Oskar Matute, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalaren izenean

Alternatibak euskal ezkerraren ezinbesteko ordezkari baten galera deitoratu du

Gaurkoa, zalantzarik gabe, dolu eguna da Euskal Herriko ezkerrarentzat, umezurtz utzi baitu Periko Solabarriaren galerak. Latza da pairatzen ditugun zapalkuntza sistema desberdinetan aritzen den edozein militanteren galera, baina are lazgarriagoa da fronte guzti horietan parte hartu izan duen borrokalaria galtzea. Izan ere, nekez etorriko zaigu gogora Perikok partekatu ez duen lubaki, elkarretaratzea edo pankartarik.

Guztiz beharrezkoak diren pertsona horietako batek utzi gaitu gaur, bizitza osoan lehen lerrotik borrokan aritutakoa. Ezkerraldea eta Meatzaldeko seme, “meatzarien odola, gerrillarien sorburu” lemari gorputza jarri zion. Zapalkuntza pairatzen zutenen alde eta zapaltzaileen aurrean egon baita beti. Eta horregatik, hain zuzen ere, belaunaldi desberdinentzat eredu eta lezio bilakatu da Periko. Baztertu, langabe eta etxegabetuei babesa eskaini izan die beti, sistemak garaitutakoek bere besarkadaren berotasuna sentitu ahal izan dute. Eta, aldi berean, ukabila eta ahotsa altxatu du bankuen, patronalaren eta instituzioen kontra.

Perikori agur esaten diogu, baina ordezkatu zuena gurekin izango da beti, duintasuna ez baita desagertzen pertsona duinak hiltzen direnean; bizirik dirau, biderkatua, bere lekukoari helduko dioten guztien bihotzean. Gure dolumina bere senide eta hurbilekoei, baita harekin politikan zein sindikalgintzan militatu zutenei. Agur eta ohore Periko.

Buscar