Joxe Manuel Pagoaga, ‘Peixoto’

Barakardo

Garazin ehorzketa baten ondoren 27 urte inguru izango zituen mutila hurbildu zitzaidan, hemengo berri jakin guran.

«Nongoa haiz?».

«De Barakardo», erantzun zidan. Irestuaren abiaduran esan nion: «Hi Jaenekoa haiz».

«Bai ba, hantxe sortu naiz».

Berehala eta beroki zoriondu nuen euskara hain ondo ikastegatik.

«Eskerrik asko, baina zuentzat maketoa naiz».

«Ez, urrundik ere ez, heuk horrela gura baduk guretzat euskalduna haiz. 1968an erabaki genian hona lanera etorri eta bertakotu nahi zutenei dagokienez, laketzen laguntzea zela gure egitekoa. Hori bai, hil arte estremeño edo andaluz izan nahi zutenek eskubide osoa zutela horretarako, baina ikasi beharko zuela atzerritar bezala bizitzen».

«Inguruan ditugun PNBtarrek maketo bezala tratatzen gaitiztek eta haiek ez ditek azaleko indarrik ere egiten euskara ikasteko».

«Badakik, joera txarrek sustraiak sakon eta sendo egiten ditiztek».

Aspaldi honetan euskaldun berrienganako miresmena gotortzen ari zait. Izan ere, ez zekitenek euskara ikasteko egin duten indarretik hamarretik bat egin izan bagenu euskara sakontzeko, Euskaltzaindian izateko maila izango genuke txikitatik euskara dakigunok. Areago, badira euskaldun berri zonbait maila gorenean arrasto ederra utzi dutenak: Txillardegi, Beñat Oiartzabal… Euskara sakontzearen helburu gorena ez da akademia, ez eta ospea. Euskaraz bizi eta inguruan hala bizitzeko gogoa piztea da. Hauxe, premiazkoa.

Esaten didatenez, azken urte hauetan, euskara dakigunok egiten dugun utzikeria handiena gure hizkuntzaren erabilpen murritza omen da. “Omen” hitza kentzen dut, bizi naizen inguruan ere sarri, sarriegi sumatu edo aurkitu dudalako gabezia edo utzikeria, eta lora betean gainera.

Gain gainean ditugun hizkuntza arrotzen eraginez edo, badirudi euskaraz bizitzeak oraindik indar bat eskatzen duela, militante jarrera edo izaera bat. Saiatzeak emango diguna itzela da, neurtezina ere bai. Hitz bakoitzak barnean daraman altxorraz konturatzeak ikuspegi berria eman dit. Poz aparta ere bai.

Hitz arrunt eta bizi-bizirik ditugun hitzak, behar gabe ordezkaritzari utzi behar genioke, aiseria galbidera daraman eskua baita. Ordezkatze bakoitza, aitzurkada bat da hitz ordezkatua lurperatze bidean.

Euskalki eta azpi euskalkiei esker, Xabier Amurizak dionez, 34 hitz ditugu sentipen hau adierazteko: ederto, bikain, itzel, xarmanki… Baina ez, orain «guay» esan behar da. Eta ez da gazteriaren berri egarri asegaitza, urrundik ere ez. Joera makurrak sasiak lez ugaltzen baitira, sasi tzarrentzat ez dago lehorterik ez eta negu bortitzik. Hala nabil orain ere nere igitai zaharra zorroztu guran. Milaka mailegu hitz ditugu, baliteke oraindik gehiago behar izatea, hitz egokiak asmatu eta herrikoitzen ez ditugun bitartean.

Zoriontzen ditut beroki «de Barkardo, de Mondragon, de Tardets…» guztiak. Ongi etorri euskararen mundura.

Buscar