Azkoitiko bozketa
Joan den igandean herri horretan zabor bilketa sistemari buruzko erreferendumean ezetzak 1.774 bozka lortu zituen eta baietzak 1.523. Beraz, ezetzak irabazi du. Bozketak izandako parte hartzea eskasa izan da, boto eskubidea zeukaten herritarretatik gutxi gorabehera heren batek bozkatu zuelako.
Bestalde, gaur egungo zabor bilketa sistemari ezetza eman diotenen artean denetik izango dira, baina, ziur nago haietako batzuk hobekuntzak besterik ez direla eskatzen ari. Nire ustez, gaur egun onargarria ez dena, hau da: bosgarren edukiontziari zerbait jarri (txipa, giltza etab) eta errefusa edukiontziari ez; esperimentu hori herri askotan egina dago; besteak beste, Zarautzen, Urnietan, Lazkaon, Zegaman etab.. eta emaitzak nahiko kaskarrak izan dira, batez beste sistema pertsonalizatuta erabiltzen duten herriekin konparatuta %30 baino gutxiago birziklatzen da.
Gainera, pertsonaren borondatean oinarritzen den sistema bat martxan jartzea, nire ustez, ez da justua, birziklatze prozesua ondo egiten dutenek eta gaizki egiten dutenek ezin dutelako berdin ordaindu. Hemen gauza bat argi geratu behar da Europatik datozkigun araudiak bete ahal izateko (2016rako Birziklatze tasa %60koa izatea) nahi dugun sistema aukera daiteke, baina sistema horrek lortzen ez badu aurretiko helburua emaitza aldatu behar da.
Hortaz, Azkoitiko Udalak esan duen bezala, aukeratutako sistema eta helburuaren lorpena batera joan behar dira, bestela, sistema aldatu behar da. Gaur egun Azkoitia gobernatzen ari den alderdiak bere hauteskunde-programan txukun azaldu zuen gai horretako betebeharrak zeintzuk izango ziren. Beraz, joan den ostiralean DVn, zuzendariari eskutitz sailean, ‘Consulta-tranpa’ izenburua zeraman eskutitzak, nire ustez, ez zuen zentzurik; Bilduri bozka eman ziotenek soberan zekitelako alderdi honek Europatik iristen ziren araudiak bete ahal izateko inoiz ez zuela martxan jarriko bosgarren edukiontzia, errefusarena libre utziz, hots, pertsonaren borondatean oinarritzen zen sistema.