Goizane Zabala Arrizabalaga | Saiñazio, mendi azpixan

Amua ezpainean

Jon zapatuan sartuko da ostera ere etxean. Martxoaren 12an sartu zen azkenengoz, astean esan zizkioten guztiak irentsi gabe zituela: mendian, 30 metro gorago, arrakala itzela zegoela; nola eta noiz ez zekitela, baina erori eroriko zela; etxeek kalteak bazituztela, baina handiagoak izango zirela geroan…

Zapatu hartan zerogunera hurbildu eta lauretan itxaroteko, bostetan hasiko zirela. Zazpiak eta hamarrean, Jonen atariaren txanda heldu zenean, suhiltzaileen arduradunak braust: «Zuena kaltetuenetako bat da eta hiru eta laugarren pisukook gure saskian igoko zaituztegu aurreko aldetik.» Ostias. Segundu erdian 94 metroko mendia bizkar gainean eta potroak ahoan. Sartu eta 30 minutu: hozkailua hustutzeko; atzeko geletako trasteak aurrekoetara eramateko –Jon lehen pisuan bizi baita (baitzen?), atzeko kalea baino beherago­–; eta zeozer  hartzeko; burua martxa ultrasonikoan, akorda ezinik maletan sartzeko moduko zer den beharrezkoa (aurrez prestatuko zerrenda galduta, noski). 30 minutuan suhiltzailea minutuak atzera kontatzen eta haren walkitik mendikoak entzuten: «Ibili azkar, hau mugitzen ari da eta.» Eternitatea 30 minutuan, eta suhiltzailea leihotik atzeko hormari begira. Ostias.  

Datorren zapatuan ere, mendia erortzeko benetako arriskuan dela sartuko da Jon etxera, 30 minuturako, babes zibila, suhitzaileak, garabiak eta kazetariak inguruan. Jon eta beste 176 familia, potroak ahoan eta amua ezpainean

Buscar