640,80
Zer du berezi zenbaki horrek? Zer ezkutatzen du bere baitan? Zeren gakoa da? Zenbaki lehena ez da. Kapikua ere ez. Sei gehi lau, gehi zortzi: hemezortzi. Sei minus lau, bi; gehi zortzi, hamar. Telefono zenbaki bat izateko, motza. Pertsona kopurua ere ezin daiteke, zenbaki osoa izaki. Zenbaki atomiko? Ezinezkoa. Kilometro? Saharako basamortua 266.000 kilometro koadro zabal da, beraz, deus ez. Metro ote dira? Milia? Ez, milia bat 1609,34 metro luze da. Minutuak eta segundoak ote? Kopuru hori zati 60... horrek ere ez du zentzurik. Irrati frekuentzia jakin bat? Probatu eta frogatu dut ezetz. Orduan, zer ote?
Lagun saharar bati galdetu diot ea esanahirik duen haientzat... Koranaren bertset bat? Ezinezkoa, zeren Koranak ditu 114 sura –atal– eta 6236 ayats –bertset–, baina ez dago 640 zenbakidun bertsetik. Saharako matrikula bat? Ez dira horrelakoak. Jaiotza-data ezin daiteke izan, eta gainera, Liman Boishak dioenez, saharar bati galdetzen badiozu zer urtetan jaio zen, erantzungo dizu izar euriaren urtean jaio zela, edo gamelu lasterketaren urtean, edo ekaitz gorriaren urtean, edo...
640 euro dira, eta 80 zentimo. Diru kopuru eder hori Sunbillako (Nafarroa Garaia) eskola publikoan ikasturtearen amaieran ikasleek egin zuten elkartasun azoka zoragarrian erdietsi zuten, umeek beraiek egindako eskulanak salgai jarrita. Saharako Kabiak deritzen basamortuko liburutegietatik, Sunbillako ikasle, irakasle, guraso eta herritarrei, esker mila aunitz– Shukran.