Ainara Maia Urroz | "Hatsaren Poesia" liburuaren olerkaria

Auxtin Zamorari omenaldia

Eta badakit hitzak soberan daudela ekintzak behar ditugunean; eta bai, hitzak haizeak eramaten ditu gibelera, eta aitzina segitzeko iragan agorrilaren 25ean omenaldi bat egin nahi izan zion Senpereko Lapurdi 1609 elkarteak Auxtin Zamora olerkariari eta ohorezko euskaltzain izendatu berriari.

Makina bat lan egin du isilpean eta umil euskalgintzan eta literaturgintzan. "Maiatz" aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen eta poesia plazaratzeko eta mundua poetikoago izan zedin, Hatsaren Poesia ekimen zabala eta zentsurarik gabea sortu zuen.

Auxtinek dio denoi esker dela bera den bezalakoa, gu guztioi zordun dela, eta horregatik ez da omenaldien zale. Haren umiltasunak handitu egiten du bere izana, eta horregatik beharbada omenaldian ez zen hedabiderik egon, baina nik beharra nuen zabalatzeko Auxtinen handitasuna Euskal Herrietan.

Senpereko semea, oinetik bururaino poeta, ametsen espazioan aske zabiltza eta arima aztertzaile emankor zaude bilakatua, denbora ez kontatua. Auxtin, Auxtin zuri, milesker hasteagatik, milesker lehen olerkiagatik Pier Paul Berzaitzen "Koblakari" kantuaren doinuaz eta Eric Traonmilin "Errotabehere" hitzez kantatu genion omenaldi egunean Auxtini, eta Beñat Axiariren kantu sarkor eta hunkigarriaz busti genituen begiak.

Ederra izan da erein duena Auxtin Zamorak, eta fruitu ederrak ematen dituena egunero. Aurtengo uda bukatu ez denez gero, "Hatsarte" erakusketa egonen da heldu den asteburuan Larraldean, eta buruilaren edo irailaren 15ean, Joxe Maia amaiurtar ene aita zenaren sortze-egunean, ibilaldi poetikoa eginen dugu Senperen, gero Larraldean bazkari-legea egiteko. Hitzordua euskaldun orori irekita dago, udaren azkenetan, uda finitzeko modu poetiko eta sentikorra.

Buscar