Txumai Iturria | Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxako Antolakuntzaren izenean

2017ko mendi martxa: esker onak

2017ko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa amaitu da. Iraun duen zortzi egunetan zehar 130 ibiltari inguruk hartu dute parte eta 100 lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen: ongi etorriak, lotarako lekuak, dutxak, afari herrikoiak... ehundaka atxekimendu jaso dugu: kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate eta zinegotziak... Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Donaixti, Urdiñarbe, Lexantzü, Larraine, Arrankudiaga, Alonsotegi, Galdames, Muskiz, Santurtziko Mamariga auzoa... Zortzi egunetan zehar egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu : trikitilariak, bertsolariak, Zuberoako dantzari eta kantariak, pilotariak, xakelariak, kalejirak...

Egun hauetan bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarriak oinarri sendoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera geroz eta atxekimendu gehiago jasotzen ditu, eta honek beste urrats batzuren beharra agerian uzten duelakoan gaude. Duela urtebete genionak, tamalez, erabateko gaurkotasuna du: «... garaia heldu da gai honen inguruan zeresana duten kirolari, gizarte eragile, kirol federazio, instituzioak... elkartu eta bide orri zehatza adostu dezagun denon erritmoak errespetatuz. Jaurlaritzaren enkarguz duela hiru urte inguru plazaratutako txosten juridikoak garbi adierazten zuen bezala Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren afera ez da juridikoa, borondatezkoa baino. Bestetik, gizarte eragileen arloan, ESAITen lekukoa hartuko lukeen herri mugimendu anitz eta sendoa aktibatzearen premia begi bistakoa da».
         
Bien bitartean guk geureari helduko diogu, 2018ko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa ate joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.

Mila esker denoi.

Buscar