Desoreka
Bidai edo modelito berri moduan azaldu litzazkidakeen gutiziak sufragatzeko nahiarekin, astean birritan etxez etxe andereño gisa moldatzen naiz. Lana pilo bat betetzen nau; pazientziaren izenpean aritzen naiz maiz, noizbehinka kezkak eta bat-bateko ezusteko atzerapen pausuak motxilan, estutxearekin batera, sartu eta etxera daramatzadan arren.
Azterketa eta txangoei aurre hartu die birus ditxosoak; ikastolak beste kokalekuetan harturiko erabakiak baitan hartu eta ateak itxi, klaseak eten, bai eta ikasleak etxean berrogeialdia egitera bidaltzen dituen desio inozoarekin agurtu nau gaurkoan ikasle hauetako batek.
Akzio-erreakzio katearen bat-batekotasunarekin, nahia gaitzetsi diot; desioak inplizituki dakarren esanahi larria azaldu nahiko nioke, baino Madrilera asteburupasa joateko jada antolaturiko bidaiak asmo guztiak blaitu dizkit. Nola aurpegiratu diezaioket 13 urteko nerabezaro bati fikziozko filmetako propioa dirudien egunerokotasun ezezagun berri batean murgiltzeko grina, lotsagabekeri arduragabearekin berezko interesak babesten ditudan bitartean? Batzuk alde eta besteok kontrako argudioak aurkezten ditugun heinean, dantza zoroaren antza hartu duen tentuz jokatzeko norbanakoaren jarrerak benetan garrantzitsua suertatzen deneko ildoa galtzera garamatzala somatzen hasia naiz.
Interes propioak, memeak, histeria kolektiboa eta gaian adituak gareneko mozorroak giltzapean biltzeko deialdiak esku eta, gehienbat, hozkailu hutsarekin arrapatu gaitu.