Iosu Osa Urzuriaga

Buruhausteak

Urduritasuna. Guztiok sentitzen dugun gorputz dardara independiente eta zuhurra. Loreak negu ilun eta xumean ezkutatzen diren bezala, urduritasuna norbanakoaren barne-barnean ezkutatzen da eta, askotan, ez da batere erraza honen sustraiak errotik ateratzea.

Batzuetan, askotan, gehienetan… buruhauste bat izan daiteke sentimendu honen hazia, eta, arrazoirik ez dagoenean ere, denon bihotza solasean jartzen duela argi geratzen da.

Desioek eta pasioek beren arantza dakarte, baina gutxi batzuk dakite arantza horien artean loretxo txiki bat aurkitzen dela. Berdin da sasi zikin horien estaldura handia izaten bada, izan ere, sasi horien artetik igarotzen den argi-izpi lehun hori nahikoa izaten da lurretik ernetuko den loreari bidea zein den erakusteko. Horri esker jakingo du loreak bide ilun horretan aurrera egiten, izan ere, loreak bere bide zail horretan, argiaren epeltasuna izango du ardatz eta horrek emango dio behar duen esperantza estalitako munduan.

Guztioi gertatu zaigu noizbait buruhauste bat izatea, eta zoritxarrez, ez da inoren gustokoa izaten baina askotan beharrezkoak izaten dira ingurura begiratzeko eta sentimenduak adierazteko.

Arrazoi desberdinengaitik azken egun hauetan ikasi dut urduritasuna izan daitekeela buruhauste eta segurtasun faltaren hazi, eta horiek, denok dakigunez, urduritasuna dakarte. Buruhauste horrekin batera preso aurkitzen diren ideiak ere askatzea komenigarria izaten da guztiontzat; batez ere gaizki dagoenarentzat. Horrekin batera, buruhaustea duenak funtsezkoa du konfiantzazko pertsona bat alboan izatea; lagundu, maitatu eta zainduko duen pertsona leial bat; hori izango baita iluntasunean bidea argituko duena.

Buscar