Denborak ez du etenik...
Idazki honen bitartez, lehenengo eta behin, gure esker ona bihotz-bihotzez luzatu nahi dizuegu Ibon Fernandez Iradiren askatasunaren alde hainbat ekitalditan parte hartu duzuen guztioi, burutu diren eta oraindik egin beharko diren mobilizazioak guztiz beharrezkoak baitira Ibonen egoera salatu eta bere kaleratzea lortzeko. Esker oneko gaude, senide eta herritar askoren gertutasuna jaso dugulako. Baita inguru hurbiletik harantzago jo ditugun ateak jo ondoren jaso dugun erantzunarekin ere.
Nahiz irudi batek mila hitz baino gehiago balio, argazki bakar batek ezin izan du, joan den larunbatean bere herrian, Ibonek jaso duen elkartasuna jaso. Kezkatutako aurpegiak poliki irrifartsu bilakatzea lortu zen. Epoitaitaie herriko abesbatzaren ahotsetan entzuterako Porrotxek esku jolasean jarri gintuen, eta ordurako bihotzetik ari ginela konturatuta geunden. Horrek eta konfiantzazko medikuak gaixorik dauden preso larrien inguruan egin zigun hurbileko argazkiarekin, gerturatutako guztien nahia oso garbi sentitu genuen.
Dagoeneko jakingo duzuen bezala, joan zen ostiralean Frantziako epaimahai batek Ibonen zigorraren etena agindu zuen, baina honetarako bi baldintza jarri zituen:
- Aurretik beste epaiketa batean, Iboni ezarri zitzaion Frantzian bizitzeko debekua (zigorra bete ondoren, noski) epaimahairen batek altxatzea. Honek praktikan esan nahi du, gutxi jota, Ibonek epaiketa hori izan arte kartzelan jarraitu beharko duela, eta gero ikusi beharko dela Frantzian bizitzeko debekua altxatzen dioten edo ez.
- Bigarren baldintza, (Frantzian bizitzeko debekua altxaz gero), Pirinio Atlantikoaren departamenduan ezingo lukeela bizi da.
Ibon eta larriki gaixo dauden presoen egoeraren aurrean: gero eta gehiago gara Lasarten kezkatuta gaudenak. Beste herrietan herritarrak elkarren artean gerturatzen ari dira. Saretzen, bidegabekeriei pasatzen utziko ez dien sare sendo bat poliki josten ari diren artean, Lasarten ere ikusi dugu elkartu gaitezkeela presoen giza eskubideen alde. Gaixorik larri dauden presoak osasun eskubidea daukate, zigorra eten eta behar duten tratamendua duintasunez jasotzeko eskubidea daukate. Ibonek orain behar du tratamendua.
Gaixotasunek, tratamendu egokirik gabe okerrera egiten dute. Eta horrelako luzamendu judizialak sufrimendu erantsia suposatzen du Ibonentzat. Horregatik uste dugu gure esku dagoen guztia egin behar dugula luzapen judizial hori ahalik eta laburren izan eta Ibonen aldeko ebazpena izan dadin. Datorren igandean, 20:00etan Okendon (Lasarte-Oria /Gipuzkoa) bilduko gara berriz. Plazara aterako dugu Ibon eta gainontzeko preso gaixo larrien eskaera.