Bat gehiago Bilboko manifestazioan
Ez naiz ni Bilbon izan euskal presoen askatasuna eskatzen, bestelako eragozpenak zirela tarteko, baina han izan diren milaka eta milaka aberkideen bihotz-taupadekin bat egin dut. Eta baita malkoren bat galdu ere. Beraz, parte hartu dutenen kopuruari bat gehiago gehitu beharko zaio.
Itxaropen garaia bizi dugu euskal abertzaleok, atzean arazo latzak utzi eta aurrera begira jarriz askatasunaren eguzkiaren argi-izpiak ikusten ditugulako.
Itxaropentsua naiz, oso. Gure herriak ze nolako aurrerapausoak egiteko gauza den behin eta berriz erakutsi duelako.
Frankismoaren gau ilun eta odoltsu hartatik, euskara berreskuratzeko mugimendua eraiki; gure kultura indartu; gure eskolak sortu; etsaiari aurre egiteko indarrak bildu; etorritakoei eskua luzatu... eta denon artean herri bat osatu. Askatasun nazionalaren eta sozialaren egarria duen herria, alegia.
Baina oraindik ba dugu zereginik. Ez gara aske izango gure horrenbeste herritar preso, gatibu, diren artean.
Gehiegi utzi ditugu bidean eta haien guztien memoria bihotzean dugula, bihoakizue nire besarkadarik beroena Bilbon batu zareten guztioi.