. Nolabait gobernuaren kontrako batailan egongo bailiran, eskubide zibil eta politikoen alde, nazio identitate ukatu baten aurrean beren ikur, kultura, hezkuntzak, hizkuntzaren alde borrokan.
Atzoko ogi puska bat hartu eta sartu dut xigorgailuan. Mermeladaz lagunduko diot. Orain duela egun batzuk Altsasun neska gazte batzuek euskaraz bizi nahi izateagatik jasotako zigorraren metafora proiektatu nahi izan dut. Finean etxe atxiloaldi bat euskararen aldarrikapen batean bilakatzeko gaitasuna azpimarratzekoa baita. Jarraitu dut jaten, ze goxo!
Azken tragoxka gelditzen zait eta banoa gure oihartzunaren ordua baita. Izan dadila txupinazoko ikurrinak eman zigun poztasunaren errepikapena hainbat txokotan, egunerokoan lanean jarraitzen dugun horren seinale, gazteok eraiki dezagun eta izan gaitezen UPNren bizi ereduaz gaindiko euskal herritarrak. Gure etorkizuna jokoan, jarrai dezagun garen hori adierazten. Urrup bukatu dut!