Mikel Zubimendi

Zurrumurrua erosi eta saldu notizia

Zurrumurruak zurrumurru eta datozen notiziak datozela ere, euskal indar politikoen promesa izan zen «herri gisako adostasuna» ideiari erliebe osoa ematen joateak lehentasunezkoa beharko luke, Euskal Herriak behar eta merezi dituen abiapuntu eta akordio berriak helburu.

Wall Street bertan ere negozioa egiteko oinarrizko eta aspaldiko irakasgaia dute zurrumurrua erosi eta notizia saltzea. Badakite zerbait gertatu behar dela aurreratzea gertakaria bera baino eraginkorragoa izan ohi dela. Eragina, inpaktua, inpaktua dela beti. Jendez beteriko zinema batean «sua! sua!» oihukatzen hasteak, esate baterako, erreakzio berbera eragiten duela sua egon ala ez.

Abuztuan, informatiboki, turismoaren eta jaien inguruko notiziekin batera, zurrumurru eta hika-mika faltsuen merkatua asko astintzen da. Notiziak saldu behar dira eta, hartara, sarriegi, txotxolokeria ugari, miserien estalki andana eta benetako arazoei muzin egiteko ke-gortina amaigabeak erabiltzen dira. Gobernu espainiarraren ordezkariaren, Urquijo jaun txit txotxoloaren adibideak aipa daitezke. Edo ETAren armagabetzeaz eta beste, arinkeriaz jokatuz egin diren txisteak eta proiektatu diren karikaturak. Edo Francok egin zituenak emulatuz, Barcenasena eklipsatu nahian eta, bidenabar, Kataluniari mezua pasatze aldera, Gibraltarren antzeztu den gatazka artifiziala. Kontuak kontu, maila horretako notiziekin joan da abuztua, eta, irailean hasten den ikasturte politiko berriari begira, horrek guztiak uzten du arrastoa, horixe baietz.

Mundua auzo eta Euskal Herria mundu dugunetik, nazioarteko notiziak bertako ditugu eta bertatik jarrera bat hartzera behartzen gaituzte. Egiptoko kolpe militarrak eta telebistaz zuzenean emandako egiptoarren sarraskitzeak asaldatu gintuen bezala, agian lerrook paperera heltzen direnerako Sirian leher daitekeen gerrak atrapa gaitzake. Broma gutxi. Oraindik orain You Tube atariko bideo batzuk oinarri bakartzat dituzten akusazio eta zurrumurruak fabrikatuz, Siriako herritarrak defendatzeko aitzakian, herrialdea misilen zaparrada baten pean zigortu nahi dute. Ez dirudi, zoritxarrez, Irakeko gerrak Euskal Herrian mobilizatu zituen kontzientzia eta herritarrak Siriako kasuan mobilizatuko direnik. Baina hobe genuke, askoz hobe, begirik ez kentzea eta handik etor litezkeen egoera eta agertoki berriak heldu den ikasturtearen plangintza eta diseinuetan egokitzeko saioa egingo bagenu.

Batetik, aurreikusi eta behar bezala baloratu ez diren errealitateak sor daitezkeelako. Sirian hastear den interbentzio militarra ez delako egun pare bateko kontua izango, sartu-irten sinple bat. Gisa horretako operazioak, behin hasita, segi eta segi egin behar izaten direlako gero. Galdera ikur mehatxagarriak gailenduko dira, Ekialde Hurbilean eskualde mailakoa ala globala izan daitekeen gerra baten itzalak. Ez da betiko esaterik izango, ezta sekula esaterik ere. “X” faktoreak, hortaz, berriz bisitatuko gaitu, faktore indeterminatua determinantea bilakatu zaigu, beste behin ere.

Iraganak horren adibide asko utzi dizkigu. Onerako zein txarrerako. Loiolako prozesua, esaterako, ezinezko errealitatea izango litzateke 2004ko martxoaren 11ko trenetako atentatu haiek gabe. Lizarra-Garaziko haustura ez zen hain traumatikoa eta etsigarria suertatuko 2001eko irailaren 11ko etxe orratz erori haiek harrotu zuten hautsak bete-betean harrapatu izan ez bagintu. Iragana irakasgai eta, batez ere, iragan denez, ez dago aurreikusterik “X” faktorea zein formakoa izango den eta nolako ondorioak izango dituen oraingoan. Beste batzuetan bezala, oraingoan ere bisitatuko gaituela eta eragin nabarmena izan dezakeela baino ez.

Zurrumurruak zurrumurru eta datozen notiziak datozela ere, euskal indar politikoen promesa izan zen «herri gisako adostasuna» ideiari erliebe osoa ematen joateak lehentasunezkoa beharko luke, Euskal Herriak behar eta merezi dituen abiapuntu eta akordio berriak helburu. Gatazkaren ondorioetan soka luzatuta eta jokoa zabalduta, labana dutenek moztu dezatela, herri hau funtsezko funtsaren funtsa diren erronketan eta kategorian martxan ipintzen lagun dezatela denek. Hori egin gabe, gaizki. Eta eginda ere, ikuskizun. Besteak beste, “X” faktoreak esango du.

Eta agertoki guztietarako, kaotiko eta kontrolgabeenetarako ere prestatzeaz gain, kokotsa eta adorea altxatuz, indartu dadila euskal joko politikoa, eman diezaiogun maila, beste maila bat. Hornitu dezagun horizonte berri eta sakon batez. Hori bai izango litzatekeela, eta ez abuztuko zurrumurru merkeak, notiziarik ederrena. Oxala!

Buscar