Antxo eta Angel
Antxo eta Angel. Angel eta Antxo.
Hurbilenekoei esaldi, paisaia edo usain jakin batzuekin lotuta etorriko zaizkie agian gogora. Eta oroitzapen horiekin sentimendu batzuk sorraraziko zaizkie; izan mina, haserrea edo poza. Ziurrenik ere, irri ere eginen dutela haiekin edo haiekin izandako pasadizoak gogoratzean.
Urrutiagokoek ere oroituko ditugu, ez hain modu sarkorrean seguruenik eta askotan data hotz batzuekin loturik.
Azken talde horretan sailka daitezke mugimendu politikoek eskaintzen dituzten aitortza eta oroitzapenak. Militantziak ekar ditzakeen laguntasun eta maitasunak atzendu gabe, haietatik etor daitekeen oroimena oso oroimen hotza dela esan daiteke eta, kasu batzuetan, pertsona horien izaera politikotik haratagokoa deuseztu eta fagozitatu egiten dutela irudi luke. Ez da zaila irudikatzen, militante politiko bati egiten zaizkion omenaldietan, senitarteko edo lagun batzuen deserosotasuna, haien laguna edo senidea, izaki politiko huts batera mugaturik ikusita.
Alabaina, ukaezina da plano pertsonalago bat izateaz gain, inoiz begi-bistatik galdu ez daitekeena, pertsona horiek, Antxok eta Angelek kasu honetan, bazituztela amets konpartitu batzuk, eginahal kolektibo batzuk. Pertsona gizartean bizi denez gero, esan daiteke ezinbestekoak dituela ekinaldi kolektibo horiek, pertsona bere bakardadean ez baita buruaskia. Hau areagotu egiten da zanpatutako hizkuntzaren jabe eta zanpatutako klase eta generokoa bazara. Kontzientzia politikoa hartzeak, hain zuzen ere, hori esan nahi baitu; zanpaketa horiek ez direla modu isolatuan gertatzen ohartzea, modu orokortuan baizik, eta horiek gauzatzeko egitura antolatu batzuk daudela. Eta hau horrela bada, egitura horiei aurre egiteko ere, modu kolektibo eta antolatuan aritu behar dela.
Horregatik guztiagatik, Antxok eta Angelek egindako lanari segi, ortzimuga komun horiek lortzeko eginahal eta saiakerei lotu behar gatzaizkie. Egia, justizia eta erreparazioa ere ez daitezela modu partzial eta bakarkakoetan bakarrik gerta, izan daitezela Euskal Herriaren, langile klasearen eta emakumeen egia, justizia eta erreparazioa. Independentzia, sozialismoa eta feminismoa! Angel eta Antxo gogoan zaituztegu!