Argentina edo Mendebaldeko Sahara?
Arestian Diputazio Foru Aldundiak Mendebaldeko Saharan Marokok eragindako hilketak eta desagerpenak ikertzeko diru-laguntza igo zuen 60.000 eurotatik 80.000 eurotara.
Marokok eragindako hildakoaz hitz egiten ari garenez, azkenekoa aipatzea derrigorrezkoa egiten zait, hildakoaren amak, Takbar Haddi andereak, Las Palmasen Marokoko kontsulatuaren aurrean bere semearen gorpuaren eske eta autopsia inpartzial bat eskatuz hogei egun baino gehiago gose greban daramatzalako. Dirudienez, Marokoko kolono batzuk saharar neskato bat erasotzen ari zirela, Mohamed Lamin Haidala, horrela deitzen zen hildakoa, neska horren alde ateratzean zauritu zuten lepoan. Liskarra bukatzean jendarmeak atxilotuta eraman zuten eta egun batzuk beranduago, zauria gaiztotu egin baitzitzaion, hil egin zen.
Orain dela bost urte Aminetu Haidarekin gertatu zena nahikoa izan ez-eta, orain berriz istorio bera errepikatzen da. Argi dago, Mendebaldeko Saharan giza eskubideen gabeziak nabarmenak dira, Minurso-ko (Nazio Batuko Erakundeko misioa) tropek beren zereginak betetzen ez dituztelako. Nazio Batuetan bozkatzen den bakoitzean Minurso-ren tropena Frantziak bere beto eskubidea erabiliz proposamena deuseztatzen du. Horren harira Espainiako jarrera uzkurtuta aipatzea ere komenigarria da, gaur egun eskubidez lurralde horretako administratzailea izanik, auzia konpontzeko ezer egiten ez duelako. Laburbilduz nazio desberdinen interes ekonomikoak direla eta, sahararrek harrapatuta daude eta Francois Hollandek, gerta litekeenaz azken erantzukizuna izateaz gain, auzia konpontzeko giltza du.
Edonola ere, Mendebaldeko Saharan gertatzen ari denak eta Argentinan gertatutakoak Maiatzaren plazako amekin gero eta antza handiagoa dute. Ematen du Espainiako agintariei falta zaiena Mendebaldeko Saharako amek soberan daukatela.