Aritz Sorzabal eta Markel Elortza Exea

Baskonia: batu zaitez... euskarara!

Baskoniaren izena erromatarren garaitik dator, horiek Vasconia deitu baitzioten euskal lurraldeari, eta vascon bertako biztanleei. Lingua navarrorum edo euskara zen lurralde honetan hitz egiten zen hizkuntza, baina gure saskibaloi taldeak izena bakarrik mantendu du, gure hizkuntzarekiko inongo begirunerik erakutsi ez du eta.

Sare sozialetan gaztelaniazko kontu ofizialaren eta euskarazkoaren arteko aldea oso handia da. Horren ageriko, euskarazko kontuak zortzi egun eman dituela ezer idatzi gabe eta azken mezua, gainera, gaizki idatzita.

Egoera honek bide beretik jarraitu du ekainaren 28an ere, Baskoniak eguerdiko 12etan bazkide kanpaina aurkeztu duenean. "Súmate a la rebeldía azulgrana" lelopean, Aitor Apesteguia Marketineko zuzendariak erdara hutsean egin du kanpainaren aurkezpena, eta leloa itzultzeko gai ere ez dira izan.

Bai Euskarari erakundeko zuzendari Rober Gutierrez izan da hau salatzen lehena Twitter bidez, eta beste euskaltzale askok bere salaketa babestu dugu. Honi esker, arratsaldeko seiak izateko hamaika minuturen faltan, Baskoniaren euskarazko kontuak bazkide kanpainako leloa euskaraz argitaratu du, «Batu zaitez errebeldia gorri urdinara» idatziz, «urdinera» idatzi beharrean.

Baskonia eta Alaveseko zale euskaldunak nazkatuta gaude gure hizkuntza behin eta berriro bigarren mailan jartzen dutelako gure hiriko bi talde nagusiek. Horregatik, gure ezinegona aintzat hartzea nahi genuke, euskararekiko aldaketa eman dadin.

Baskoniak, izena ez ezik, izana ere baduela erakusteko garaia da. Izan ere, euskara Baskoniaren izaeraren parte ere bada.

Gora Alaves eta Baskonia euskaldunak!

Buscar