Edurne Alegria Aierdi | Getaria

Deitoragarria!!

Larunbatean, Hendaian izandako manifestazioan parte hartu ondoren, Euskal Telebistako 2. kateko berriak entzun nituen. Bertan Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria, Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Battitta Salaberri, Hendaiako auzapeza elkarrizketatu zituzten. Hirurak gaztelera batuan mintzatu ziren... Gogora dezadan manifestazioa ikastolaren alde zela, hots, euskararen alde.

Alperrik dugu ‘Euskaraz bizi nahi dut’ aldarrikatzea, ondoren, gure inkontzientean kolonizatuaren sindromea uxatzeko gai ez bagara, euskal medioetan erdal elebakarren itzultzaileak izateari uko egiten ez badiogu. Alperrik dugu euskararen erabilerari buruzko inkestak egitea, euskara, hizkuntza ‘elbarritutzat’ jotzen badugu, erdararen menpetasunari josita balego bezala.

Bidenabar, EITBko zuzendaritza berritzear dagoenez, zera eskatu nahi nieke arduradun berriei: ETBko elkarrizketak, adierazpenak, e.a. euskaraz eta gaztelaniaz jaso beharrean, euskaldunen adierazpenak euskara hutsez jaso ditzaten, eta jardunbide hori etxe horretako araua bilaka dadin.

Buscar