Marije Manterola Iribar eta Jone Forcada Adarraga, Donostia

Donostia Kulturako ikastaroak, aurten ere herren

Donostia Kulturak (DK) antolatzen dituen ikastaroetan, jende gehiagok ematen du izena gaztelaniaz euskaraz baino. Euskaraz dakien jende asko egon ohi da gaztelaniazko ikastaroetan. Eguna eta ordua izan daitezke arrazoia, baina beste bat dago horien gainetik: euskaldunek badakite euskaraz diren ikastaroak ez direla osatuko.

Bai, euskarazko taldeen gutxieneko kopurua jaitsi egin dute taldea errazago osatu dadin eta hala ere, gaztelaniazko taldeak euskaldunez mukuru beteta egongo dira. Saiatu gara, aurten ere, DKko zuzendariari proposamen berriak eskaintzen egoera hau iraul dezan. Baina aurten ere ez da aldaketarik egingo. Badakigu hainbat erakunde ere ari direla hori irauli nahian, proposamenak egiten. Baina DKri dagokio egoera iraultzea edo bere horretan mantentzea.

DKk aldaketarako erabakirik hartu ez duenez, 2022-2023 ikasturtean ere azken hogei urteetako inertziak bereganatu du hizkuntza hautua: euskarazkoa  hautatuz gero, ikastarorik gabe gelditzeko beldurrak. Dena den, erabakiko balute beharrezkoak diren aldaketak egitea, horien arrakasta lortzeko, ikasleei matrikulatu aurretik jakinarazi beharko litzaieke, kultur etxeetako langileek modu produktiboan jokatuz eta komunikabideen bidez ere informazioa zabalduz, besteak beste.

Orain da garaia datorren ikasturterako aldaketak prestatzen hasteko Donostia Kulturan. Iraul dezagun guztien artean egoera hau.

Buscar