Patxi Aznar Bellido

Beroketa klimatikoa eta errauskailua

Etxearen ondoan inork ez du errauskailurik nahi, hor daude adibidez, Austriako Spittelauko (“Incineración y chimeneas”, X. Mitxelenaren idatzia) edo Zabalgarbiko datuak. Aipatutako azken planta hau ireki zenetik ondoko barazkietan artsenikoaren eta metal astunen kontzentrazioa hirukoiztu egin da; horrez gain, errauskailu honek 300 tona nitrogeno oxidoa, metanoa, eta karbono-monoxidoa, eta osagai organiko lurrunkor ez metanikoak atmosferara isurtzen ditu.

Bestalde, munduko bataz besteko tenperatura etengabe igotzen ari denez, gai honetan gizartearen kezkak handitzen jarraitzen du. Fenomeno honi aurre egitea erakunde desberdinen eskuetan dago. Batzuk arduratsuak dira eta beste batzuk ordea, ez. Adibidez, ardura gutxi daukatenen artean Gipuzkoako Foru Aldundia daukagu, gobernu honek atmosferara CO2ko 273.573 tona isuriko duen errauskailu bat egiten ari delako, hau da, isuritako CO2rengatik Euskal Herriko zazpigarren enpresarik kutsatzaileena. Zoritxarrez, gas honek berotegi-efektua eragiten du. Horren harira eta txantxa dirudi arren, diputazioak, errauskailuaren ondoan, planetako berotze globalari aurre egiteko 800.000 Euro balioko duen zentro bat eraikiko du. Hori gutxi balitz erakunde honek Biodonostiari Buruntzaldeko herritarroi odol analisiak egiteagatik 460.000 euro ordainduko dio.

Diputazioa sortzen ari den hondamendiaren alternatiba oso erraza da, hots, ondo birziklatzen duenak apenas ordaintzea da, horrekin bi urtetan sortutako errefusaren kopurua asko jaitsiko litzateke, hots, gaurko 160.000 tonatatik 55.000 tonatara, horrek diruan suposatzen du 20.000.000 euroren aurrezkia. Halaber, errefus hori isolatuta egongo litzatekeen inerteen depositu batean isuriko litzateke, horrela denbora guztia kontrolpean egoteaz gain, ez luke oztopatuko birziklatze-prozesua.

Idatziari amaiera eman baino lehenago hurrengoa gogorarazi nahi dizuet Change. plataforman https://www.change.org/p/debate-t%C3%A9cnico-sobre-la-incineradora-en-eitb ) EITBn errauskailuari buruzko debate bat bultzatzeko sinadurak jasotzen ari garela. Animo eta aurrera lagunok!

Buscar